Errusiako Iraultza eta Sobietar Batasunaren Sorkuntza
Clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 10,14 KB
Gatazka Politikoa Errusian
Errusiaren modernizazioa motela izan zen, baina etengabea. XIX. mendetik aurrera, oposizio-guneak sortu ziren, eta pertsona batzuk Errusiako sistema politikoa zaharkituta zegoela kritikatzen hasi ziren. Talde garrantzitsu bat "intelligentsia" izan zen, hau da, herrialdea aldatu nahi zuten intelektualak. Errusia atzeratuta zegoela kritikatzen zuten eta Mendebaldeko Europatik zetozen ideia modernoak defendatzen zituzten, hala nola askatasuna, demokrazia edo hezkuntza.
XX. mendean, bi tentsio nagusi areagotu ziren:
- Tradizionalistak: Gauzak zeuden bezala mantendu nahi zituztenak.
- Kritikoak: Aldaketak nahi zituztenak.
Politikan hainbat alderdi sortu ziren:
Alderdi Konstituzional Demokratikoa
Hirietako klase ertainek babesten zuten. Monarkia parlamentarioa nahi zuten, Europako beste herrialde batzuetan bezala (hau da, errege bat, baina boterea zuen parlamentu batekin).
Alderdi Sozialista Iraultzailea
Nekazariek babesten zuten, lan egiten zuten lurraren jabe izan nahi baitzuten.
Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrata
Fabrika eta intelektual erradikaletako langileek osatzen zuten. Marxismoaren ideiei jarraituz iraultza bat egin nahi zuten (aberastasuna banatzea eta aberatsen boterearekin amaitzea). 1903an, azken alderdi hau bi multzotan banatu zen:
- Boltxebikeak: Erradikalak, Lenin buru zutela, iraultza lehenbailehen egin nahi zutenak.
- Mentxebikeak: Moderatuagoak, aldaketak nahi zituzten, baina ez hain azkarrak eta bortitzak.
1905eko Iraultza Errusian
1902an eta 1903an, Errusian, krisi ekonomiko handia izan zen. Horregatik, gauza larriak gertatzen hasi ziren:
- Langileek grebak egin zituzten.
- Nekazariak matxinatu egin ziren.
- Batzuek eraso bortitzak egin zituzten.
Gero, 1904an, Errusiak gerra bat izan zuen Japoniaren aurka, baina Japoniak irabazi zuen. Horrek 1905eko iraultzaren hasiera erraztu zuen.
1905ean, langileek martxa baketsu bat egin zuten tsarraren jauregirantz (Errusiako erregea, Nikolas II.a deitua), lan baldintzak hobetzea eta pertsona guztiak aske eta berdinak izatea eskatuz. Baina soldaduek tiro egin zieten eta asko hil ziren. Egun horrek Igande Odoltsua du izena, eta horrek iraultza eragin zuen.
Errusian greba eta matxinada gehiago izan ziren, eta langileak sobietak sortzen hasi ziren, antolatzeko eta beren eskubideak defendatzeko talde txikiak bezalakoak zirenak. Tsarrak protestak ezin zituela gelditu ikusi zuenez, zenbait aldaketa egin zituen:
- Adierazpen, erlijio, prentsa eta abarretarako askatasuna eman zuen.
- Parlamentu bat (Duma) sortuko zuela esan zuen, herritarrek herrialdeko erabakietan parte hartu ahal izateko.
Baina gero tsarrak ez zuen hitza bete. Ez zion utzi Dumari ondo funtzionatzen, eta agindutako aldaketak bertan behera utzi zituen. Orduan, jende askok ulertu zuen Errusia benetan aldatzea nahi bazuten, tsarrarekin eta bere boterearekin amaitu behar zutela.
1917ko Otsaileko Iraultza
1917ko otsailean, Petrogradon (San Petersburgo), emakume askok protesta egin zuten janaririk ez zegoelako. Bat-bateko manifestazioa zen, hau da, inork ez zuen prestatu, baina jende askok bat egin zuen. Gobernuak armada bidali zuen protesta geldiarazteko, baina soldaduek ez zuten indarra erabili. Eraso beharrean, soldadu gehienek manifestariekin bat egin zuten. Horrela, Gobernuak dimisioa eman behar izan zuen (hau da, uko egin eta boterea utzi).
Dumako diputatu liberalen talde bat (Errusiako parlamentua) boterea hartzen saiatu zen, eta behin-behineko gobernu bat sortu zuten (pasoko gobernu bat, nola jarraitu erabaki arte). Bitartean, Petrogradoko sobieta (hiri horretako soldadu eta langileen biltzar bat) hiria antolatzeaz arduratzen hasi zen, bera ere gobernatuko balu bezala.
Nikolas II.a tsarrak, bere burua abandonaturik eta laguntzarik gabe ikustean, tronua eskaini zion bere anaia Mikel dukeari. Baina Mikelek berehala egin zion uko, onartu bezain laster. Beranduegi zen erregeekin jarraitzeko, beraz, herrialdea desegin ez zedin, Errepublika liberal demokratiko bat sortu zen (erregerik gabeko herrialde bat, askatasunarekin eta hauteskundeekin). Baina herrialdea ez zen lasaitu.
Bi gobernu zeuden aldi berean eta ezegonkortasun handia (dena oso nahasia zen):
- Alde batetik, Alexander Kerenskik zuzendutako Gobernu Konstituzionala zegoen, Alderdi Sozial Iraultzailekoa (moderatua). Talde honek Duma kontrolatzen zuen eta Estatu berri bat egin nahi zuen ideia demokratiko eta modernoekin.
- Bestalde, sobietak zeuden, langileek, nekazariek eta soldaduek antolatutako taldeak. Sobietak oso indartsuak ziren Moskun eta Petrogradon, eta buruzagi garrantzitsuenetako bat Trotski zen, Petrogradoko sobietaren presidentea.
Erregimenaren Lehen Urratsak
Boltxebikeek proletargoaren diktadura hitzen menpe, alderdi-diktadura ezarri zuten. Erresistentzia gero eta gogorragoa izan zen, eta horren ondorioz diktadura bera gogorragoa bihurtu zen. 1918tik aurrera, boltxebikeek Alderdi Komunista sortu zuten, egitura hierarkiko paramilitar eta diziplina ideologiko zorrotz batean oinarrituta.
Errusiar zuriek edo mentxebikeek potentzia aliatuen (Frantzia, Erresuma Batua, AEB eta Japonia) laguntza jaso zuten. Kontuan hartu behar dugu boltxebikeek atzerriko kapitalen inbertsioak desjabetu zituztela eta tsarren garaiko maileguak itzultzeari uko egin ziotela.
Erresistentzia gune gogorrak (tsaristak, liberal-demokratak…) sortu ziren Ukrainan, Asiako muturrean, Kaukason eta Siberiako erdigunean. Haien artean zatiketa sortu zen eta babesa galtzen joan ziren.
1918an, boltxebikeek Nikolas II.a tsarra eta haren familia fusilatzeko agindua eman zuten Jekaterinburgon. Bazekiten Lehen Mundu Gerran jarraitzen bazuten herritarren babesa galduko zutela, eta horregatik Alemaniarekin bake-akordioa sinatu zuten Brest-Litovsken (1918an). Errusiak lurralde asko galdu zituen, baina horrek berregite baterako itxaropena eskaini zien biztanleei.
Gerra Komunismotik NEP-era
1918-1921 artean gerra zibila egon zen Errusian. Leninek alderdi bakarreko estatua antolatu zuen eta gerra-komunismoko politikari jarraitu zioten. Erregimenak hartu zuen herrialdeko bizitza guztia antolatzeko ardura: nazionalizatu ziren industriak, merkataritza, zerbitzuak, hezkuntza eta hasieran lurren jabetza ere bai.
Ondorio txarrak izan zituzten, eta Leninek bertan behera utzi zuen gerra-komunismoko politika 1921ean eta haren ordez NEP (Politika Ekonomiko Berria) jarri zuen. Nekazariei aukera ematen zitzaien beren etxaldeak zuzentzeko eta uztak merkaturatzeko.
1921-1928 artean, nekazaritza eta merkataritza merkatu-ekonomiara itzuli ziren modu kontrolatu batean. Horri esker, gerra aurreko ekoizpen-maila lortu zen nekazaritzan eta industrian, eta hiriak hornitu ziren. Ekonomiako sektore garrantzitsuenak (trenak, bankuak, enpresa handiak, etab.) Estatuaren esku jarraitzen zuten. Ondorioz, merkataritzan burgesia indartsua sortu zen, baina fenomeno hauek Alderdi Komunistan mesfidantza eta eztabaidak sortu zituzten.
Politikan, sobietar erregimenak ekin zion langileek eta nekazariek gobernatutako gizartea eraikitzeari. Hasieratik oposizio politiko eta ideologiko guztien aurkako errepresioa egin zen. Leninek berehala ikusi zuen joera burokratikoaren hazkundea alderdi bakarreko sistema hierarkizatu horretan, eta hala gertatu zen Leninen ondorengoarekin: Josif Stalinekin.
Stalinen Botere Pertsonala
Stalin lider moduan sendotu zen. Bere erregimena totalitarioa izan zen. Botere-kargu guztiak eskuratu zituen. Erregimenak bizitza sozial guztia kontrolatu nahi zuen Alderdi Komunistaren bidez. Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistak paper erabakigarria zuen estatuaren baitan.
Hainbat "garbiketa" egin ziren, Stalinen aurkariak alderditik kanporatzeko. Trotskiren aldekoak nabarmentzeaz gain, 1930etik aurrera Stalinen boterea kritikatzen zutenak baztertu ziren. Garbiketa ospetsuenak 1936tik 1939ra egin ziren, Moskuko prozesuetan milaka buruzagi politiko eta goi-agintari militarri heriotza-zigorra ezarri baitzitzaien.
Garai hartan, "izua" arma bihurtu zen erresistentziak deuseztatzeko. Antzinako polizia politikoa NKVD (Barne Arazoetarako Herri Komisariotza) bilakatu zen. Haren ardura errepresio-zereginak eta Gulag-en zuzendaritza (lan bortxatuen esparruen eta espetxeen sarea) izan zen.
Industrializazioa eta Kolektibizazioa
Stalinek NEP bertan behera uztea erabaki zuen eta sobietar ekonomian erabateko iraultza egin zuen. Aldaketa beharrezkoa zen SESB potentzia bilakatzeko eta mundu kapitalistaren aurka egiteko. Ekonomiaren estatalizazio-programa ezinbestekoa izan zen. Hiru eremutan gauzatu zen:
- Estatuak plangintza zentral bat egin zuen arlo ekonomiko guztirako. Helburua epe laburrean herrialdea modernizatzea izan zen, kosta ala kosta. SESBek ez zuen finantziazio-iturririk, eta ondorioz gobernuak sail berri bat sortu zuen: Gosplan. Hari agindu zion bizitza ekonomikoa birmoldatzea: sektore bakoitzeko ekoizpen-kuotak finkatzea, artikuluen prezioa jartzea, soldatak zehaztea, eskulana eta baliabideak banatzea. Bost urteko lehen plana egin zuen, derrigorrez bete beharrekoa zen, eta hautsiz gero zigor handiak zeuden. Horren ostean beste plan batzuk etorri ziren 1990era arte.
- Kolektibizazio-prozesu batera behartu zen nekazaritza. Etxalde kolektibo autonomoak eta estatuaren etxaldeak eratu ziren. Haietan nekazariek partekatu egiten zituzten lanabesak, ongarriak eta lurrak. Nekazari txiki eta ertainek gogor egin zioten aurre kolektibizazioari, batik bat Ukrainan, baina alferrik izan zen. 1936an amaitu zen prozesua, eta nekazarien %90ek etxalde kolektiboetan lan egiten zuten.
- Industrian ere neurriak hartu ziren. Gaitasun militarra ere lortu behar zen. Industria astunen (siderurgia, elektrikoak, meatzaritza, etab.) alde egin zen estatu-planetan, eta ez hainbeste herritarren kontsumorako industrien alde. Emaitza ona lortu zen berehala.
Herrialde kapitalistak Depresio Handia jasaten ari ziren bitartean, SESBek modu izugarrian hazi zuen.