Eremu Elektrikoa eta Haren Intentsitatea
Clasificado en Física
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,2 KB
Eremu Elektrikoa
Gorputz kargatu batek karga elektrikoa edukitzeagatik bere inguruko espazioan sortzen duen perturbazioari eremu elektrikoa deritzo. Beste karga elektriko bat espazio horretan kokatzean, karga horrek eta eremuak elkarri eragin, eta indar elektrikoa jasaten du.
Intentsitatea
Eremu elektrikoa deskribatzeko, espazioko puntu bakoitzari eremu elektrikoaren intentsitatea esleitu ohi zaio. Espazioko puntu bateko eremu elektrikoaren intentsitatea, E, puntu horretan karga positibo unitatea jarriz gero, azken honek jasango lukeen indarra da. SI sisteman eremu elektrikoaren intentsitatearen unitatea newton zati coulomb (N/C) da.
Q karga puntualak sorturiko eremu elektrikoaren propietateak
Q karga puntualak sorturiko eremu elektrikoak honako propietate hauek ditu:
- Erradiala da eta distantziaren karratuaren arabera txikiagotzen da; beraz, eremu zentrala da.
- Eremuaren noranzkoa Q kargaren zeinuaren araberakoa da. Karga negatiboa bada, eremu elektrikoa kargaranzkoa da; positiboa bada, kargatik urruntzeko noranzkoa du.
Eremu elektrikoaren intentsitatea E den puntuan kokaturiko q kargak jasaten duen indar elektrikoa hauxe da: F = qE
Eremu elektrikoaren adierazpen grafikoa
Eremu elektrikoa eskematikoki adieraz daiteke espazioko eskualde batean, eremu-lerroak eta gainazal ekipotentzialak erabiliz.
Eremu-lerroak
Baldintza hauek betetzeko moduan marrazten dira:
- Espazioko puntu bakoitzean eremu elektrikoaren intentsitate bektorea eremu-lerroen ukitzailea da, eta biek dute noranzko berbera.
- Eremu-lerroen dentsitatea -hau da, azalera unitateko lerroekiko perpendikularki jarritako gainazala zeharkatzen duten lerroen kopurua- eremu elektrikoaren moduluaren proportzionala da. Hots, eremu-lerroak zenbat eta estuago jarrita egon, eremu elektrikoa hainbat eta bortitzagoa da.
Eremu-lerroak beti sortzen dira karga positiboetan (izan ere, handik irteten dira); eta karga negatiboetan bukatzen dira. Hona hemen zenbait karga-banaketari dagozkien eremu-lerroak marraztuta.