Enpresa: Antolakundea eta Instituzioa
Clasificado en Otras materias
Escrito el en
vasco con un tamaño de 2,3 KB
1.4. Enpresa antolakunde eta instituzio gisa
Gaur egun, erakunde edo enpresei dagokienez, bi dimentsio edo ikuspuntu nagusi bereizten dira:
a) Enpresa "antolakunde" gisa
Bere ezaugarri nagusiak hauexek dira:
- Elkartuta dauden pertsonen talde bat da.
- Helburu zehatz batzuk lortu nahi dituzte.
- Horretarako, elkarren artean harremanetan jartzen dira.
- Harreman horiek, normalean, luze diraute denboran.
- Posible da, erakundea edo enpresa arazotan jarri gabe, edozein unetan edozein gizabanako beste batengatik ordezkatzea.
Ikuspuntu horrek ez du inplikatzen enpresa batek bere inguruarekin erlazionatu behar duenik. Aitzitik, instituzioaren ezaugarrietako bat, jarraian ikusiko dugunez, horixe da hain zuzen ere: gizartearekin duen harremana.
b) Enpresa "instituzio" gisa
Enpresa instituzio bat da, instituzio guztiek izan behar dituzten ondoko bereizgarri hauek argiro betetzen baititu:
- Gizartearen premia edo beharrizan garrantzitsuak asetzen ditu (funtzionalitate soziala).
- Gizarteak araututako edota onartutako jarrera eta jokamoldeen bidez burutzen du bere eginkizuna (legitimitate soziala).
Esandakoaren arabera, antolakunde gehienak instituzio sozialak lirateke, baina instituzio den-denek ez dituzte antolakundearen ezaugarriak betetzen. Bestalde, antolakunde batzuk ezin dira instituziotzat hartu, beren helburua ez baita gizarteak duen behar bat asetzea, edota murgilduta dagoen gizartearen onespena ez dutelako.
Ildo horretan, argi dago enpresa gure gizarteko instituzio funtsezkoenetakoa dela, berari baitagokio aberastasuna sortzea eta beharrezkoak diren ondasun eta zerbitzuak ekoiztea eta banatzea. Enpresaren garrantzi hori, gainera, handituz joan da historian zehar, hainbesteraino ezen esan baitaiteke gaur egun lan- eta kontsumo-aukerak, eta, ondorioz, gizabanako gehienen biziraupena, garapen pertsonala eta gizartean integratzeko aukera enpresen eskuetan daudela, neurri handi batean.
Gogoeta horietatik ateratzen da enpresak erantzukizun handia duela gizartearen aurrean, eta erantzukizun hori ez dela funtzio ekonomiko bat betetzekoa bakarrik, urrunago doana baizik: enpresaren erantzukizun soziala da planteatzen dena.