Erantzukizun Politikoen Legea: Frankismoaren Errepresioa
Clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 5,29 KB
1. Erantzukizun Politikoen Legearen Sarrera
Lehen mailako testu historikoa da. Testu honek izaera politiko eta juridikoa du. Testuaren gaia Errepublikari fidel mantendu ziren erakundeen kontrako errepresioa da. Legearen zenbait atal agertzen dira: sarrera eta hiru artikulu.
Francoren aldekoek idatzi zuten oraindik Gerra Zibila amaitu gabe zegoenean, 1939ko otsailean. Espainiar guztiei zuzenduta dago berez, baina behin-behinean Francoren pean zegoen lurraldean aplikatu zen. Frankisten hiriburua zen Burgosen idatzi zen, Madril oraindik errepublikari leiala zelako.
2. Legearen Analisia eta Edukia
2.1. Legearen Tonua eta Helburua
Testu osoan etsaiari ohar eta mehatxu izaera nabarmentzen da, garaituak izatean jazarriko dituztela iragarriz eta frankisten kontra ez egiteko ohartaraziz.
2.2. Sarreraren Justifikazioa
Sarreran legearen justifikazioa egiten da: Errepublikari leialak direnei zigorra ezarriko zaiela iragartzen da. Francok zigor hau justifikatzen du, errepublikarrek "matxinada gorria" egin dutela argudiatuz, bai modu aktiboan, bai omisioz.
2.3. Epaiketa Batzordeak
Aipatutako matxinada horretan parte hartu omen dutenak epaitzeko hiru taldeetako partaideak izendatzen dira: Armadakoak, FET y de las JONS-ekoak eta epaileak.
2.4. Legearen 1. Artikulua: Erantzukizunaren Mugak
1. artikuluan zehazten da zein den Francok "matxinada gorri" horren abiapuntutzat hartzen duena: 1934ko urriko ezkertiarren iraultza-saiakera. Hortik aurrerako ardurak eta Estatu Kolpearen une artekoak "garbituko" ditu.
Uztailaren 18ko data horretatik aurrera Mugimendu Nazionalaren kontra egin dutenak ere errepresaliatuen artean sartzen ditu: zuzenean Mugimendu Nazionalaren kontra borrokatuz edo modu pasiboan jardun direnak (hau da, Mugimendura ez gehituz).
2.5. Legearen 2. Artikulua: Ilegalizazioak
2. artikuluan, Errepublikari fidel mantendu diren alderdi, elkarte eta sindikatu guztiak legez kanpo uzten ditu, batez ere Frente Popularrekoak eta alderdi nazionalistak ("separatistak" deituak).
2.6. Legearen 3. Artikulua: Ondasunen Desjabetzea
3. artikulua izaera zehatzagoko artikulua da: Ilegalizatuko dituen elkarteen eskubideak deuseztatu eta ondasun guztiak desjabetuko ditu.
3. Testuinguru Historikoa eta Frankismoaren Ezaugarriak
3.1. Estatu Frankistaren Sorkuntza
Estatu frankista 1936ko uztailaren 18an hiru jeneralek emandako estatu-kolpearen eta ondorengo Gerra Zibilean Francok lortutako garaipenaren ondorioz sortu zen. Lehen unetik, Francok lege errepresiboak eta etorkizuneko estatu totalitarioaren oinarriak ezartzen saiatu zen oinarrizko legeak idatziz (adibidez, 1938ko "Fuero del Trabajo" delakoa).
3.2. Legearen Helburu Politikoa
Francok Erantzukizun Politikoen Lege hau ezarri zuen errepublikako alderdi, sindikatu eta ezkerreko elkarteen kontra jotzeko eta ilegalizatzeko asmoz, alderdi politiko bakarra ezarriz.
3.3. FET y de las JONS: Frankismoaren Oinarri Ideologikoa
Franco bi joera politikoen baturaz aprobetxatu zen, karlistak eta falangistak, alderdi bakarra sortzeko: FET y de las JONS. Karlistengandik tradizioa, erlijioarekiko atxikimendua eta gizarte kontserbadorearen babesa hartu zituen. Falangetik, berriz, ideologia eta sinbologia hartu zituen.
3.4. Frankismoaren Errepresioa: Formak eta Ondorioak
Errepresioa izan zen frankismoaren urteetako ezaugarri garrantzitsua. Ilegalizazio eta desjabetzeez gain, errepublikarrek erbestea, kartzelaratzeak eta exekuzioak jasan behar izan zituzten.
Goi mailako kargu eta ardura zutenek zuzenean pairatu zuten errepresio hori (adibidez, Lluís Companys, Kataluniako Generalitateko presidentea, naziek hartu eta Francori entregatu zioten fusilatzeko). Gehienek, ordea, erbestera alde egitea lortu zuten.
3.5. Errepresioaren Beste Biktima Batzuk
Gainontzeko errepublikarren artean, kartzelan ez zeudenak beren lanbidea galtzera behartuta egon ziren eta, hainbat, deserriratuak izan ziren. Errepresaliatuek askotan derrigortutako lanetan jardun behar izaten zuten.
3.6. Errepresioaren Iraupena eta Bilakaera
Errepresio hau hamarkadetan luzatu zen, eta erakunde ilegalizatuetan parte hartzen saiatzen zirenek ere pairatu zuten frankismoak iraun zuen bitartean. Hala ere, frankismoa finkatu ahala, hainbat erbesteratu itzultzeko aukera legalak zabaldu ziren, eta zenbait preso askatu.
3.7. Frankismoaren Oinarriak eta Nazioarteko Harremanak
Hasiera-hasieratik, frankismoak oligarkiaren, Eliza Katolikoaren eta armadaren babesa jaso zuen. Nahiz eta lehen hamarkadak (erregimen totalitarioen erorketaren ondorioz) autarkia eta krisi-garaiak izan ziren, AEBek aintzatetsi zutenetik (1953), frankismoaren eragina mundura zabaldu zen.
3.8. Ondorioa: Frankismoaren Izaera Errepresiboa
Lege honetan frankismoaren izaera totalitario eta errepresiboa antzematen da. Errepublikarekin zerikusia izan zuen guztia ilegalizatu eta zigortu zen.
Gerra garaian egindako legea denez, etsaiari ohartarazteko balioa izango zuela pentsa daiteke, baina errealitatean, Francok errepresio gogorra aplikatu zuen bere agintearen hasieratik amaiera arte, Mugimendu Nazionalekoa ez zen eta haren kontra egon zitekeen edozein erakunderen aurka.