Erakundeen Soziologiarako Sarrera: Sistemaren Kontzeptua

Clasificado en Ciencias sociales

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,03 KB

1. Gaia: Erakundeen Soziologiarako Sarrera

1.1. Sistemaren Kontzeptua: Enpresa, Sistema Gisa

Sistema: Gure azterketaren gaia edo objektua bere osotasunean hartuko dugu aintzat. Osotasun hori elkarrekin erlazionatuta dauden (elkarren mendekotasuna edo interdependentzia duten) hainbat zatik edo osagaik gorpuzten dute, eta osagai horietako bakoitzak funtzio berezi bat izango du sistema osoaren baitan.

Enpresa, sistema gisa: Enpresa, goian aipatutako “sistema”ren ikusmoldeaz ulertu eta aztertuko dugu. Hots, modu sinplean, esan genezake enpresak sistema bat osatzen duela eta bertan argiro bereiz daitezkeela:

  • Baliabideak edo inputak
  • Prozesua edo eraldaketa fenomenoa
  • Emaitza, produktua edo outputa

Enpresa ingurune baten barruan kokatzen da. Enpresa bakoitzak ingurune bat du: ingurune horrek baliabide edo inputak eskaintzen dizkio, enpresak, eraldaketa prozesuan, erabil ditzan produktu edo outputak sortzeko. Produktu edo output horiek osatzen dute enpresak inguruneari egiten dion ekarpena edo eskaintza. Jakina, enpresaren emaitza horiek enpresa bera ere elikatzen dute, enpresarentzako baliabide propio izan ohi dira, enpresaren biziraupen edo hazkuntzarako lagungarri.

Sistemaren Paradoxa

Sistema batean zenbait elementu edo osagai elkartu eta errealitate konplexuago bat eratzen dute. Osotasun antolatu bat da, eta osagai bakoitza ez dago definitzerik, ez bada besteekin duten harremanaren eta osotasunaren barruan dagokien kokapen edo funtzioaren arabera.

Zertan datza sistemaren paradoxa? Bada, edozein sistema “osotasun” edo “batasun” ideiarekin lotzen dugula, batetik, baina aldi berean elementu ezberdin askoren “aniztasunarekin” edo “ugaritasunarekin” ere lotzen dugula, bestetik. Ezin dugu osotasuna osagaietara murriztu, ezta osagaiak osotasunera hedatu ere. Edozein sistemak bere osagaiak ez ezik, “beste zerbait” ere badauka: bere antolaketa propioa, bere batasun globala, eta antolaketa globalari dagozkion ezaugarri eta berezitasun berriak.

Entradas relacionadas: