Erretikulu Endoplasmatikoa: Zimurtsua eta Leuna
Clasificado en Biología
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,63 KB
Erretikulu Endoplasmatiko Zimurtsua (EEZ)
Organulu hori mintz batez eta barneko barrunbe batez osatuta dago; barrunbean zisternak eta tubulu lautuak daude, askotan elkarri loturik. Mintza entzimetan oso aberatsa da. Mintzaren kanpoaldean, erribosoma itsatsiak daude, eta horiek ematen diote itxura zimurtsua.
Erretikulu endoplasmatiko zimurtsuaren mintzek mintz nuklearrean jarraitzen dute; mintz nuklearra nukleoa biltzen duten erretikulu sakuluen multzoa dela esan daiteke.
Funtzio Nagusiak
Funtzio nagusia gainazaleko erribosomek sintetizatutako proteinak gordetzea eta garraiatzea da. Proteina horien artean, jariaketa proteinak, lisosomen berezko proteinak eta mintz zelularren proteina integralak nabarmentzen dira. Beste funtzio nagusietako bat proteinen glikosilazioa da; hau da, oligosakarido bat eta proteina bat elkartzea.
Katearen lehen aminoazidoei esker igarotzen da erribosomek sintetizatutako proteina erretikulu zimurtsuaren barrunbera. Aminoazido horiek seinale sekuentzia izenekoa osatzen dute. Seinale sekuentziak erretikuluaren mintza zeharkatu eta gainerako proteina eramaten du. Hortik, mintz leuneko besikula txikien bidez igaro daiteke Golgi aparatura, eta hortik, beste organulu batera jariatu edo bidaliko dute.
Erretikulu hori zelula guztietan dago, eta asko garatu da proteinen eta glikoproteinen sintesian espezializatu diren zeluletan.
Erretikulu Endoplasmatiko Leuna (EEL)
Elkarri loturiko tubuluen eta besikulen labirinto bat da, baina ez dago erribosomarik mintzen kanpoaldean. Zenbait zelula motak ez dute horrelako erretikulurik izaten, baina oso ugaria da lipidoen metabolismoan espezializatutako zeluletan, desintoxikazio prozesuetan espezializatutakoetan eta muskulu zeluletan (sare konplexua eratzen du). Zenbaitetan, erretikulu zimurtsuaren eta erretikulu leunaren elementuen arteko konexioak daude eta hainbat funtzio betetzen ditu:
- Gibelean, glukogenoaren sintesiarekin loturik dago, eta parte hartzen du zenbait substantzia toxikoren desintoxikazio prozesuetan.
- Proteinen alde lipidikoa sintetizatzen du, eta ondoren, proteina horiek jariatu egiten dira. Esteroideak sintetizatzen dituzten zeluletan, lipidoen sintesian eta garraioan parte hartzen du.
- Hestean, digestioaren ondoren zelulek xurgatzen dituzten triglizeridoen bersintesian eta prestaketan hartzen du parte.
- Muskulu zuntz ildaskatuetan, erretikulu leuna asko garatzen da, eta bertan kokatzen da Ca++ ponpa, funtsezko elementua muskuluak ondo funtzionatzeko.