Estatua, Nazioa eta Legeak: Gizartearen Egitura eta Funtzionamendua
Clasificado en Otras materias
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,3 KB
Estatua
Gizartearen Antolaketa Moduak
- Tribala: Komunitate txikiak dira, familia loturetatik abiatuak, eta biziraupen ekonomia dute.
- Esklabista: Tribalak baino komunitate handiagoak (hiriak eta inperioak), eta ekoizpen nagusia esklaboen eskulanean oinarritzen da.
- Feudala: Gizarte hierarkikoa da (hierarkian gora egitea ezinezkoa da), eta ekonomia nekazaritzan dago oinarrituta.
- Modernoa: Estatu nazionala da antolaketa-oinarria, eta ekonomia industrian eta merkataritzan oinarritzen da.
Estatu Modernoa
Estatua lurralde jakin batean gizarte-bizitza arautzeko eta antolatzeko ahalmena duten erakunde multzoa da. Ezaugarriak:
- Subiranoa da: bere lurraldean, estatuak soilik du legeak eta zergak sortzeko eskumena.
- Inpertsonala da.
- Burokraziaren bitartez funtzionatzen du: indar armatuak, administrazio publikoak... hau da, funtzionarioz eta langile publikoz osatua dago.
“Estatua bortxa legitimoaren monopolioa duen egitatea da.” - Max Weber
Nazioa
Nazioa giza talde bat da, inguru geografiko jakin bat eta hainbat ezaugarri kultural partekatzen dituena (hizkuntza, ohiturak, historia). Nazio bateko kideak talde horretako partaidetzat dute beren burua, ez legeak derrigortuta, baizik eta beren sentimenduen ondorioz.
Nazioaren Ikuspegiak
- Batzuen ustez, asmaketa historiko bat da (nazio hitza XVII. mendean sortu zen).
- Beste batzuen ustez, errealitate objektibo bat da.
ESTATUA = HERRIALDEA ≠ NAZIOA
Estatuaren Agintearen Legitimazioa
Estatua herritarren bizitza arautzen eta antolatzen duen egitatea da. Horretarako, herritarrei jokabideak inposatzen eta debekatzen dizkie, hau da, betebeharrak eta debekuak ezartzen dizkie.
- Filosofo askoren ustez, aginte bat egotea egokia da.
- Gizarteak gobernariek aginte hori izatea onartzen dutenean, agintea legitimoa/zilegia izango da. Ez badute onartzen, ordea, ez da legitimoa izango.
- Legitimazioa agintea legitimoa egiten duen prozesua da. Historian zehar hainbat argudio izan dira:
Legitimazio Argudio Historikoak
- Argudio teologikoak (Erdi Aroan)
- Argudio naturalistak (Aristoteles)
- Argudio funtzionalistak (Thomas Hobbes eta Max Weber)
Max Weberren Legitimazio Moduak
Max Weberren ustez, hiru legitimazio modu daude menderatze motaren arabera:
- KARISMATIKOA (Jesus)
- TRADIZIONALA (apaizak)
- ARRAZIONAL-LEGALA (legea/burokrazia)
Legeak
Arau Motak
Gizakiok hiru arau mota ezartzen dizkiogu geure buruari:
- Arau moralak: Nola jokatu beharko genukeen azaltzen dute, izaera unibertsala dute eta norberaren arazoa da, kontzientzia mailan eragiten baitu.
- Ohiturazko arauak: Ez dira unibertsalak eta ez dute legezko derrigortasunik, baina gizarteak arau hauek ez betetzea gaitzesten du.
- Legeak: Estatuek/agintariek ezarri eta biztanle orok bete behar dituzten arauak. Bete ezean, zigorra edo bortxa ezartzen da.
Estatuan indarrean dauden lege multzoa zuzenbide positiboa da. Batzuen ustez, ordea, honen aurretik zuzenbide naturala dago, arau unibertsalen multzoa, bete beharko liratekeenak, sistema juridikoa zuzena den ala ez epaitzen dutenak. Zuzenbide positiboa eta zuzenbide naturala bat ez datozenean, desobedientzia zibila gertatzen da.
Legeen Jatorria
- Iusnaturalismoa: Zuzenbide natural bat dago estatuen zuzenbideen gainetik, eta honek harekin bat etorri behar du; bestela, arau hauek ez dute zilegitasunik.
- Positibismo juridikoa: Ez dago lege naturalik. Erabat bereizita daude etika eta zuzenbidea. Zuzentasuna etikak zehazten du; legezkotasuna, aldiz, zuzenbideak.
Bi ikuspegi hauek muturrekoak dira; tartean, biak uztartzen dituzten ikuspegi asko daude.
Zuzentasuna vs. Legezkotasuna
Arau asko zuzenak (moralak) dira, baina ez legezkoak, eta beste asko legalak dira, baina ez zuzenak. Batzuetan, lege bat morala ez denean, herritarrak horren aurka joan ohi dira; horri desobedientzia zibila deritzo.