Espainiako Klimaren Elementuak: Haizea, Prezipitazioa, Idortasuna
Clasificado en Geografía
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,88 KB
Espainiako Klimaren Elementuak
Haizea
Haizea aireak lurraren gainazalarekiko egiten duen mugimendu horizontala da. Presio-desberdintasunen ondorioz sortzen da, eta beti goi-presioko guneetatik behe-presiokoetara mugitzen da.
Espainian mendebaldeko haizeak dira nagusi, baina beste haize mota batzuk ere badaude:
- Tokiko haizeak (Ziertzoa, Levantea eta Tramontana)
- Kanariar uharteetan: haize alisioak eta kalima.
Prezipitazioak
Prezipitazioak hodeietatik lurraren gainazalera erortzen den ura dira, bai egoera likidoan, bai solidoan. Milimetrotan (mm) edo metro koadroko litrotan (l/m²) neurtzen dira, plubiometroarekin.
Aireko ur-lurrunak gora egin, hoztu eta kondentsatzean sortzen dira prezipitazioak. Airearen goratzearen arrazoiaren arabera, hiru prezipitazio mota nagusi bereizten dira:
- Prezipitazio orografikoak: erliebeak eragindakoak.
- Prezipitazio konbektiboak: lurraren berotzeak eragindakoak.
- Fronte-prezipitazioak: bi aire-masa ezberdinen arteko talkak eragindakoak.
Espainian, oro har, prezipitazio-bolumena urria da, baina alde handiak daude urtaroen eta lekuen arabera. Hiru faktorek eragiten dute banaketa horretan:
- Latitudea eta kokapena: Urtean zehar depresioen eta antizikloien nagusitasuna baldintzatzen dute.
- Itsasoarekiko hurbiltasuna: Kostaldean prezipitazio gehiago izaten da.
- Erliebea: Altuera handitzean, prezipitazioak ugaritu egiten dira. Mendi arteko guneetan, berriz, urriagoak dira.
Idortasuna
Idortasuna lurzoruan nahiz atmosferan ur nahikorik ez dagoenean gertatzen den egoera da. Prezipitazioen eta tenperaturen arteko erlazioaren araberakoa da. Tenperatura zenbat eta altuagoa eta prezipitazioak zenbat eta urriagoak izan, orduan eta idortasun handiagoa izango da.
Idortasuna neurtzeko bi indize nagusi erabiltzen dira:
- Gaussenen indizea: Hileko idortasuna neurtzen du. Hilabete bat idorra da batez besteko tenperaturaren (T°C) bikoitza prezipitazioa (P mm) baino handiagoa edo berdina denean (2T ≥ P).
- De Martonneren indizea: Urteko idortasun orokorra kalkulatzeko erabiltzen da. Formula hau du: I = P / (T + 10), non P urteko prezipitazio totala (mm) den eta T urteko batez besteko tenperatura (°C). Indize horren arabera, lurraldeak honela sailkatzen dira:
- Lurralde hezeak: I > 30
- Lurralde erdi-hezeak: 20 < I ≤ 30
- Lurralde erdi-lehorrak: 10 < I ≤ 20
- Lurralde estepakoak: 5 < I ≤ 10
- Lurralde basamortukoak: I ≤ 5