Erromantizismoa: Korronte Artistikoaren Ezaugarriak eta Pintura
Clasificado en Arte y Humanidades
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,28 KB
Erromantizismoa
Sarrera
Erromantizismoa 1830-1850 urteen artean garatzen den korronte artistikoa da. Mugimendu honen sorreran kontuan hartu behar dira XIX. mendeko alemaniar pentsalarien ekarpenak eta, klasikotasun latinoaren alternatiba gisa, tradizio kultural germanikoa berpizteko interesa.
Korronte ideologiko honen baitan kultura klasizistarekin kontrajartzen diren elementuak agertzen dira:
- Arrazoiaren nagusitasunaren aurrean, sentimendu indibidualak.
- Barruko ni-ari, eta, beraz, gizabanakoari emandako lehentasuna.
- Inperioaren ideiaren aurrean, nazioarena.
- Estatu idealaren aurrean, entitate kulturalak, linguistikoak eta geografikoak.
Erromantizismo plastikoa sortzerakoan, Ingalaterran gotikoa birbaloratzen hasi zen eta Alemanian, arkitektura gotikoari buruz, Goethek idatzitakoak azaltzen dira joera artistiko berri gisa.
Pintura Erromantikoa
Genero plastiko guztien artean, pintura izan zen erromantikoen gogokoena, bakoitzaren sentimenduak adierazteko eta, horien bitartez, natura ikusteko egokiena baitzen. Eskulturak eta arkitekturak izpiritu erromantikoaren bigarren mailako elementuak baino ezin zituzten adierazi.
Ezaugarriak
Pintura erromantikoak baztertu egin zituen konbentzionalismo neoklasikoak. Artistaren nia kanporatzea zen garrantzitsuena, horren ordez ikusleari emozioa edo sentimendua helarazteko.
Horregatik, nahiago izan zuten kolorearen sentiberatasuna, emozioa eta ahalmen iradokitzailea, lerroaren eta marrazkiaren arrazoizko balioak baino. Horrela, kendu egin zizkieten formei neoklasizismoak zehaztutako mugak. Kolorearen bitartez, orban itxurako argi dardarkariak eta konposizio dinamikoak egin zituzten; irudiak keinu dramatikoak eta aztoratuak zituzten, neoklasizismoko irudi geldien ondoan.
Gaiak
Gaiari dagokionez, paisaia irudikatzeko zaletasun handia zuten eta, horren bitartez ere, artista erromantikoak bere nia kanporatzen zuen, bizi zuen gogo-aldartea pintura-lanean adieraziz. Paisaiaz gain, gai exotikoak, fantastikoak eta erlijiosoak izan zituzten gogokoenak. Iraultza politikoak eta naturaren hondamendiak bezalako gaiek ere sentiberatasun eta mundu berri bat eraikitzeko balio izan zuten.