Energia Elektrikoaren Ekoizpena: Indukzioa eta Zentral Motak
Clasificado en Física
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,97 KB
Indukzio Elektromagnetikoaren Bidezko Korronte Elektrikoen Ekoizpena
Indukzio elektromagnetikoaren bidez, sorgailu elektrikoek energia mekanikoa energia elektriko bihurtzen dute. Sorgailuak korronte elektriko jarraitua sortzen badu, dinamoa deritzo; korronte alternoa sortzen badu, berriz, alternadorea. Alternadorea, berez, iman iraunkorrek sorturiko eremu magnetiko uniforme batean, era mekanikoan, abiadura angeluar konstantean birarazten den espira lau bat da. Indukzio elektromagnetikoaren bidez, alternadoreek energia mekanikoa energia elektriko bihurtzen dute. Indar elektroeragile induzitua era sinusoidalean aldatzen da denborarekin; hots, periodikoa da, eta polaritatea txandakatuz doa. Indar elektroeragilearen maiztasuna eta espiraren higidurarena berdinak dira, eta f=W/2 balio dute. Elektrizitatea gehien kontsumitzen den energia mota da. Zentral elektrikoetan kantitate handitan ekoizten da energia elektrikoa, eta, horretarako, indar eragile bat erabiltzen da sorgailu elektrikora (alternadorera) lotuta doan turbina higiarazteko.
Zentral Elektriko Motak Turbina Higiarazteko Erabiltzen Den Energiaren Arabera
Turbina higiarazteko erabiltzen den energia primarioaren izaeraren arabera, hainbat motatako zentralak daude:
Zentral Hidroelektrikoak
Altuera batetik jaisten den urak higiarazten ditu turbinak. Energia primarioa energia mekanikoa da (uraren energia potentzial grabitatorioa). Ingurumenean ez dute hondakin toxikorik sortzen, eta bertatik lortzen den etekin energetikoa handia da. Urtegi eta aintziren eraikuntzak eragin handia du ekosisteman; izan ere, elementu horiek geldiarazi egiten dituzte ibaiek garraiatutako materia organiko eta inorganikoak, eta aldarazi egiten dituzte paisaiaren fisonomia eta zenbait espezieren habitat naturala.
Zentral Termikoak
Turbinak ur-lurrunaren eraginez higiarazten dira. Ur-lurruna lortzeko behar den beroa material fosilen errekuntzaz lortzen da, hala nola ikatzaren, petrolioaren edo gas naturalaren errekuntzaz (energia kimikoa). Lortzen den etekin energetikoa txikia da, eta hondakin toxikoak sortzen dituzte.
Zentral Nuklearrak
Turbinak ur-lurrunaren eraginez higiarazten dira. Ur-lurruna lortzeko behar den beroa erreaktore batean burutzen den fisio nuklearrez lortzen da (energia nuklearra). Lortzen den etekin energetikoa txikia da. Deusezten edo pilatzen zailak diren hondakin erradioaktiboak sortzen dituzte, eta tenperaturaren igoera handia sorrarazten dute errefrigeraziorako ura hozten den inguruan. Gainera, kutsadura erradioaktiboa sortzeko arriskua dakarte, istripua izanez gero.
Beste Energia-iturri Batzuk Erabiltzen Dituzten Zentralak
Bestelako energia-iturriez baliatzen diren zentralak ere badaude: zentral eolikoak (haizea), eguzki-zentralak, zentral mareomotrizeak (itsas mareak), zentral geotermikoak (Lurraren barneko energia), etab.