Espainiako Errepide Sarea: Azterketa eta Bilakaera

Enviado por Aitortxu y clasificado en Geografía

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,21 KB

2008ko Errepide Sarea eta Maparen Interpretazioa

Aurrean dugun mapak 2008ko Espainiako errepide sarea adierazten du, Anaya Touring Club-aren datuen arabera. Mapa lineala dela esan daiteke, mota desberdinetako errepideak kolorezko lerroen bidez adierazita daudelako: autobideak eta autobiak lerro jarraitu urdinez; eraikitzen ari direnak borobilez osatutako lerroekin; eta, azkenik, bestelako errepideak lerro jarraitu gorriaz irudikatuta.

Sarearen Banaketa Irregularra eta Hobekuntza

Lehenik eta behin, esan beharra dago Espainiako lurraldeetako garraio sarearen banaketa irregularra dela, biztanleriaren dentsitatearekin eta industria sektoreen garapenarekin lotuta dagoena. Horregatik, Madril eta Bartzelona metropoliak dira sare dentsitate handienekoak dituztenak. Garraio sare hau, XX. mendearen bigarren erditik asko hobetu da, izandako ekonomia- eta gizarte-aldaketen ondorioz, eta, gaur egun ere, hobetzen jarraitzen du.

Diseinu Erradiala eta Egituraren Eboluzioa

Iberiar penintsulako errepide-sareak diseinu erradiala du. Erdigunea Madrilen dago, eta ardatzak ditu periferiako portu eta hiri nagusietarantz, non biztanleria eta jarduera ekonomikoa biltzen diren. Eredu hori estatuaren eredu zentralistari dagokio. XVII. mendean abiatu zen Borboitarrekin, eta 1960ko hamarkadan sendotu zen, errepide sarea modernizatu zenean. Gaur egun, egitura erradialari eusten zaio, baina zeharkako ardatz batzuk gehitu zaizkio, hala nola Ebrokoa, Mediterraneokoa eta Andaluziakoa. Mapan ikusi daitekeenez, autobide eta autobia gehienak Madrilekin daude lotuta, urdinez adierazita.

Ezaugarri Teknikoak eta Lurralde Desorekak

Ezaugarri teknikoak askotarikoak dira. Estatuko autobide eta autobia gehienek ez dute 7 m-tik beherako zatirik (mapan urdinez adierazita), eta aglomeratu asfaltikodun zoladura da nagusi, kalitate handiagoa duelako. Sare autonomikoek eta tokikoek gutxiegitasun gehiago dituzte zabalerari eta zoladurari dagokionez (mapan gorriz aurkitzen ditugunak, alegia). Gainera, mapan ikus daitekeen bezala, lurralde-desoreka argiak daude: bai sarearen dentsitateari dagokionez, bai trafikoaren intentsitateari eta irisgarritasunari dagokionez.

Entradas relacionadas: