Euskal Herriko Industrializazioa eta Gizarte Ondorioak (XIX-XX. mendeak)
Sarrera
XIX. mendean, Espainia Europarekin konparatuta, herrialde atzeratua zen. Hauek ziren kausak:
- Energia-baliabide urriak eta kalitate eskasekoak.
- Barne-merkatua falta zen industria-produktuak saltzeko.
- Ahultasun demografikoa zegoen eta erosteko ahalmen txikia.
- Kapitala eta teknologia falta.
Euskal Herriko Industrializazioa
Euskal Herrian, 1840ko hamarkadan agertu ziren lehen industriak Bizkaian eta Gipuzkoan. Produkzioa Espainiako merkatura bideratu zen. Katalunia eta Euskal Herria izan ziren gehien industrializatu ziren lurraldeak.
1876ko Foruen Galerak eta aduanak kostaldera eramateak Estatuaren zentralismo politiko eta ekonomikoa ekarri zuen, eta Espainiako barne-merkatua sortzea eragin zuen. Protekzionismoari esker, Espainiako ekonomia babesturik geratu zen inportazioengatik. Teknologian egindako aurrerapenek trenbide-sarea eratu zuten.
Bizkaiko Industrializazioa
Bizkaian industrializazioa azkarra izan zen. Hauek izan ziren burdingintza eta industrializazioa garatzeko faktoreak:
- Mearen kalitate ona.
- Lurrazalean egotea.
- Kokapen geografiko ona: kostaldetik gertu.
Gainera, Ibarra familiak berrikuntza bat ekarri zuen: Bessemer bihurgailua. Burgesiak botere ekonomiko izugarria lortu zuen eta bere jauregiak eraikitzen hasi ziren. XX. mendearen hasieran, Bizkaia zen Espainiako gune industrial nagusiena (banku handiak, unibertsitateak, etab.).
Gipuzkoako Industrializazioa
Gipuzkoako industrializazioa beranduago, sakabanatuago eta ekoizpena dibertsifikatuagoa izan zen; enpresak ertainak eta txikiak ziren. Burgesia gutxiago, immigrazio gutxiago eta gizarte-aldaketa gutxiago izan ziren.
Arabako eta Nafarroako Industrializazioa
Araba eta Nafarroa XX. mendera arte itxaron behar izan zuten industrializazio-prozesua hasteko.
Gizarte Aldaketak
Industrializazio-prozesuak gizarte-ondorio batzuk ekarri zituen.
Demografia
XIX. mendean hasi zen demografia-eztanda, hilkortasun-tasa jaitsi zelako; Bilbon bikoiztu zen biztanleria.
Hiritartze Prozesua
Landa-gunetik eta Espainiatik migrazio-olde esanguratsuak etorri ziren Bizkaira. Fabrikak lekurik onenetan jartzen ziren, eta langile-auzoak sortzen ziren fabriken ondoan, zerbitzurik eta baldintza higienikorik gabe.
Langileen Lan Baldintzak
Langileen lan-baldintzak oso gogorrak ziren:
- Lanaldi luzeak.
- Soldata baxuak.
- Umeek lan egiten zuten.
- Meategi barruan osasun-baldintza negargarriak.
- Bizitoki txarrak, saneamendu, ur eta argirik gabe.
- Alkoholismo-tasa handia.
- Higiene- eta osasun-arazo ugariak.
- Istripu ugariak.
- Jabeen gehiegikeriak.
Horren ondorioz, ideia sozialistak eta anarkistak zabaldu ziren langileen artean, eta langile-elkarteak ere sortu ziren, hala nola PSOE eta UGT. Immigrazioaren ondorioz, euskal abertzaletasunaren sorrera etorri zen, eta garapena eman zion Sabino Aranaren pentsamenduari, sindikatu abertzaleak ere sortuz.
Gizarte Taldeak
XIX. mendean gertatu ziren aldaketek gizarte-talde berri bat sortu zuten:
- Goi-burgesia: Siderurgia- eta finantza-negozioekin aberastuta, boterea eta eragina zuen Espainiako aginte-erakundeetan.
- Burgesia: Jarduera ekonomiko anitzetan egiten zuten lan. Ez zuten botererik Espainia mailan.
- Herri-klaseak: Nekazariak, artisauak... krisiari eta proletarizazio-prozesuari aurre egin behar zioten.
"El Intruso" eleberria
Vicente Blasco Ibáñezen El intruso eleberriari dagokion pasarte hau aztertuko dugu.
Sailkapena
Aurrean daukagun testua historiko-literarioa da, Vicente Blasco Ibáñezen El intruso eleberriari dagokion pasartea. Liburua 1904an argitaratu zen Valentzian. Vicente Blasco Ibáñez idazle errepublikarra 1898an Gorteetako diputatua izan zen. Parisen exiliatuta egon zen Primo de Riveraren diktadurapean, eta hainbat liburu idatzi zituen. El intruso eleberriak La Arboledako meatzetako langileen bizimodu latza kontatzen du. XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran kokatzen da, Berrezarkuntza garaian Espainian.
Analisia
Testua bi zatitan banatzen da: lehenengo zatian meatzarien lan-egoera kontatzen du, eta bigarren zatian, berriz, hauek nola bizi ziren. Ideia nagusia meatzariek bizi zuten egoera txarra zen, bai lanean, bai eguneroko bizitzan. Immigrazio masiboa egon zen garai hartan Bizkaian, eta langileak, gosea zela eta, edozein baldintzatan lan egiteko prest zeuden.
Iruzkina
XIX. mendean hasi zen Bizkaian industrializazio-garaia. Bessemerren bihurgailuari esker, Bizkaian oso ugaria zen mea Britainia Handira garraiatu eta handik harri-ikatza esportatzen zen. Esportazio horiek ekarri zuten kapitala industria siderurgikoan inbertitu zuten. Bizkaiko industrializazioaren ezaugarririk nagusiena demografia-eztanda izan zen. Alde batetik, heriotza-tasa jaitsi eta jaiotza-tasa mantentzen zen, eta demografia igo. Bestalde, industria-guneetan eskulan askoren beharra zegoenez, immigrazio handia egon zen landa-mundutik fabriketara. Langileek beren eskubideak aldarrikatzeko eta defendatzeko langile-mugimenduari ekin zioten, eta hala sortu ziren sozialismoa eta anarkismoa Bizkaian; sindikatu nazionalistak ere sortu ziren.
Ondorioa
Gizarte-aldaketa handiak izan ziren; sortutako desberdintasun sozialak desagerrarazteko, langile-mugimenduak sortu ziren Bizkaian, langileen bizi-baldintza txarrak hobetzeko asmoz.