Estratigrafia eta Lurraren Historia Geologikoa: Printzipioak eta Eskala
Clasificado en Geología
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,71 KB
Estratigrafiaren helburua erregistro estratigrafikoa interpretatzea da; horretarako, geruzen ezaugarriak ikertzen dira, horietan erregistraturiko gertaerak identifikatzeko eta Lurraren historian kokatzeko.
Estratigrafiaren Oinarrizko Printzipioak
Geruzetan erregistraturiko gertaerak interpretatzeko eta denboran antolatzeko, serie estratigrafikoei oinarrizko printzipio hauek aplikatzen zaizkie:
- Aktualismoaren Printzipioa
- Gertaera Geologikoen Segidaren Printzipioa
- Gainjartzearen Printzipioa
- Segida Faunistikoaren Printzipioa
Aktualismoaren Printzipioa
Aktualismoaren Printzipioaren arabera, iraganean gaur egungo mekanismo geologiko berdinek jardun zuten. Adibidez, arroka batzuetan ripple-marks deritzenak ikusten dira, olatuek hondartzetako harean eratutako uhindurak.
Gertaera Geologikoen Segidaren Printzipioa
Gertaera Geologikoen Segidaren Printzipioa geruzetan ager daitezkeen toles, faila eta higaduraren eraginean oinarritzen da.
Gainjartzearen Printzipioa
Gainjartzearen Printzipioaren arabera, tolestean alderantzikatu ez den geruza segidako geruza bakoitza gainean duena baino zaharragoa da.
Segida Faunistikoaren Printzipioa
Segida Faunistikoaren Printzipioaren arabera, geruza batean fosilak badaude, geruza osatzen duen arrokaren garai berean sortu ziren fosil horiek.
Lurraren Denbora Eskala Geologikoa
Arroken ezaugarriak oinarritzat hartuta, geologoek zenbait denbora-tarte edo eon geologiko bereizi dituzte Lurraren historian. Gaur egun, bi eon nagusitan banatzen da Lurraren historia geologikoa: Kanbriarraurrea eta Fanerozoikoa. Kanbriarraurrea, aldi berean, Hadearra, Arkearra eta Proterozoikoa eonetan banatzen da.
Era geologikoak denbora-tarte txikiagoko periodoetan bereizten dira, eta periodo bakoitzak epokak ditu. Horren arabera, Denbora Eskala Geologikoa osatzen da.
Ondoen ezagutzen diren era geologikoak berrienak dira, aurkitutako fosil gehienak garai horietakoak baitira eta prozesu geologikoen ondorioz hondatu gabe iraun baitute. Bestalde, era geologikoei buruz zenbat eta datu gehiago ezagutu, orduan eta iraupen laburragoa dute, batetik, berrienak direlako eta, bestetik, azpibanaketak egiteko datu eta irizpide gehiago daudelako.
Hori dela eta, Kanbriarraurreko eona da denbora-tarte luzeena, ezezagunena eta hari buruz datu gutxien lortu dena, eta Zenozoikoko Kuaternario Periodoa da denetan ezagunena.