Enpresaren Autofinantzaketa: Kontzeptua eta Amortizazioa

Clasificado en Economía

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,1 KB

Autofinantzaketaren kontzeptua eta motak

Barne-finantzaketa enpresak berak sortutako finantza-baliabideek osatzen dute; kanpotik ez datozen finantza-ekarpenak dira. Autofinantzaketa enpresak berak sortutako finantza-baliabideak badira (kapital-ekarpen berriak edo zorren jaulkipen berriak egin gabe), orduan, atxikitako etekinak eta amortizazioaz gain, funtzionalak ez diren eta zaharkituta gelditu diren aktiboen likidaziotik lortutako finantza-baliabideak ere izango dira. Bazkideen ekarpen berrietatik edo zorren gehikuntzetatik ez datozen finantza-baliabideek, enpresak berak sortutakoek, osatzen dute autofinantzaketa.

Hala ere, enpresaren barnean sortutako finantza-baliabideak enpresaren jarduera arruntarekin erlazionatutakoak izan daitezke, edo aldiro sortzen ez direnak eta jarduera arruntarekin zerikusirik ez dutenak. Autofinantzaketaren osagai nagusiak etekinen atxikipena eta amortizazioak dira.

Amortizazioa edo mantentze-autofinantzaketa

Kostuak aztertuz gero, guztiek ez dutela diru-irteerarik suposatzen ikusten da. Batzuek ziklo luzeari lotutako ondasunen berreskurapena suposatzen dute; hauek amortizazioak dira. Amortizazioa ondasun amortizagarrien berreskurapen partziala da, eguna heltzen denean elementu horiek birjartzeko.

Ondasun baten amortizazioa hasten denetik birjartzeko eguna heldu arte denbora jakin bat igarotzen da. Horregatik, enpresak baliabide horiek ondasuna birjartzeko eguna heldu arte behar ez baditu, inbertsio errentagarriak egiteko edo ustiapeneko gastu arruntei aurre egiteko erabil ditzake. Betebeharreko baldintza izango da enpresak, ondasuna birjartzeko eguna heltzen denean, finantza-baliabide nahikoak izatea, baliabide horien jatorria edozein dela ere.

Mantentze-autofinantzaketa amortizazio- eta hornidura-fondoek osatzen dute. Hauek enpresaren kapitala edo ondare garbia osorik mantentzeko hornitzen dira.

Baliogaleraren zergatiak

Hainbat arrazoi daude:

a) Baliogalera teknikoa edo fisikoa

Ekipo-ondasunek denbora igarotzearen eraginez jasaten duten higadura edo narriadura fisikoa eta narriadura funtzionala bereizi behar dira. Baliogalera fisikoa, paradoxikoki, zenbat eta makina gutxiago erabili, orduan eta handiagoa izan daiteke; hau da, erabilera normalak eta mantentze-lan egokiak dira baliogalera fisikoa prebenitzeko modurik onena.

b) Zaharkiduragatiko baliogalera

Sarritan, makina batek balioa galtzearen arrazoi nagusia ez da izaten denbora igarotzeagatik sortutako zahartze fisikoa edo erabileragatik sortutako higadura edo narriadura, baizik eta zaharkidura.

Zaharkidura hainbat arrazoirengatik gerta daiteke:

Zaharkidura teknologikoa

Makina berriak merkatuan daudenak baino lehiakorragoak direnean, lehengoak ekonomikoki bideragarriak ez izatea eragiten dute.

Eskari-aldaketek sortutako zaharkidura

Makina bat eskari-maila jakin baterako egokiena izan daiteke, baina eskari-maila handiago edo txikiagorako kostu handiegiekin ekoizten badu, zaharkituta gera daiteke.

Entradas relacionadas: