Ekonomia Desorekak eta Zerga Politikaren Bilakaera
Clasificado en Formación y Orientación Laboral
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,34 KB
Lehen Grafikoa: Errenta Banaketaren Joerak
Lehen grafikoak erakusten du hiru zonaldek –munduko eremu eta baldintza ekonomiko desberdinetan egon arren– azken 120 urteetan errenta-banaketaren joera berdintsuak izan dituztela. Grafikoaren lehen zatian, 1920ra arte, desoreka ekonomikoak nabarmenak dira: populazioaren %10 aberatsenak errenta osoaren %40-50 bereganatzen du. Hala ere, Bigarren Mundu Gerra amaitu eta 1980ra arte, egoera orekatuagoa bihurtzen da. Epe honetan, populazioaren %10 aberatsenak errenta guztien %25 inguru metatzen du, eta zenbait kasutan ez da errentaren %35era iristen.
1980tik aurrera, aldaketa nabarmena gertatzen da: pobreen eta aberatsen arteko desberdintasuna handitzen doa, eta gaur egun, zonalde batzuetan, desoreka ekonomikoa XX. mendearen hasieran baino handiagoa da. Horren ondorioz, gero eta proportzio handiagoa metatzen du gizarteko %10 aberatsenak, eta joera horrek jarraituko duela dirudi.
Bigarren Grafikoa: Zerga Marjinalen Bilakaera
Bigarren grafikoak zerga marjinalaren bilakaera azaltzen du. Hasieran, 1914ra arte, zerga hauek oso baxuak dira edo ia existitzen ez dira. Egoera hau XX. mende hasierako desoreka ekonomiko handiarekin bat dator. Lehen Mundu Gerratik Bigarren Mundu Gerra amaierara arte, zerga marjinalak etengabe igotzen dira, gerra garaiko gastuak finantzatzeko beharrak bultzatuta. Salbuespenak ere badaude: 1920ko hamarkadan, "urte zoriontsuen" garaian, zerga jaitsi egiten da, baina 1929ko Burtsaren Kraka eta ondorengo Depresio Handiak zerga igoerak eragiten dituzte berriro.
Bigarren Mundu Gerraren ondoren, zergen beherakada gertatzen da, eta tasa marjinalak %40-50 inguruan ezartzen dira. Egoera hori mantendu egin da gaur egun arte. Hau da, zergen eragina nabarmen murriztu da azken hamarkadetan, eta horrek zerga bidezko birbanaketa txikiagoa ekarri du.
Grafikoen Arteko Erlazioa eta Testuinguru Historikoa
Bi grafikoei erreparatuta, haien arteko erlazioa agerikoa da. Zerga marjinalak baxuak direnean, desoreka ekonomikoa handiagoa izaten da, eta errenta altuko pertsonek edo eliteek aberastasunaren zatirik handiena metatzen dute. Aldiz, zerga marjinal handiek errenta birbanaketa eraginkorragoa ahalbidetzen dute, estatuak diru-sarrera gehiago lortzen baitu gizarte-zerbitzu publikoetarako (osasuna, hezkuntza, garraioa, etab.).
XX. mendearen hasieran, zerga marjinala baxua zenean, desoreka handiak egon ziren. Lehen Mundu Gerra eta Bigarren Mundu Gerraren artean, estatuak behar finantzario handiak izan zituelako, zergen igoera handiak gertatu ziren. Horrek desorekak gutxitu zituen. Hala ere, 1980tik aurrera, politika neoliberalek, zerga marjinalak murriztearekin batera, berriro ere aberastasunaren pilaketa bultzatu dute errenta altuko taldeetan.
Gizartearen desorekak Gerra Hotzaren eta eredu ekonomiko ezberdinen testuinguruan kokatzen dira. Sobietar Batasunaren sistema zentralizatu eta industrializatuaren eragina alde batera utzita, mendebaldeko kapitalismoan Keynesianismoak garrantzi handia izan zuen 1945etik 1980ra. Hala ere, 1980ko hamarkadan, neoliberalismoaren iraultzak egoera aldatu zuen, Ronald Reagan eta Margaret Thatcherren politikek gastu publikoa murriztu eta pribatizazioak sustatu baitzituzten. Horrek desoreka ekonomikoak areagotzea ekarri zuen.
Ondorioak eta Etorkizuneko Erronkak
Azken mendean zerga-politikak eta errenta-banaketak lotura zuzena izan dute. Neoliberalismoaren ondorioz, 1980tik aurrera desoreka ekonomikoak nabarmen handitu dira. Kapitalaren fluxua eta pribatizazioak aberastasuna eliteen esku pilatu dute, eta, grafikoek erakusten dutenez, gaur egungo desorekak XX. mendearen hasierakoak baino handiagoak dira. Bernie Sanders politikari estatubatuarrak dioenez, gaur egun AEBko %10 aberatsenak errenta osoaren %150 bezain beste edo gehiago metatzen du.
Etorkizunari begira, desoreka hauek murrizteko neurri berriak beharko dira. Historian, zerga marjinal progresiboak desorekak gutxitzea lortu zuten bezala, XXI. mendean, propietateen gaineko zerga progresiboak egoera arintzeko aukera bat izan daitezke. Bestela, joera horrek are desoreka handiagoak sortuko ditu.