Energia eta Garraioa: Garapenaren Gakoak

Clasificado en Geografía

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,14 KB

Energia-iturriak: Bilakaera eta Garrantzia

Energia funtsezkoa da herrialde baten ekonomia-garapenerako eta biztanleriaren ongizaterako. Gizakiak betidanik erabili du energia:

  • Gure lehengo arbasoek beren indarra erabiltzen zuten. Pixkanaka-pixkanaka, sutik, haizetik, uretik eta animalien indarretik energia lortzen ikasi zuten.
  • Duela 200 urte baino gehixeago, industria-iraultzaren garaian, ikatza energia-iturri nagusi bihurtu zen.
  • XIX. mendearen bukaeran, petrolioa, gasa eta elektrizitatea erabiltzen hasi ziren.
  • XX. mendean, energia-iturri berriak sortu dira: energia nuklearra, haize-energia, eguzki-energia...

Gaur egun, energia-iturri nagusiak petrolioa, gas naturala eta elektrizitatea dira.

Energia-kontsumoa eta Garapena

Energia-iturrien kontsumoa eta eskaria askoz ere handiagoa da herrialde garatuetan. Izan ere, herrialde garatuetan, industria-instalazio ugari daude; garraioa bizia da; etxebizitza kopuru handiagoa dago biztanleko; bide publikoak argiztatzen dira, eta etxeen kontsumoa oso handia da (ordenagailuak, hozkailua, berogailua, aire girotua...). Beraz, esan daiteke energia-kontsumoa herrialde baten garapen-mailaren adierazleetako bat dela.

Garraioaren Garrantzia eta Funtzioak

Azken bi mendeetan, garraioa da hedatze handiena izan duen hirugarren sektoreko jarduera, hainbat faktoreren ondorioz: industrializazioa, merkataritzaren eta pertsonen joan-etorrien ugaritzea, eta aurrerapen teknologikoak. Aurrerapen teknologikoei esker, garraioen askatasun, ahalmen eta segurtasun handiagoa, eta kostu txikiagoa lortu da.

Garraioaren Funtsezko Funtzioak

Gaur egun, garraioek funtsezko hiru funtzio betetzen dituzte:

  • Ekonomia-funtzioa: Garraioei esker, produktuak truka daitezke, eta biztanleriak ohiko leku-aldatzeak egin ditzake. Horrez gain, beste jarduera batzuen garapenari laguntzen dio, hala nola industriari, merkataritzari eta turismoari. Egungo ekonomia globalizatuan, ekoizpenaren deslokalizazioaren funtsezko elementua da.
  • Politika-funtzioa: Lurraldea osatzen duten eskualdeen eta eremuen integrazioa errazten baitu.
  • Gizarte-funtzioa: Garraioek giza harremanak egiteko, aisialdia garatzeko eta beste kultura batzuk ezagutzeko aukerak ematen dituzte, besteak beste.

Lehorreko Garraioak: Errepidea eta Trenbidea

Lehorreko garraioetan, errepidez nahiz trenbidez egiten diren joan-etorriak biltzen dira batez ere:

  • Errepideko Garraioa

    Gizakiok joan-etorrietarako gehien erabiltzen dugun garraioa da, bide laburretan batez ere, eta salgaiak leku batetik bestera eramateko garraiobide garrantzitsuenetakoa ere bada.

    Errepideko garraioaren alde on nagusia da malgutasun handia duela. Izan ere, trenbideak ez bezala, ez die ibilbide finkoei nahitaez jarraitu behar. Bestalde, garraio mota horretan izaten dira istripu gehienak, eta trafiko-pilaketak eta kutsadura eragiten ditu.

  • Trenbideko Garraioa

    Pertsonak eramateko erabiltzen da distantzia txikietan (aldiriko trenak) eta ertainetan; eta bolumen eta pisu handiko salgaiak eramateko. Garraio horren abantaila nagusia da bolumen handiko salgaiak garraiatzeko ahalmena duela; eta desabantaila nagusia, trenbideak iristen diren tokietara baino ezin dela heldu.

    XX. mendean, hegazkinarekin lehiatu behar izan zuen, distantzia handietako bidaiarien garraiorako, eta distantzia laburreko eta salgaien errepideko garraiorako. Gaur egun, herrialde garatuetan, trenbideak garai onak bizi ditu, salgaien trafikoaren espezializazioari (hozkailu-bagoiak, edukiontziak, zisternak...) eta abiadura handiko lineen garapenari esker.

Mundu Mailako Garraio-Sareak

Lehorreko garraio-sareak alde handiak ditu mundu mailan. Asiako, Afrikako eta Latinoamerikako herrialde pobreenetan, errepide- eta trenbide-sareak oso urriak dira, gutxi egituratuta daude, eta, oro har, gaizki moldatuta: errepideen %10-20k soilik dute zoladura, eta gehienak egoera txarrean daude, eta trenbide-sarea ez da nahikoa.

Entradas relacionadas: