Ekonomiaren Hirugarren Sektorea: Garraioa, Merkataritza eta Turismoa Espainian eta Europan

Clasificado en Geografía

Escrito el en vasco con un tamaño de 10,32 KB

Ekonomiaren Hirugarren Sektorea: Zerbitzuak, Garraioa, Merkataritza eta Turismoa

1. Ekonomiaren Hirugarren Sektorearen Jarduerak

Ekonomiaren hirugarren sektoreak gizarteari zerbitzuak ematen dizkion jarduerak biltzen ditu. Adibidez, garraioa, komunikazioak, merkataritza, turismoa, osasuna edo hezkuntza.

2. Zerbitzu Pribatuak eta Publikoak

  • Zerbitzu pribatuak: Enpresa pribatuek eskaintzen dituzte, zerbitzua eskatzen dutenek ordaindutako diruaren truke. Xede nagusia etekin ekonomikoa lortzea da.
  • Zerbitzu publikoak: Estatuak edo herri-administrazioek ematen dituzte, zergen bidez bildutako diruarekin ordainduta. Xedea gizarteari ondasunak eskaintzea da.

3. Garraioa, Garraio-sistema, Garraio-baliabideak eta Garraio-azpiegiturak

  • Garraioa: Pertsonak eta salgaiak leku geografiko bi edo gehiagoren artean eramaten dituen jarduera da.
  • Garraio-sistema: Joan-etorrietan erabiltzen den modua da: lurrekoa, itsasokoa edo airekoa.
  • Garraio-baliabideak: Garraiorako erabiltzen diren elementu mugikorrak dira (automobila, autobusak, kamioiak, trenak, itsasontziak edo hegazkinak).
  • Garraio-azpiegiturak: Zirkulaziorako instalazio finkoak dira (errepideak, autobiak, trenbideak, portuak, aireportuak).

4. Garraio-sistema Bakoitzaren Abantailak

  • Errepideko garraioa: Abiapuntutik helmugara zuzenean iristea eta ordutegi-malgutasuna.
  • Trenbideko garraioa: Karga-edukiera, segurtasuna, azkartasuna eta kutsadura txikia (elektrikoa bada).
  • Itsasoko eta ibaiko garraioa: Zama-edukiera handiak eta prezio txikiak.
  • Aireko garraioa: Azkartasuna, segurtasuna eta erliebearen ezaugarriekiko edo lurren eta itsasoen banaketarekiko independentzia.

5. Merkataritza eta Erabiltzen Dituen Baliabideak

Merkataritza ekoizleen eta kontsumitzaileen artean salgaiak eta zerbitzuak hornitzea da, ordainaren truke. Baliabideak: trukea, dirua, billeteak, kreditu-txartelak, txekeak, kanbio-letrak, etab.

6. Merkatu Mota Ezberdinak

  • Merkatu konkretuak: Eskaintzen den salgaia ikusi egin daiteke. Adibidez, handizkako merkatuetan.
  • Merkatu abstraktuak: Salgaia ez da ikusten. Adibide esanguratsuenak balore-burtsa eta salgaien burtsak dira.
  • Bitarteko merkatuak: Eskainitako salgaien zati bat baino ez dago, esaterako, erakustazoketan.

7. Handizkako eta Txikizkako Merkataritza

  • Handizkako merkataritza: Ekoizleei salgaien eta zerbitzuen kopuru handiak erosi eta beste merkatari eta enpresa batzuei saltzen zaizkie. Salgaiak merkatu zentraletan pilatzen dira. Esaterako, Merkabilbao.
  • Txikizkako merkataritza: Kantitate txikiak saltzen zaizkie kontsumitzaileei zuzenean. Hainbat eratako merkataritza-establezimenduetan egiten da (denda txikiak, adibidez).

8. Inportazioak eta Esportazioak

  • Inportazioa: Estatu batek atzerrian erosten dituen produktuak dira.
  • Esportazioa: Estatu batek beste estatu bati saltzen dizkion produktuak dira.

9. Ordainketa-balantza

Ordainketa-balantza estatu batek atzerriarekin urtebetean egindako truke guztiak erregistratzen dituen agiria da. Truke horiek merkantziak, zerbitzuak edo kapitalak izan daitezke.

10. Merkataritza-harreman Babesleak (Protekzionistak) vs. Librekanbistak

  • Merkataritza-harreman babesleak (protekzionismoa): Estatu barruko produktuak atzerriko lehiatik babesten ditu arantzel edo muga-zergen bidez.
  • Librekanbismoa: Lehia bultzatzen duenez, ez du arantzelik edo muga-zergarik onartzen.

11. Nazioarteko Merkataritzan Parte-hartze Erdikoa edo Txikia duten Espazioak

  • Parte-hartze erdikoa: Berregituraketa ekonomikoan murgilduta dauden espazioak (Errusia eta Ekialdeko Europako herrialdeak); garatzeko bidean daudenak (Erdialdeko Amerika eta Hego Amerika); baita Ozeania ere.
  • Parte-hartze txikia: Munduko merkataritzan parte-hartzerik txikiena Afrikako herrialdeena da.

12. Turismoaren Definizioa

Turismoa pertsonen aldi baterako joan-etorria da; iraupenak 24 ordutik gorakoa izan behar du; gehienetan, astialdiko jarduerekin lotuta dago.

13. Inguru Naturalak eta Egonkortasun Politikoak Turismoan duten Eragina

Inguru naturalak eginkizun garrantzitsua dauka turismoan, erliebeak, klimak eta landarediak turismoa erakar dezaketelako. Egonkortasun politikoa duten aldeek turismoa erakartzen dute; arazo edo gatazka politikoak dituztenek, aldiz, murriztu edo galdu egiten dute turismo erakargarritasuna.

14. Finantza-zerbitzuak eta Gizarte-zerbitzuak

  • Finantza-zerbitzuak: Kapitala kudeatzen dute (dirua, kredituak, inbertsioak, dibisen trukeak, etab.).
  • Gizarte-zerbitzuak: Herritarrei ongizatea ematen diete (hezkuntza, osasuna eta kultura sustatuz, adibidez).

15. Definizioei Dagozkien Kontzeptuak

  • Salgaiak erakusten ez dituen merkatu mota: Merkatu abstraktua.
  • Tradiziozko nekazaritza-jarduerekin lotuta dagoen turismo mota: Landa-turismoa.
  • Herri bateko salgaiak eta zerbitzuak beste herri batzuekin trukatzen dituen merkataritza: Kanpo-merkataritza.

16. Europako Itsas Garraio eta Aireportu Garrantzitsuenak

Merkantzien itsas garraioan espezializatutako Europako portu batzuk: Rotterdamekoa, Anbersekoa, Hanburgokoa, Le Havrekoa eta Amsterdamekoa (Atlantikoan); Marsellakoa, Genovakoa, Bartzelonakoa eta Pireokoa (Mediterraneoan).

Europan zirkulaziorik handiena duten aireportuak: Londres, Paris eta Frankfurt.

17. Europar Batasunaren Garraiorako Politikaren Helburuak

Europar Batasunaren garraiorako politikaren helburuak hauek dira:

  • Europan gaindiko sareak sustatzea: kanpoaldeko eskualdeetako azpiegiturak hobetzea.
  • Garraio intermodala sustatzea.
  • Garraioek ingurumenari eragiten diotena murriztea.

18. Turismoaren Garrantzia Europan

Europak turismo asko sortzen du bizi-maila altua duelako; bertara turista asko iristen dira garraio-sare ona, inguru fisiko anitza eta kultura-aberastasun handia dituelako. Gainera, turismoak garrantzi handia du diru-sarrera eta lanpostu asko sortzen dituelako.

19. Europako Turismo Mota Nagusiak eta Turismo Gehien Hartzen duten Estatuak

Turismo motak: Hondartzako turismoa, mendikoa, landa-turismoa, natura-guneetakoa, negozioetakoa.

Turismo gehien hartzen duten estatuak: Frantzia, Espainia eta Italia.

20. Turismoa Europako Integraziorako Elementu gisa

Turismoa Europako integraziorako elementutzat hartzen da, Europar Batasuneko hiritarrek elkar ezagutzea eta euren arteko harremanak estutzea eragiten duelako.

21. Zerbitzuen Hazkundea Espainian

Zerbitzuak hazi egin dira Espainian, honako arrazoi hauengatik:

  • Biztanleriaren bizi-kalitatea hobetu delako.
  • Ongizatearen estatua zabaldu delako.
  • Beste jarduera ekonomiko batzuek gero eta zerbitzu gehiago eskatzen dituztelako.
  • Autonomien estatua ezarrita eta Europar Batasunean sartuta dagoelako (langile gehiago administrazioan).

22. Espainiako Zerbitzuen Sektorearen Datu Estatistikoen Analisia (2004)

2004ko datuen arabera, lanpostuetan ekarpen handiena egin duten zerbitzuak hauek dira: merkataritza eta konponketak, etxe-agentziak eta enpresa-zerbitzuak, eta administrazio publikoa. BPGri dagokionez, garrantzitsuenak etxe-agentziak eta enpresa-zerbitzuak, merkataritza eta konponketak, eta ostalaritza dira.

23. Espainiako Inguru Fisiko Zailak Garraioan duen Eragina

Espainiako inguru fisikoak zailtasunak sortzen dizkio garraioari, erliebea malkartsua baita eta klima-baldintza gogorrak (izotzak, lainoak) ohikoak direlako. Horrek azpiegitura konplexu eta garestiak (tunelak, zubiak) eraikitzea eskatzen du.

24. Espainiako Errepide- eta Trenbide-sare Erradialaren Arrazoiak

Espainiako errepide-sareak forma erradiala du, XVIII. mendeko Borboien politika zentralistaren ondorioz. Sistema horrek lurraldea hiriburutik kontrolatzea ahalbidetzen zuen. Trenbide-sareak, geroago, eredu bera jarraitu zuen. 1960ko hamarkadan, errepide-sarea eraberritu zenean, sistema erradiala mantendu zen, frankismoaren politika zentralista berresteko eta Madril eta periferiako gune demografiko eta ekonomiko nagusien arteko loturak bermatzeko.

25. Denda Txiki Tradizionalen Krisiaren Arrazoiak eta Konponbideak

  • Arrazoi nagusia: Saltoki handien lehia.
  • Konponbideak: Modernizatzeko planak eta merkatarien arteko elkarteak sustatzea.

26. Merkataritza Forma Berriak

Katalogo bidezko erosketa, telesalmenta, etxez etxeko salmenta eta Internet bidezkoa.

27. Espainiako Kanpo Merkataritzako Produktu Garrantzitsuenak (2005)

2005eko datuen arabera, esportazio handienak automobilen sektorekoak, ekipo-ondasunenak eta janarienak dira. Inportazio handienak, berriz, ekipo-ondasunenak, automobilen sektorekoak eta energia-produktuenak dira. Saldo positiboa duten bakarrak janariak eta beste merkantzia batzuk dira. Defizit handienak energia-produktuek eta ekipo-ondasunek dituzte, Espainiaren atzerapen teknologikoaren ondorioz.

28. Espainiako Turismoaren Arazoak eta Konponbideak

Arazoak:

  • Negozioaren zati handia atzerriko agentzia handien esku dago.
  • Turista gehienak behe-erdiko mailakoak dira, eta gastu txikia egiten dute, batez beste.
  • Jarduera handiena udako hilabeteetan pilatzen da.

Konponbideak:

  • Estatuan bertan agentzia handiak sortzea.
  • Kalitatezko turismoaren alde egitea.
  • Beste turismo-modalitate batzuk sustatzea, urtaroekin lotuta ez daudenak.

29. Turismo Iraunkorraren Helburua

Turismo iraunkorraren helburua ekonomiaren eta gizartearen garapena eta ingurumen- eta kultura-balioak zaintzea eta bateratzea da.

Entradas relacionadas: