Errestaurazioko Hauteskunde Sistema eta Krisia: Jauntxokeria
Clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,97 KB
Errestaurazioko Hauteskunde Sistema: Funtzionamendua eta Iruzurra
Gobernazio Ministerioak, estatuaren egitura zentralizatua baliatuz, lauki-sare bat osatzen zuen, eta bertan idazten zen barruti bakoitzean aterako zen parlamentariaren izena.
Jauntxokeria eta Hauteskunde Iruzurraren Mekanismoak
Probintziako gobernadore zibilek alkateei jarraibideak ematen zizkieten, eta jauntxoek laguntzen zieten alkateei. Kontuan hartu behar da jauntxoak eragin handiko pertsonak zirela bizi ziren eskualdean, eta era askotako mesedeak jasotzen zituztela politikariei eskainitako laguntzaren truke: soldadutzatik libratzea, udal lanpostuak eskuratzea, zerga-onurak…
Ohikoa izan ohi zen bai hautagaiak aukeratzeko aktak manipulatzea, bai aktak faltsutzea, bai botoak erostea, bai indarra erabiltzea hautesleak estutzeko.
Sistema honen irismena: Hiria vs. Landa Eremua
Sistema horrek nekazari-eremu atzeratuetan izan zuen indarrik handiena. Jauntxoek, ordea, ezin izaten zituzten hirietako biztanleak menderatu. Horrexegatik deitzen zitzaien hiriko botoei benetako botoak. Askotan oposizioaren aldekoak izaten ziren boto horiek, nahiz eta oposizioko alderdiek inolako aukerarik eduki ez. Ezin da ahaztu parlamentuko aulkiak kontserbadoreen eta liberalen artean banatu ohi zirela.
Errestaurazioaren Krisia eta Amaiera: Arrazoiak eta Gertaerak
Sistema Iraunkortasunaren Arrazoiak eta Aldaketak
Erregimen moderatu horrek urte batzuetan iraun zuen, arrazoi bat baino gehiago zirela eta: atzerapen ekonomikoa, nekazariek lur-jabeekin zeukaten menpekotasun-harremana, analfabetismoa, herriaren interes falta hauteskundeekin... Baldintza horiek aldatuz joan ziren heinean, gero eta zailagoa izan zen iruzurrean oinarritutako sistema hori eustea. Sistemak izan zezakeen zentzurik Errestaurazioaren lehen urteetan, egitura sendotu arte eta egonkortasun politikoa bermatu arte. Hala ere, ezin zen betiko izan. Ekonomiaren hazkuntzari esker, analfabetismoa desagertu zen, eta gizartea garatu. Oposizioa gero eta handiagoa zen, eta herritarrek ez zuten onartu nahi iruzur gehiagorik. Hala, alderdiak (batik bat Alderdi Liberala) saiatu ziren jauntxokeriarekin eta iruzurrarekin bukatzen XX. mendearen hasieran, baina porrot egin zuten: interes-sare korapilatsuegia zegoen. Ezintasun horrek ekarri zuen, hain zuzen ere, Errestaurazioaren krisia eta desagerpena.
1898ko Krisialdia: Lehen Adierazleak eta Ondorioak
Adierazi behar da, halaber, krisiaren lehen adierazleak agertu zirela XIX. mendearen bukaeran Espainiako estatuan. Gogoan eduki behar da 1898ko krisialdia erabakigarria izan zela: izan ere, astindu ederra eragin zuten bai inperioaren azken aztarnak galdu izanak (Kuba eta Puerto Rico galdu ziren, azken koloniak), bai Kubako gerraren porrotak, bai 50.000 soldadu galdu izanak. Ezkortasun giroa nagusitu zen Espainian. Dena den, aldi berean, sentimendu eraberritzailea ere piztu zen politikarien eta intelektualen artean.