Espainiako Trenbide Sarea: Ezaugarriak eta Loturak
Clasificado en Geografía
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,32 KB
Espainiako Trenbide Sarea: Azterketa eta Iruzkina
1- SARRERA
Aztertu eta iruzkinduko den mapak Espainiako trenbide-sarea erakusten du. Gaur egun 16.000 kilometroko sarea dago zerbitzuan, errepide-kopuruaren oso azpitik, beraz. Burdinbide mota ezberdinak kolore eta lodiera ezberdinez bereiziak agertzen dira (zehaztu lerro mota eta kolore bakoitzaren esanahia, aurkezten den maparen arabera). Nahiz eta Industria Iraultzaren ikur izan zen eta lur gaineko garraioak goitik behera irauli zituen bere garaian, gaur egun errepideak garrantzi askoz ere handiagoa du, bai bidaiarien garraioan baita salgaien garraioan ere.
Trenbide Sarearen Ezaugarriak
2- TRENBIDE SAREAREN EZAUGARRIAK
Sarearen Egitura Orokorra
a) Sarearen egitura orokorra
Trenbide sarea, Europa Mendebaldeko beste herriekin alderatuz, ahula da. Arrazoi historikoak dira errealitate horren erantzule: Espainiak industrializazio berantiarra bizi izan zuen. Burgesiari ekintzailetza falta izan zitzaion gatazkez eta gerrez jositako XIX. gizaldian. Espainiako orografia oso zaila da, gainera (oso gorabeheratsua).
Garraio sistemetan bigarren maila batera alboratua dago gaur egun burdinbidea. Finantziazio arazoak dituzte hainbat ibilbidek, trafiko oso ahula dutelako, bide hauen mantenu lanetan eta inbertsiotan eragina duelarik. Errepideen antzera, eskema erradiala jarraitzen du. Bigarren mailako zenbait zehar-adarrek osatzen dute.
Ekipamenduei dagokienez desorekak oso handiak dira, kalitate eta segurtasunari dagokionez. Azpiegitura osatuenak Madril, Bartzelona, Bilbo, Malaga, Zaragoza, Valentzia eta Sevillan topa genitzake. Beste muturrean, Zamora, Extremadura, Soria edo Murtzia bezalako lurraldeak topatuko genituzke.
Trenbide Motak
b) Trenbide motak
Bide mota ezberdin asko aurki daitezke gaur egungo Espainiar Estatuko trenbide sarean:
Bide Estuko Trenak
b.1) Bide estuko trenak (1.000 mm-ko zabalera): FEVEk, gaur egun RENFEn integratuta, kudeatu duena. Kantauriko Erlaitz osoan eta Murtzian mantentzen dira. Esaterako, Euskadin Eusko Trenbideak (Euskotren).
Iberiar Zabalera
b.2) Iberiar Zabalerakoak (1,668 mm): RENFE-k kudeatuak. Tartean dago Gipuzkoako lurraldearen barrualdea egituratzen duen Norteko Trenbidea (Madril-Irun ibilbidearen parte dena). Espainian eredu garrantzitsuena eta zabalduena da eta egitura ERRADIALA du, erdigunea Madril izanik.
Nazioarteko Zabalera eta Abiadura Handia
b.3) Nazioarteko zabalera duen abiadura handiko sarea (1435 mm): Abiadura Handiko Trenei dagokienez, 350 kilometro orduko abiadura har dezaketen prestazio altuko trenak dira. Madriletik-Sevillarakoa izan zen lehen ibilbidea (1992rako eraikia). Ondoren eraiki ziren Madril Zaragoza eta Bartzelona lotzen dituena, Huesca eta Valladolidera doana. Gaur egun 3.000 Km-tik gora duen sarea da. Euskal Autonomia Erkidegoa eta Madril lotuko dituen ibilbidearen eraikuntza-lanak, bere aldetik, ez dira oraindik ere Burgos hirira iritsi. Urte gutxiren buruan “Euskal Y” delakoa eta Castejon-Iruñea ibilbideak martxan egotea da gobernuen helburua.
Europarekin Lotura
c) Europarekin lotura
Espainiako lurraldearen barruan dauden desoreka eta komunikazio arazoaz gain, arazo larria egon da historikoki, baita gaur egun ere, Espainia eta Frantziaren arteko lotura egiterako garaian. Zabalera desberdineko burdinbideak izateaz gain, Pirinioek osatzen duten barrera fisikoa da traba nagusietako bat. Mendikate honen bi ertzetatik egin izan da, gehienetan, komunikazio hori nahiz eta, tarteka, mendikatea zeharkatzeko hainbat tunel zulatu izan diren, esaterako, Canfranc Frantziarekin lotzen duen “Somport” tunela.
Ondorioa
3- ONDORIOA
Europar Batasunak bere esparrua zeharkatuko duten garraio sare eraginkorra nahi du lortu, batasunaren integrazioa bultzatu eta merkatuaren funtzionamendua bermatzeko, agintariek diotenez, ingurugiroa errespetatuz. Europaren baitako loturak autobien eta AHT bideen bitartez burutuko dira (azken honen bide-zabalera da Europakoarekin bat datorrena). Ingurugiroari kaltea eta hiritargoak behar ez dituen azpiegitura oso garestiak eraikitzea egozten zaio zenbait kolektibo eta hiritarren aldetik administrazioei.