Errenazimentua eta Barrokoa: Artearen Ezaugarri eta Obra Nagusiak
Clasificado en Arte y Humanidades
Escrito el en vasco con un tamaño de 9,23 KB
Errenazimentua
Aro Modernoaren hasieran mundu klasikoaren kulturara itzultzeko izan zen kultur fenomenoa dugu. Erdi Aroko teozentrismotik antropozentrismo berrira (gizakia zentroan) igaro zen.
Italiako Errenazimentuan, lau une desberdin nabarmentzen dira:
Trecento (XIV. mendea): Erdi Aroa eta Aro Modernoaren arteko trantsizioa. Europako Gotiko aldiarekin bat egiten du.
Quattrocento (XV. mendea): Gune nagusia, Medicitarren Florentzia. Medicitarrak mezenas handiak zirenez, filosofo eta artistak biltzen zituzten.
Cinquecento: Erromak hartu zion txanda Florentziari. Julio II.a eta Leon X.a aita santuak, orduko mezenasak. Errenazimentuak goi-maila orduan lortu zuen.
Manierismoa: Aristokrazia findu eta jakintsuaren zerbitzuetara zegoen arte intelektuala. Gai mitologiko ugari. Irudi luzatuak. Konposizio ezegonkorrak. Ekintza oso aztertuak. Barrokoa izan zuen ondoren.
Errenazimentuko Arkitektura: Ezaugarri Orokorrak
Arkitekturako elementu klasikoak erabili zituzten, harmonia bilatuz. Eraikinak kalkulu matematikoaren ondorio izan behar du, guztiaren gainetik.
Materiala: harri landua eta batzuetan marmolez estalia.
Oinplanoak: oinplano zentralak erabiltzen zituzten (karratu, zirkular edo gurutze grekoaren forma), neurrietan beti proportzio matematikoa bilatuz.
Euskarriak: ordena klasikoetako zutabeak (doriarra, joniarra, korintoarra, toskanarra edo konposatua).
Estalkiak: erdi-puntuko arkua, kasetezko kanoi-ganga eta petxina gaineko kupula.
Fatxadak: garapen horizontala, gotikoek bertikala bazuten ere. Kuxinduraz dekoratuak.
Dekorazio-elementuak: gruteskoak (munstro-irudi dekoratiboak), girlandak eta kupido txikiak.
Eginkizuna: arkitektura zibilak garrantzi handiagoa hartu zuen; jauregi, unibertsitate edo ospitalen eraikuntzak elizenak bezain garrantzitsu bihurtu ziren.
Arkitekto eta Obra Nagusiak
Quattrocento
- Brunelleschi (San Lorentzo Basilika, Santa Maria del Fiore katedraleko kupula).
- Alberti (Rucellai Jauregia, Santa Maria Novellaren fatxada).
Cinquecento
- Bramante (San Pietro in Montorio Erroman (tenpletea)).
Manierismoa
- Michelangelo (San Pedro basilikako kupula eta oinplanoaren egitasmoa).
- Palladio (Villa Capra edo La Rotonda).
Errenazimentuko Eskultura: Ezaugarri Orokorrak
Eskulturan sentimendu klasikoa Italian azaldu zen Gotiko garaian (XIV. mendean) Pisano familiaren eskutik.
Materialak: Italian batez ere marmola eta brontzea. Espainian, zur polikromatua.
Gaiak: tradizio klasikoko eta bibliako gaiak konbinatzen dira. Eredu erabilienetakoa Dabid izan zen. Efebo klasiko gisa azaltzen da, Bibliako heroi baten irudiarekin. Gorputz biluziak (edertasunaren adierazgarri nagusiak), zaldizko estatuak eta busto-erretratuak ugariak ziren.
Konposizioa: Quattrocentoan eta Cinquecentoan, eskulturek jarrera lasaia erakusten dute; konposizio zentripetu eta simetrikoak erabili zituzten. Estetika manieristak, ordea, konposizio zentrifugo eta bihurrietara jo zuen, giza sentimendu sakonak erakutsiz.
Modelatua: normalean modelatu fina, oso leundua erabili zuten, lortu nahi zuten perfekzioaren adierazgarri. Michelangeloren non finito delakoa aipatu beharra dago, gero izan zuen garrantziagatik.
Gizarte-betekizuna: Elizaren eta printze-mezenasen premiei erantzuten zieten.
Eskultore eta Obra Nagusiak
Quattrocento
- Ghiberti (Florentziako Baptisterioko ateak).
- Donatello (David, Gattamelataren zaldizko estatua).
Cinquecento
- Michelangelo (Pietatea, David, Moises).
Manierismoa
- Sabinen Bahiketa.
Errenazimentuko Pintura: Ezaugarri Orokorrak
Erdi Aroko sinbolismo erlijiosotik irudikapen naturalista idealizatura pasatu ziren. Ekarpen nagusia hirugarren dimentsioa izan zen: sakonera edo bolumena perspektiba edo eskortzoaren bidez ezartzea.
Materialak: fresko-pintura; XV. mendeaz gero, Flandestik olio-pintura hedatu zen.
Teknika: perspektiba sistematikoki erabili zuten, mihisera espazioa sartu nahian. Piramide optikoa erakusten da, lerro hurbilkor-urrunkor guztiak ihes-puntu edo piramide optikoaren erpinean biltzen direlarik. Era berean, eskortzoa erabili zuten pertsonaiak bolumenaz adierazteko, eta koloreak tonalitatez betetzen ziren, argiak objektu edo pertsonaietan eragiten zituen bariazioak irudikatzeko.
Gaiak: erlijiosoak, mitologikoak, garaiko gertaerak. Giza irudiaren irudikapena beti dago presente.
Konposizioa: orekatua, simetrikoa, masak ardatz baten inguruan banatuta. Ardatza zentroan dagoen ihes-puntua da.
Margolari eta Obra Nagusiak
Quattrocento
- Piero della Francesca (Kristoren Zigortzea).
- Masaccio (Zergaren Ordainketa, Hirutasuna).
- Mantegna (Kristo Hila).
- Botticelli (Udaberria, Veneren Jaiotza).
- Fra Angelico (Deikundea).
Cinquecento
- Leonardo da Vinci (La Gioconda edo Mona Lisa, Azken Afaria, Arroketako Ama Birjina).
- Michelangelo (Kapera Sixtinako ganga, Azken Judizioa).
- Tiziano (Urbinoko Venusa).
- Tintoretto (Oin-garbiketa, Felipe II.aren erretratua).
Barrokoa
Arkitektura Barrokoa: Ezaugarri Orokorrak
Lerro kurbatuak, dekorazio-oparotasunak eraikuntza-elementuak ezkutatzen ditu.
Oinplano motak: Jesuiten elizetako ohiko oinplanoa, oinplano eliptikoak eta lerro nahasikoak, beste batzuen artean.
Salomondar zutabea eta zutabe konposatua ziren euskarri erabilienak.
Estalkiak: Mota desberdinetako arku konplexuak; frontoi zatituak, lerro kurbatu eta zuzenak nahastuz; kupula eliptikoak; perspektiba efektudun gangak, zeru handi edo arkitektura handiko ilusio faltsuak sortzeko, etab.
Fatxadak: Mugimenduz betetakoak, dinamismoa indartzen duten alderdi ahur eta ganbilez.
Dekorazio-elementuak: landareak, nitxoetako eskulturak, erlaitz oso irtenak, eraikuntzaren egitura ezkutatzen duten moldurak, etab.
Hirigintza: Barrokoan hiri-kontzeptuaren garapen handia, perspektiba handiz diseinatutako plaza handiak eta iturri zein irudi mitologikoz jositako lorategiak eginez.
Arkitekto eta Obra Nagusiak
- Maderno eta Bernini (Vatikanoko San Petriko fatxada eta zutabedia).
- Barroko frantsesean, Versaillesko Jauregia.
Eskultura Barrokoa: Ezaugarri Orokorrak
Irudiak zerbaitetan dihardutela ikusten da, jarreran eta keinuetan irudi teatralak erakutsiz, sentimenduak adierazkortasun handiz azaleratuz. Errenazimenduan lasaitasun arrazionala zegoen bitartean, Barrokoan grina-ekintzak nagusitu ziren.
Materialak: Kolore desberdinetako marmolak, kalitate desberdinak irudikatzeko. Polikromia eta brontzea ere erabili zituzten.
Gaiak: Santuen bizitzak ugariak ziren, erlijio-ereduak herriarengana hurbiltzeko. Hilobi-monumentuak ere, heriotza presente zutelarik. Plaza eta lorategien garapenarekin batera, eskultura mitologikoa ere garatu zen.
Konposizioa: Irudia mugitzen edo zerbaitetan ari dela azaltzen da, batzuetan gurutze formako lerro diagonal handien inguruan antolatuta egoten dira.
Modelatua: Objektuen kalitatea sentsazio desberdinak sortuz bilatu zuten: ilea, azkazalak, larruazala, etab. landu zituzten.
Gizarte-betekizuna: Eliza eta Monarkia absolutuak goraipatu eta herriaren debozioa areagotzea.
Eskultore eta Obra Nagusiak
- Bernini (Italiar eskultura).
- Gregorio Fernández (Espainiar irudigintza: Pietatea, Kristo Etzana).
Pintura Barrokoa: Ezaugarri Orokorrak
Joera Nagusiak
Tenebrismoa eta Naturalismo Errealista
Gaiak: Errealitate gordinena azpimarratzea (eguneroko bizitza, santuak herritarrak direneko erlijio-koadroak, eskale edo pikaroak, bodegoiak, etab.).
Tenebrismoa: Hondo ilunean dauden pertsonaiak argi bortitzaz (antzokiko fokuaren antzekoaz) nabarmentzean datza. Objektuak eta keinuak lehen planora ekartzen dira. Pinturako joera honek paisaiari ez dio baliorik ematen, baina bodegoiari garrantzi handia ematen dio.
Pintura Holandarra
Gaiak: Erretratua, barne-pinturak, paisaia, itsasoko gaiak, bodegoiak, etab., burgesen etxeak dekoratzeko.
Pintatzeko teknika: Argia eta kolorea aztertzea, koloretan paleta aberatsa eta tenebrismoarekin hausten duen urre-koloreko argia erabiliz.
Margolari eta Obra Nagusiak
- Caravaggio (Ama Birjinaren Heriotza).
- Rubens (Hiru Graziak).
- Rembrandt (Gaueko Errondea).
- Velázquez (Atsoa Arrautzak Frijitzen, Inozentzio X.aren Erretratua, Meninak, Bredako Errendizioa, Ispiluko Venusa).