Erretorika, Oratoria eta Elkarrizketa Sokratikoa: Filosofia Klasikoa
Clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
vasco con un tamaño de 4,43 KB
Erretorika eta Oratoria: Sofisten eta Sokratesen Ikuspegiak
Erretorika eta oratoria Antzinako Greziatik gaur egunera arte iraun duten kontzeptuak dira. Esate baterako, politikaren arloan oso presente daude, alderdi politiko bakoitzak herritarrak konbentzitu behar baititu beraiei botoa emateko. Hala ere, nahiz eta oso baliatuak izan, haien erabilera asko eztabaidatu izan da, eta galdera sortu da ea denok jakin beharko genukeen gaitasun bat ote den.
Sofisten Ikuspegia: Erlatibismoa
Alde batetik, sofisten ikuspegia dugu. Hauek erlatibismo moral eta epistemologikoaren aldekoak ziren; hau da, ez dago egia absolutu edo unibertsalik, iritzi desberdinak baizik. Horren adibide, garai edo kultura bakoitzaren arabera aldatzen diren sinesmenak aipatzen zituzten. Sofistak erretorika eta oratoriaren alde zeuden, izan ere, bakoitzak bere ideiak defendatu eta besteei konbentzitzeko gaitasuna izatea beharrezkoa zela uste zuten.
Sokratesen Pentsamendua: Unibertsalismoa
Beste alde batetik, Sokratesen pentsamendua dugu. Honek unibertsalismo moral eta epistemologikoa defendatzen zuen; bere ustez, badaude egia objektibo eta orokorrak, inork ukatu ezin dituenak eta kultura edo garai guztietan aplikagarriak direnak. Sokratesen arabera, jakinduria gure baitan dago jaiotzetik. Adibide gisa, grabitatea bezalako kontzeptuak aipatzen zituen. Sokrates erretorika eta oratoriaren aurka agertu zen, bere ustez filosofoaren eginkizuna egia bilatzen laguntzea baitzen, ez besteei irabaztea. Sofisten metodoek ez zuten benetako hausnarketa sustatzen, eta gainera, erabilera okerra izan zezaketen; adibidez, norbaitek bere ekintza txarrak justifikatzeko.
Ondorioa eta Oreka Bilatzea
Amaitzeko, nire ustez oso garrantzitsua da erretorika eta oratoria menperatzea, gure ideiak defendatzeko ezinbesteko tresnak baitira. Hala ere, uste dut edozer komunikatu edo defendatu aurretik hausnarketa sakon bat egitea beharrezkoa dela, defendatzen duguna egiazkoa dela eta gure helburuak argi ditugula ziurtatzeko. Horren bidez, oreka bat lor daiteke sofisten eta Sokratesen ideien artean.
Elkarrizketa Sokratikoa eta Maieutika
Gauza berriak ikasterako orduan, nahiko itxiak gara gehienok. Gure ezagutzak egia absolutu edo dogma bezala hartzen ditugu, eta ez gaude ideia berriak entzuteko prest. Antzinako Grezian, Sokratesek ere gai honen inguruan hausnartu zuen, eta, soluzio bat bilatzearren, metodo sokratikoa proposatu zuen.
Metodo Sokratikoaren Urratsak
Sokratesen ustez, egia pertsona bakoitzak bere barnean duen zerbait da, baina beti ez da erraza bertara iristea. Horregatik, elkarrizketa sokratikoaren bidez, Atenaseko herritarrei barrutik egia ateratzea zuen helburu. Honetarako, bi pausu eman behar ziren:
- Ironia: Ikasleak ezer ez dakiela onartu behar du. Hala, bere ezagutzak zalantzan jarriko ditu eta informazio berria eskuratzera irekia egongo da. Hori dela eta, hemendik dator Sokratesen esaldi famatua: "Ezer ez dakidala bakarrik dakit".
- Maieutika: Galdera egokiak eginez ikasleari egia ateratzea.
Metodo honen bitartez, Sokratesen ustez behintzat, gure aurreiritziak atzean utzi eta barruan daukagun egia unibertsala ateratzea lortu dezakegu.
Kritika: Erlatibismoaren Defentsa
Bestalde, ordea, nahiz eta ironiak pentsamolde irekiago bat izaten lagundu, zure jakintzari uko egitera behartzen zaitu. Era honetara, zure ikuspuntua alde batera uztera behartuta zaude, eta denontzat berdina den egia bat sinestarazten dizute. Sofistek ziotenez, ez da egia unibertsal bat existitzen, bakoitzak bere pertzepzioa baitu gai beraren inguruan; hau da, erlatibismo moral eta epistemologikoa defendatzen zuten.
Ondorioz, zergatik uko egin gure aurreiritziei? Hori izan daiteke gure egia, eta ez du esan nahi okerra denik.
Ondorioa: Pentsamolde Irekia eta Egia Propioa
Ondorioz, ni pertsonalki ados nago aurretik lortutako ezagutzak egia absolututzat ez hartzearekin, gauza berriak ikasi ahal izateko pentsamolde ireki bat izatea oso garrantzitsua iruditzen zait. Hala ere, ez dut uste bakoitzaren barnean egia unibertsal bat dagoenik, bakoitzaren ikuspuntua ezberdina izan litekeelako. Beraz, nire ustez, informazio berria jasotzera eta gure jakintzak zalantzan jartzera irekita egon beharko ginateke, eta, hala, gure egia propioak sortu.