Eskultura Erromanikoa: Ezaugarriak eta Funtzioa
Clasificado en Arte y Humanidades
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,64 KB
Eskultura Erromanikoaren Eraginak
Eskultura erromanikoak hainbat iturritatik jaso zituen eraginak:
- Bizantziotik: Zurruntasuna eta hierarkiaren araberako sailkatzea.
- Karolingiar gortetik: Klasizismoaren adierazkortasuna.
- Mozarabeengandik: Espresibitatea.
- Europa iparraldeko lurraldeetatik: Apaindura abstraktuak.
Eskultura Erromanikoaren Ezaugarriak eta Funtzioa
Eskultura erromanikoan genero ezberdinak landu ziren, hala nola, erliebea eta mukulu biribileko eskultura (adibidez, Gurutziltzatuak, gurutzetik jaitsierak, Ama Birjina Semearekin...). Testu honetan, ordea, erliebeak aztertuko ditugu, nagusiki eskultura monumentaletan zentratuz.
Eskultura (erliebea) arkitekturaren osagarri gisa ulertu behar da; horregatik, arkitekturaren menpe daudela esan dezakegu. Hau da, erliebeak marko arkitektoniko baten pean antolatuko dira, eta horrek eragin zuzena du aurrerago aipatuko ditugun ezaugarri formaletan.
Eraikin erlijiosoetan (elizetan, katedraletan eta monastegietan), eskulturek leku zehatzak apainduko dituzte:
- Ataurreak, fatxadak edo portadak
- Kapitelak
- Klaustroetako arkuteriak
Izan ere, arte plastiko honen (eskulturaren) funtzio nagusia (helburua edo zeregina) fededunei eta, oro har, gizarteari ebanjelizatzea eta irakastea zen. Garaiko liburuak ziren, harrizko liburuak. Gizartean analfabetismo maila altua izanik, denentzako ezagunak ziren irudien bitartez zabaltzen zuten mezua. Sinbolismo handiko artea da, esanahi propio eta alegorikoez betea.
Eskultoreen Egoera
Eskultoreen egoerari buruz aipamen txiki bat egitearren: feudalismoan oinarritutako gizartean, eskultorea ez zen artistatzat hartzen (Berpizkunde arte itxaron beharko dugu horretarako). Ez zen ezberdintasunik egiten arkitekto, hargin edo antzeko lanbideen artean.
Garaiak kontuan izanik, gogoratzekoa da Santiago de Compostelako Gloriako Portadan, Mateo maisuak lana sinatu eta bere buruari “Architectus” hitza egozteaz gain, belauniko erretratatu zela (ezaugarri indibidualak zehaztu gabe).
Ikonografia
Eduki sinbolikoz betea dago eskulturgintza erromanikoa. Gai erlijiosoak nagusitzen dira, Jainkoaren handitasuna garrantzitsuena delarik. Ongiaren eta Gaizkiaren presentzia, zein bekatuei izan behar zaien beldurra, behin eta berriz gogoratzen zitzaien fededunei.
Gai erlijiosoak nagusitu arren, gai profanoek (erlijiosoak ez direnak) ere bazuten beren lekua. Animalia fantastikoak eta eguneroko bizitzari buruzko eszenak (askotan ogibideak edo lanbideak agertzen dira) ere zizelkatu zituzten.