Euskal Gazteak Atzerrira: Aukerak, Erronkak eta Etorkizuna

Clasificado en Religión

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,91 KB

Euskal Gazteak Atzerrira: Zergatiak eta Arrazoiak

Gaur egun, gero eta euskal gazte gehiago dira ikasketak amaitu ondoren atzerrira joatea pentsatzen dutenak lana aurkitzeko itxaropenarekin, hala nola, Finlandian, Alemanian edo Frantzian. Irteeraren arrazoi nagusia azken urte hauetako EAEko langabeziaren igoera latza da, jakina.

Atzerrira Joan: Abantailak eta Aukerak

Lan Aukerak eta Soldata Hobeak

Atzerrira joateak ate asko zabaltzen dizkigula esan behar da, eta, etorkizunari begira, atzerrian lan-aukera, oro har, bertakoa baino ugariagoa eta ziurragoa dela. Ez ahaztu, gainera, Europako soldatak gureak baino altuagoak izaten direla.

Hazkunde Pertsonala eta Kultura Berriak

Lana eta soldata garrantzitsuak dira, baina hori ez da guztia. Euskal Herritik ateratzeak esperientzia aberasgarria bizitzeko aukera eman diezaioke ikasle gazteari. Gurea ez bezalako herrialde bateko bizimodua, ohiturak eta kultura ezagutzeko aukera, ohiko errutinatik urrunduta. Honez gain, mugak zeharkatu beharra dago, ezinbestean, beste hizkuntza berriak benetan ikasi edo sakondu ahal izateko.

Prestakuntza eta Itzulera Euskal Herrira

Hori gutxi ez eta, prestakuntza sendoagoa eta gaitasun handiagoa izango genuke Euskal Herrira itzultzean; ideia erakargarriak eta berritzaileak ere bai. Eta hemen, zer esanik ez, laneko ateak errazago irekiko litzaizkiguke kanpoko egonaldiaren ondoren, atzerriko curriculuma lagun.

Atzerrira Joan: Alde Ilunak eta Erronkak

Bakardadea eta Ziurgabetasuna

Hala ere, atzerrira joateak ba omen ditu alde ilunak. Joan direnek diotenez, sorterritik urrun, bakardadea tortura zitala izaten da sarritan; une latzetan, ez dugu lagun minen edo senideen bultzadarik izango. Babesik eta ziurtasunik eza, kezka eta zalantza etengabeak... Horiek dira atzerrian izan direnek aipatzen dizkiguten mamuak.

Bizitzaren Kostua eta Errealitatea

Komeni da diruaz garbi hitz egitea: egia da atzerrian soldatak hemen baino altuagoak direla, baina hango bizimodua askoz garestiagoa izaten da ia beti. Zenbat eta iparralderago, orduan eta garestiagoa. Beraz, hemen hainbatek uste dutenaren aurka, atzerrira joatea ez da aberatsen paradisua.

Erabaki Zaila: Zirt edo Zart Egin?

Familia herritik urrun eduki arren, abentura ugari eta ezagutza handiekin aberasten zara, beste herri eta bizimodu batzuk ezagututa, oso aberasgarria izaten baita. Hona itzultzean, berriz, curriculum eta prestakuntza sendoagoekin, hemen, zure herrian bertan, lana aurkitzea errazagoa izaten da, zorte ona behar bada ere.

Gauzak horrela, erabaki larria da. Etorkizuna kolokan dago, eta ezin dugu erabat aurreikusi; atzerriko abenturara abiatzea nahiz bertan zain geratzea, biak dira apustu arriskutsuak. Ikasketak amaitutakoan, gutako bakoitzari dagokio geure indarrak neurtu eta zirt edo zart egitea.

Entradas relacionadas: