Enpresaren Soziologia eta Erakunde Ikuspegi Nagusiak
Clasificado en Magisterio
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,34 KB
Enpresaren Soziologiaren Jaiotza: Giza Harremanen Mugimendua
Marx, Veblen eta Weberren ekarpenak funtsezkoak izan baziren ere, Enpresaren Soziologiaren jaiotza zehatza beste modu batean jazo zela esan genezake. Enpresaren Soziologiaren jaiotza zehatza Giza Harremanen mugimenduaren inguruan kokatzen da, Amerikako Estatu Batuetan, 1930eko hamarkadan.
Mugimendu horren sortzailea Elton Mayo Harvard Unibertsitateko psikologoa izan zen. Mayok enpresa barnean modu informalean edo berezko (espontaneo) batez sortzen eta garatzen diren harreman sozialen garrantzia azpimarratu zuen, harreman horiek langileen errendimenduan duten eragin positibo nahiz negatiboa bistaratuz.
Giza Harremanen mugimenduaren hastapen-garaiko ezaugarri nagusiak honako hauek ziren:
- Enpresa bakartuta edo isolatuta aztertzea, enpresa bera murgilduta dagoen ingurune soziala kontuan hartu gabe.
- Teoria eta metodo psiko-soziologikoak bereziki erabiltzea.
- Lanaren produktibitatea handitzea xedetzat hartzea.
Enpresa eta Erakundeari buruzko Ikuspegi Nagusiak
Enpresa eta erakundeari buruzko teorien artean, lau planteamendu edo eskola nagusi daude. Hauek hurrenkera kronologikoan azalduko ditugu. Azalpenak errazteko, 1.2 taula bat prestatu da, lau eskola nagusi horiek bi ardatz (horizontala eta bertikala) aintzat hartuta irudikatzen dituena.
Ardatz Horizontala: Sistema Itxitik Irekira
Ardatz honek fokapen sistemikoa adierazten du.
Sistema Itxia
Honen arabera, enpresa edo erakundea osotasun itxi bat da, eta barruko aldagaiak baino ez ditu aintzat hartzen eta kudeatzen.
Sistema Irekia
1960ko hamarkadan sortu zen korronte honen arabera, enpresa edo erakundea ingurune baten baitan eta haren mendean dago. Enpresak edo erakundeak etengabean ingurunera egokitu behar du.
Ardatz Bertikala: Fokapen Arrazionaletik Sozialera
Fokapen Arrazionala
Fokapen honek lana arrazionalizatzea bilatzen du, eta enpresaren eraginkortasun teknikoa eta ekonomikoa ditu helburu. Horretarako, arrazoian oinarriturik, lana antolatzeko eredu zehatz, zorrotz, logiko eta formala (mekanikoa) bilatzen du.
Fokapen Soziala
Fokapen honen funtsa gizabanakoen adostasun eta motibazioan datza. Eraginkortasun teknikoa eta ekonomikoa ditu helburu, baina giza faktorea aintzat hartuta.