Espainiako Berrezarkuntza: Politika, Ekonomia eta Gizartea

Clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 9,87 KB

1876ko Konstituzioa: Berrezarkuntzaren Oinarria (1876-06-30)

Testu hau 1876ko ekainaren 30ean aldarrikatutako Konstituzioaren zenbait artikulu dira. Hori dela eta, testu politiko, juridiko, zuzen eta publikoa dela esan dezakegu, Espainiako herritar guztiei zuzenduta baitago. Testu honen egilea Cánovas del Castillo liberal kontserbadorea da. Garai hartan Borbondarren Berrezarkuntza hasi berria zen.

Konstituzio honen helburua Borbondarren Berrezarkuntza indartzea da, eta horretarako hainbat artikulu zehazten dira.

Erregetza eta Gorteen nagusitasuna ezartzen da. Hauek boterearen oinarri dira eta zilegitasuna ematen diote erregimen berriari, nazio subiranotasunaren ideia bazterturik.

Konstituzio honek 1845eko eta 1869ko Konstituzioen ideiak batzen ditu oposizioa gutxitzeko asmoz. Esaterako, 11. eta 13. artikuluetan 1869ko Konstituzioko askatasun aipamenak hartzen dira: adierazpen askatasuna, biltzekoa eta kultukoa, Estatu konfesionalaz gain. Gobernu-aldi kontserbadorean, aitzakia ezberdinak erabiliz, murrizten ziren askatasun hauek.

1845eko Konstituziotik, berriz, politika eta administrazioaren aldaketak hartu ziren. Botere banaketa eskasa dago; botere legegilea Erregearen (beto eskubidea, Gorteak indargabetzeko ahalmena, gobernua onartzekoa, etab.) eta Gorteen eskuetan dago. Azken hori ahalmen bereko bi gorputz legegilekidek osatuko dute: Senatuak (oligarkiarentzat) eta Diputatuen Kongresuak (errolda hautespenez). Botere betearazlea Erregearena izango zen. Azkenik, batasun juridikoa lurralde guztietan ezarriko da, eta honen ondorioz, uztailean Euskal Lurraldeetako foruak indargabetuko dituen legea prestatuko dute.

Sandhursteko Manifestuaren bidez, Alfontso XII.a erregegai aurkeztu zuen Cánovasek, zilegitasuna, tradizioa eta parlamentarismoaren onarpena eginez.

Alderdi Kontserbadoreko Cánovas eta Fusionistako Sagasta bat datoz parlamentarismo politikoaren erabileran. Parlamentarismoa faltsututa zegoen, kazikismoaz baliatuz hauteskundeen emaitzak “egokitzen” baitzituzten. Baserri giroko tokietan, jauntxoek kontrolatzen zituzten hauteskundeak, botoak erosiz edo hauteskundeen emaitzak aldatuz. Berrezarkuntza garaian, beti irabazten zuen gobernuan zegoen alderdiak. Txandakatzea gobernu-krisi baten ondorioz gertatzen zen. Kasu horretan, erregeak oposizioan zegoen alderdiko buruzagiari gobernu berria eratzeko ardura ematen zion. Gobernua ez zegoen Gorteen menpe, alderantziz baizik.

Alderdi-bitasuna Liberal Kontserbadoreen (goi mailako burgesiaren laguntzaz) eta Liberal Fusionisten (progresista eta demokraten taldeak) txandakatzearen bidez mantendu zen.

Cánovasen gobernu-aldietan, hertsatze politikoa, agintekeria eta askatasunen murrizketa izan ziren ohiko jardunak. Sagastaren gobernu-aldietan, berriz, lege ugari onartu zituzten, oposizioko erakunde politikoen antolaketa erraztu zutenak. Sufragio unibertsala, gizonezkoentzat soilik, 1890ean ezarri zen.

Konstituzio hau oligarkiaren interesen mesederako oinarria izan zen. Seiurteko Iraultzailean galdu zuten botere politikoa berreskuratu baitzuten.

Konstituzioak erregea indartzen zuen, gobernu burua hautatzeko ahalmena emanez. Horrela, Gorteak beti gobernuko alderdiaren eskuetan geratzen ziren. Parlamentarismoaren ukapena zen. Oposizioak ez zuen aurkitzen bere arazoetarako irtenbiderik.

Hamarkada bitan egonkortasun politikoa ziurtatu zuten gobernu-txandakatze sistemarekin. Burgesia industrialak hazkunde ekonomikoa sustatzeko aprobetxatu zuen.

1890eko hamarkadatik aurrera krisia agerian geratu zen, baina Konstituzioa 1931ra arte luzatu zen.

Federico Echevarriaren Hitzaldia: Protekzionismoa (1893-12-09)

Testu hau 1893ko abenduaren 9an Federico Echevarriak emandako mitin-protesta baten zati bat da, Arriaga Antzokian, orduan “Teatro Nuevo” deitua. Hori dela eta, testu ekonomiko, zuzen eta publikoa dela esan dezakegu, gobernuari zuzenduta baitago. Hitzaldi honen egilea Federico Echevarria izan zen. Garai horretan, Espainian, Berrezarkuntzako industria-iraultza bete-betean garatzen ari zen.

Hitzaldia gobernuari zuzenduta dago, beraz, testu publikoa, ekonomikoa eta zuzena dela esan dezakegu. Garai horretan, Berrezarkuntzako industria-iraultza bete-betean garatzen ari zen.

Echevarriak mitin honetan adierazitakoa hainbat ideiatan laburbildu daiteke:

  • Hizlariak gobernua Alemaniarekin prestatzen ari den ituna kaltegarri ikusten du Bizkaiko industria handiarentzat eta Espainiako beste askorentzat ere, batez ere burdin arlokoarentzat. Itun horren bidez, arantzel-legearen babesa kenduko litzatekeelako, kanpoko produktu siderurgikoen sarrera erraztuz.
  • Aipatu bezala, itun horrek kalte egingo lioke Bizkaiko industria siderurgiko handiari, eta hainbat enpresa kaltetuta aterako lirateke, esaterako, Altos Hornos, Aurrerá, Zorrozako tailerrak, etab. Horiez gain, Espainiako beste industria txiki eta ertaina ere.
  • Hori dela eta, gobernuari itun berri hori indarrean ez jartzeko eskaria egiten diote, 1891ko arantzelen lege babesgarria ez aldatzeaz gain.

Espainiako industrializazioa sektore ekonomiko gutxi batzuetan oinarritu zen: kotoigintza Katalunian, meatzaritza Andaluzian eta Asturiasen, industria ezberdinak Madrilen, eta siderurgia handia Bizkaian.

Espainiako industria motela eta ahula zen Europakoarekin alderatuta, merkataritza babestu eta itxi batean oinarritu baitzen bere zabalpenerako. Kataluniak, azken koloniak galduta, barne merkatura zuzendu zituen bere produktuak.

Oligarkiak lege babesgarriak defendatzen zituzten gobernu liberal ezberdinen aurrean, merkatua monopolizatzeko asmoz.

1887tik aurrera, ekonomiaren kontzepzio nazionalista hasi zen, eta Euskal siderurgia Espainiako merkatuaren arabera berregituratu zen. 1891ko Arantzelen Legetik espero zenaren berotan sortu zen metalurgia ertainak ez zuen garapen handirik izan, Espainiako merkatua bere merkatu kontsumitzaile gisa behin betiko finkatu zen arte, 1896an babes-neurri gehiagorekin ziurtatuta, eta 1898an hedatzen hasi zen, Kuba eta Filipinak galdu ziren itsasoz bestaldeko gerra amaitu eta gero, kolonietako kapitalak aberriratzearekin loturiko finkatze politikoaren eta garapen ekonomikoaren etapa ireki zenean. 1906an, Amos Salvador ministroak arantzela behin betiko hedatu zuen, horrela estatuko merkatua atzerriko lehiarik gabe ziurtatuz.

Bizkaiko enpresariek Espainiako ekonomian zuten boterea indar politikoaren iturri bihurtu zen bertako oligarkia familia ospetsuentzat XX. mende guztian zehar; entzutetsuenen artean Ybarra, Chavarri, Echevarria, Urquijo, etab. zeuden. Hauek Madrilgo gobernuari behin eta berriro eskatu zizkioten arantzel babesgarriak ezartzea, eta azkenean lortu egin zuten. 1891ko legea mantentzea lortzeaz gain, geroago, Europako industriari aurre egin ezinez, merkatuen babesa osatuko zuten legeak ezartzea lortu zuten, adibidez, 1896an trenbide-materialentzat, 1906ko lege babesgarri orokorra, etab.

Horrela, estatuak ekonomian zuen esku-hartzea eta kontrola gero eta handiagoa egin zen. Lehiakortasunean ondorio txarrak izan zituen arren, Bilbo ingurunean industria-garapen handia sortzeko oso mesedegarria izan zen.

Joaquín Costaren Oligarquía y Caciquismo (1901)

Testu hau Joaquín Costaren Oligarquía y Caciquismo lanaren pasartea da, 1901. urtean idatzia. Hori dela eta, testu politiko, sozial, zuzen eta publikoa dela esan dezakegu, herritar guztiei zuzenduta baitago. Joaquín Costa “Berrikuntza” mugimenduko partaide izan zen, hots, Espainiako politika eta gizartea berritu beharraren aldeko intelektuala. Garai hartan, Alfontso XIII.aren erregealdia hasteko puntuan zegoen.

Joaquín Costaren gobernu-sistemaren eragileak:

  • Oligarkak: Madrilen bizi ziren talde boteretsu eta ospetsuak ziren.
  • Jauntxoak: Gizartean eragin eta ospe handia zuten, eremu landatarretako agintearen kontrolaz gain.
  • Gobernadore zibila: Aurreko bien arteko bitartekaria.

Aurreko eragileak nazioarengandik urrunduta daudela adierazten da, eta ez direla haren parte. Horrez gain, bi alderdi parlamentaristen hauteskunde faltsuetako nagusikeria mespretxatzen du.

Azkenik, sistema politikoen ustelkeria, hau da, gobernuaren boterea oligarkiarentzat izateak gordetzen duen faltsukeria salatzen du.

1874an, Alfontso XII.aren Berrezarkuntzak Cánovasen sistema politikoari hasiera eman zion. Parlamentarismo faltsutua izan zen haren oinarria. Jauntxokeriaren eraginpean, hauteskunde-iruzurra gordetzen zuen botereak, oligarkiaren mesedetan. Oposizioaren kritikak ez zuen konponbiderik aurkitzen alderdi-bitasun sistema horretan.

98ko krisi kolonialaren eraginez, gobernu-erari egindako kritika sakondu egin zen, Kuba eta Filipinetako gerra galtzearen ondorioz. Horrek zekarren nazio-kontzientziaren krisia sakonduz joan zen.

Politikoen eta intelektualen kritikak agertu ziren “Berrikuntzaren” alde: Silvela, politiko kontserbadoreen aldetik; errepublikanoak, sozialistak, nazionalistak eta Krausistak, intelektualen aldetik. Faltsukeriaren aurkako deialdiak gero eta ugariagoak ziren. Estatuaren benetako demokratizazioa eta modernizazioa eskatzen zuten, baita ustelkeriaren amaiera ere.

Berrezarkuntzako Cánovasen txandakatze-sistema politikoak ez zuen nazioaren arazoak konpontzea lortu. Haren krisia sakondu egin zen gidari nagusien desagerpenarekin batera (Cánovasen hilketa 1897an eta Sagastaren heriotza 1903an), eta 1923ra arte luzatu zen, Primo de Riveraren diktadura hasi arte.

Urrunetik zetozen arazo politiko eta sozialak salatuz, testuak bidea ematen dio “Berrikuntza” izeneko mugimendu berri bati, Krausismoan oinarrituta, bere alde politiko eta kulturalak erakutsi zituena. Kultura arloan, 98ko Belaunaldiaren (Pío Baroja, Azorín, Maeztu, besteak beste) ezaugarria izango da, bere sasoiko sistema politikoa kritikatzen duen bitartean, berrikuntza sustatuz.

Entradas relacionadas: