Ekosistemen Materia eta Energia Fluxuak: Parametro eta Piramide Trofikoak
Clasificado en Inglés
Escrito el en vasco con un tamaño de 5,35 KB
Materia eta Energia Fluxuen Azterketa Ekosistemetan
Parametro Trofiko Nagusiak
-
Biomasa
Ekosistema osoak edo ekosistemako maila trofikoetako organismoek ekoizten duten materia organikoaren kopurua da. Biomasa ekosistemak eguzki-energia metatzeko duen modua da, eta masa-unitateetan neurtzen da; hala ere, masa/azalera (adibidez, g/cm²) eran adierazten da.
-
Produkzioa edo Ekoizpena
Denbora eta azalera jakin batean maila trofiko bakoitzak asimilatutako energia-kopurua da. Unitatea, adibidez, g/m²·egun da.
Ekoizpen Motak
Maila Trofikoaren Arabera
- Lehen mailako ekoizpena: ekoizleek fotosintesian edo kimiosintesian finkatutako energia edo sintetizatutako materia da (biomasa).
- Bigarren mailako ekoizpena: beste maila trofikoek (kontsumitzaileek eta deskonposatzaileek, alegia) asimilatutako energia edo ekoiztutako materia da.
Maila Trofiko Berean
- Ekoizpen gordina: maila trofiko bakoitzak asimilatzen duen energia edo ekoizten duen materia guztia da. Ekoizleen kasuan, fotosintesian sortutakoa izango da, eta kontsumitzaileen kasuan, bereganatzen dutena.
- Ekoizpen garbia: maila bakoitzak asimilatutako energiari bizi-funtzioak betetzeko behar den energia kenduz gero, biomasa moduan pilatzen den energia da. Energia hori da hurrengo maila trofikora igaro daitekeena.
Landareek Eguzkitik heltzen den energiaren zati bat asimilatzen dute fotosintesiari esker; hori da lehen mailako ekoizpen gordina. Horren erdia, gutxi gorabehera, bero moduan galtzen dute arnasketan; beraz, geratzen dena lehen mailako ekoizpen garbia da, eta biomasa gisa agertzen da. Ekoizleen ekoizpen garbiaren zati bat baino ez da hurrengo mailara igarotzen. Izan ere, belarjaleek zati bat ez dute asimilatzen, eta asimilatzen duten guztiari maila honetako bigarren mailako ekoizpen gordina esaten zaio. Aldi berean, asimilatutakoaren zati bat arnasketan erabiltzen da, eta prozesu horretan beroaren zati bat galtzen da. Geratzen dena belarjaleen ekoizpen garbia da. Hurrengo mailetan prozesu bera errepikatzen da. Hainbat azterketaren arabera, honako hau azpimarratu behar da: maila trofiko batean erabilgarri den energiatik, hurrengo maila trofikoak, gutxi gorabehera, % 10 baino ez du finkatzen.
Maila trofiko bateko izakiek bizirik irauteko eta ugaltzeko behar duten energia bereganatu ezin dutenean iristen da aipatutako mugara. Bestalde, kate trofiko batean aurrera egin ahala, populazioen kide-kopurua gutxitu egiten da, gero eta energia gutxiago dutelako eta banako bakoitzak bizitzeko gero eta energia gehiago behar izaten duelako.
-
Produktibitatea edo Berriztatze Tasa
Ekoizpen garbiaren eta biomasaren arteko erlazioa da: ekoizpen garbia / biomasa. Biomasa zenbateko abiaduran berriztatzen den adierazten duen indizea da. Esate baterako, planktonak lehorreko landareek baino gutxiago ekoitzi arren, produktibitate askoz handiagoa du, bere ugaltze-tasa altua denez oso azkar berriztatzen baita. Ingurune baten kolonizazioa hasten denean, produktibitatea oso altua da; kolonizazioak aurrera egin ahala biomasa ere handitu egiten denez, produktibitatea gero eta txikiagoa da, energia gehiena arnasketan erabiltzen baita.
-
Berriztatze Denbora
Ekosistema edo maila trofiko batek bere biomasa berriztatzeko behar duen denbora da; berriztatze-tasaren alderantzizkoa da: biomasa / ekoizpen garbia. Unitateak egunak, urteak, etab. dira. Zenbat eta handiagoa izan berriztatze-tasa, orduan eta laburragoa izango da berriztatze-denbora. Esate baterako, baso batek urteak behar baditu bere biomasa osoa berriztatzeko, fitoplanktonak egun batzuk baino ez ditu behar.
-
Eraginkortasun Ekologikoa
Maila trofiko batean, aurreko mailako ekoizpen garbiaren zer ehuneko bihurtzen den ekoizpen garbi, portzentualetan adierazita: EE = (EG / aurreko maila trofikoaren EG) x 100.
Piramide Trofikoen Irudikapena
Hauek dira ekosistema bateko komunitatearen egitura trofikoa piramide moduan irudikatzeko erabiltzen diren irizpideak: kide-kopurua, biomasa eta energia.
-
Kopuru-piramideak
Maila bakoitzeko kide-kopurua adierazten dutenak dira. Piramide arruntetan, maila trofiko guztietan aurreko mailarekiko kide-kopurua gutxitu egiten da, eta, normalean, kide horien tamaina handitu egiten da. Baina ez da beti horrela gertatzen. Parasito-kate batean, adibidez, tamaina txikituz doa, eta ekosistema lurtar batzuetan ekoizleak izaten dira handienak.
-
Biomasa-piramideak
Maila bakoitzean zenbat materia organiko pilatu den adierazten dutenak dira. Normalean, biomasa lehen maila trofikotik hurrengoetara gutxitzen da. Hori oso arrunta da ekosistema lurtarretan. Beste kasu batzuetan, ordea, piramidea alderantzizkoa izan daiteke. Hala gertatzen da, esate baterako, ekosistema urtarretan. Horietan, fitoplanktona oso denbora gutxi bizi da eta oso azkar berriztatzen da; era horretan, gerta liteke fitoplankton-masa txiki bat nahikoa izatea masa handiagoko zooplanktona elikatzeko.
-
Energia-piramideak
Maila bakoitzean bildutako energia (adibidez, kcal/m³·urte) adierazten dutenak dira. Oro har, % 10aren legea betetzen dute eta ohiko piramideen forma izaten dute.