Espainiako Lehen Sektorea: Iparraldea, Barnealdea eta Kostaldea
Clasificado en Geografía
Escrito el en vasco con un tamaño de 5,04 KB
Estatuan lehen sektorea 5 zatitan banatzen da, kokalekuaren arabera. Hori dela eta, Iparraldekoa, Barnealdekoa, Kostaldekoa, Mendialdekoa eta Kanarietakoa bereizten dira. Oraingoan, Mendialdekoa eta Kanarietakoa alde batera utziko ditugu.
Iparraldeko nekazaritza-paisaiak
Penintsulako Iparraldea eta Ipar-mendebaldea hartzen ditu. Bertako ingurune fisikoari dagokionez, erliebea malkartsua da eta klima ozeanikoa du, hau da, euritsua da urte osoan zehar.
Populaketari dagokionez, bertan, populaketa sakabanatu tartekatua da, hau da, etxeak elkarrengandik banatuta daude, baina toki batzuetan sakabanatze eta kontzentratze ereduak tartekatzen dira. Gaur egun, biztanleria zaharra eta urria da, baina iraganean ugaria zen.
Eremu honetako nekazaritza-ustiategiak minifundistak dira. Hau da, hesi bidez itxitako ustiategi txikiak dira.
Lurralde hauetako lurzoruaren erabilerari dagokionez, nekazaritza-azalera txikia da eta bertan lehorreko nekazaritza egiten da, prezipitazioak erregularrak direlako.
Gaur egun, nekazaritza espezializatzen ari da baratze-laboreetan eta bazketan, abeltzaintzaren garapenarekin batera.
Abeltzaintzari dagokionez, jarduera nagusia da, nekazaritzak baino eskulan gutxiago behar duelako eta, aldi berean, eskari gehiago duelako. Azienda nagusiena behi-azienda da, haragi eta esne eskaria dela eta. Haragia ustiategi estentsibo eta erdi-intentsiboetan ekoizten da eta esnea, aldiz, ustiategi intentsiboetan.
Basogintzarekin bukatuz, jarduera garrantzitsu bat da, altzarigintzarako eta paper-orea lortzeko erabiltzen baita.
Barrualdeko nekazaritza-paisaiak
Iparraldeko eta Hegoaldeko goi-lautadak, eta Ebroren eta Guadalquivirren sakonuneen zati handiena hartzen ditu.
Bertako ingurune fisikoari dagokionez, erliebea laua da, altitude handikoa, eta klima mediterraneo kontinentala du, hau da, udan prezipitazio urriak eta tenperatura-alde handiak ditu.
Populaketaren aldetik, Duero eta Ebro haranetan populaketa kontzentratua da. Penintsularen Hegoaldean, ordea, elkarrengandik urrun dauden hirietan kontzentratzen da populazioa. Gaur egun, biztanleria urria eta zahartuta dago iraganeko migrazioaren ondorioz.
Ustiategiak tamaina ezberdinetakoak dira. Minifundioa nagusi da Ebroren eta Dueroren haranetako laborantza ureztatuan. Jabetza handiak, berriz, Extremadura eta Andaluziako lehorreko laborantzetan daude.
Lurzoruaren erabilerak aztertuz, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzarako erabiltzen da. Nekazaritza lehorrekoa edo ureztatua izan daiteke.
Lehorreko nekazaritza nagusi da goi-lautadan, landazabaletan eta Ebro eta Guadalquivir haranetako eremu batzuetan. Toki hauetan nekazaritza estentsiboa egiten da eta, gehienbat, zerealak, mahatsondoak eta olibondoak landatzen dira.
Ureztatutako eremuetan nekazaritza intentsiboagoa egiteko aukera dago. Iraganean autokontsumorako bakarrik landatzen zen, baina gaur egun ekoizpena dibertsifikatu egin da eta landare industrialak, frutak eta barazkiak landatzen dira.
Abeltzaintzari dagokionez, garrantzitsua da zenbait eremutan, baita mendebaldeko dehesetan ere.
Lehorreko laborantzako eremuetan, behi-aziendak elikatzeko erabiltzen dira larreak. Guadalquivirren haranean, haragirako eta zezenetarako erabiltzen dira, eta hirietatik hurbil dauden eremuetan, aldiz, ekoizpen industrialerako.
Mendebaldeko dehesak (Extremadura, Andaluzia...) nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategiak dira. Bertan, behi-aziendak du garrantzi handiagoa, bertako lurzorua hobea delako. Eremu honetan beste erabilera batzuk ere sartu dira, hala nola ehiza.
Basogintzarekin bukatuz, ohikoa da zenbait eremutan, baina ez da jarduera garrantzitsu bat.
Kostaldeko nekazaritza-paisaia
Mediterraneoko kostaldea eta eremu preliterala hartzen ditu. Bertako ingurune fisikoa gorabeheratsua da: laua kostaldean eta menditsua barnealdean. Bertako klima mediterraneoa denez, prezipitazioak urriak dira udan eta tenperaturak leunak.
Populaketari dagokionez, tradizionalki sakabanatua zen, baina kontzentraziorako joera du. Iraganean ugaria zen eta gaur egun urria, nekazaritza-exodoaren ondorioz. Izan ere, baserri-eremu asko galdu egin dira turismoarekin lotutako eraikinak sortzeko.
Ustiategien aldetik, tamaina ezberdinetakoak dira. Laborantza ureztatutako eremuetan, minifundioa da nagusi. Lehorreko eremuetan, aldiz, txikiak eta ertainak.
Lurzoruaren erabilerak nekazaritzakoak dira gehienbat, eta hauek bi zatitan banatzen dira: lehorrekoak eta ureztatuak.
- Lehorrekoa: Eremu preliterialetan egiten da eta, gehienbat, zerealak, mahatsondoak eta olibondoak landatzen dira.
- Ureztatua: Zenbait ezaugarri ditu: tenperatura leunak, erliebearen babesa, lurzoru egokiak eta eskari handia. Bertan, zabaleko barazkigintza, zitrikoak, pipadun fruta-arbolak eta fruitu tropikalak landatzen dira.
Abeltzaintzarako ere erabiltzen dira lurrak, baina maila txikiago batean. Gehienbat, behi eta txerri-aziendak daude, eta hauek Katalunian dira nagusi.
Basogintzak ez du ia garrantzirik.