Euskal Herriko XIX. Mendeko Historia: Foruak, Gerrak eta Garapen Ekonomikoa
Clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 12 KB
Testua: 1839ko Urriaren 25eko Legea
Isabel II.a Jainkoaren Graziaz eta Espainiako Monarkiaren Konstituzioaz Espainietako Erregina denak eta, haren adingabetasunean, haren Ama Agurgarria den Maria Kristina Borboikoa Erregina alargunak, Erresumako Erregina Gobernatzaileak, honako hau ikusi eta ulertzen duzuen guztioi zera jakinarazten dizue: Gorteek honako hau agindu dutela eta neronek berretsi dudala:
1. art. Euskal probintzietako eta Nafarroako Foruak berresten dira, monarkiaren batasun konstituzionalari inolako kalterik eragin gabe.
2. art. Gobernuak, aukera izan bezain laster eta euskal probintziei eta Nafarroari entzun ondoren, lehen aipatutako Foruetan haien interesa aldarrikatzen duen nahitaezko aldaketa proposatuko dio Gorteei, Nazioaren eta Monarkiaren Konstituzioaren interes orokorrarekin bat eginez eta, aldi baterako eta lehen adierazitako moduan eta zentzuan, sor litezkeen zalantzak eta eragozpenak ebatziz eta Gorteei horren berri emanez.
Nik, Erregina Gobernatzaileak.- Erreginak eskuz sinatua – Jauregian, 1839ko urriaren 25ean.
Testua: 1876ko Uztailaren 21eko Legea
Alfontso XII.a Jainkoaren graziaz Espainiako Errege konstituzionala denak honako hau ikusi eta ulertzen duzuen guztioi zera jakinarazten dizue: Gorteek honako hau agindu dutela eta nik berretsi dudala:
1. artikulua. Legeak deitutakoan arma zerbitzura joateko eta norberaren ondasunen proportzioan Estatuko gastuetan laguntzeko betebeharrak ezarri dizkie Konstituzio politikoak espainiar guztiei, eta betebehar horiek, eskubide konstituzionalak diren heinean, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako biztanle guztiei ezarriko zaizkie, Nazioko gainerako biztanleei bezalaxe.
2. artikulua. Aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera, aipatutako hiru probintziak behartuta daude (...), kintoetan eta ejertzitoko garai arruntetan eta berezietan, Legeen arabera dagokien gizon kopurua aurkeztera.
3. artikulua. Era berean, (...) Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako probintziak behartuta daude Estatuko aurrekontu orokorretan esleitutako kontribuzio, errenta eta zerga arrunt eta bereziak ordaintzera, dagokien proportzioan, gastu publikoetarako.
4. artikulua. Gobernuari baimena ematen zaio, dagokion egunean Gorteei berri emanez eta 1837ko irailaren 19ko eta 1841eko abuztuaren 16ko legeak eta urte bereko urriaren 29ko dekretua kontuan hartuz, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko probintzien onespenarekin, egokitzat jotzen badu, euskal herrien ongizateak nahiz nazioaren gobernu onak eta segurtasunak eskatzen dituzten erreformak haien foru-araubide zaharrean adosteari ekiteko.
Jauregian, 1876ko uztailaren 21ean.- Nik, Erregeak- Antonio Cánovas del Castillo, Ministro Kontseiluko Presidenteak. Gaceta de Madrid, 1876ko uztailaren 25ean.
Testua: 1876ko Konstituzioa (1876-06-30)
Alfontso XII.a Jainkoaren graziaz Espainiako Errege konstituzionala denak honako hau ikusi eta ulertzen duzuen guztioi zera jakinarazten dizue: egun bilduta jarraitzen duten Erresumako Gorteekin batera eta haiekin bat etorriz, honako hau agindu eta berretsi dudala: Espainiako Monarkiaren Konstituzioa
11. art. Erlijio Katoliko, Apostoliko eta Erromatarra Estatuaren erlijioa da. Nazioa haren kultua eta haren ministroak mantentzera behartuta dago. Espainiako lurraldean ezingo da inor molestatu ez bere iritzi erlijiosoengatik ez bere kultua praktikatzeagatik, baldin eta kristau moralari zor zaion errespetua gordetzen bazaio. Ez dira baimenduko, ordea, Estatuaren erlijioarenak ez diren jendaurreko zeremonia eta adierazpenak. (...)
13. art. Espainiar orok du eskubidea:
- Bere iritzi eta ideiak askatasunez adierazteko, ahoz, idatziz, inprimaketaz edo antzeko beste prozedura batez baliatuz eta aurretiko zentsurari lotu gabe.
- Bakean biltzeko.
- Giza bizitzaren xedeetarako elkartzeko (...).
18. art. Legeak egiteko ahalmena Gorteek dute Erregearekin.
19. art. Gorteak ahalmen bereko bi gorputz legegilez osatuta daude, gaitasun berberak dituztenak: Senatua eta Diputatuen Kongresua.
20. art. Senatua honela osatuta dago: norberaren eskubideko senatariak; Koroak izendatutako biziarteko senatariak; Estatuko korporazioek eta zergapeko handiek hautatutako senatariak (...).
28. art. Legeak finkatzen duen metodoaren bitartez hautatu eta berrautatu ahal izango dira diputatuak (...).
50. art. Erregeak du legeak betearazteko eskumena (...).
75. art. Kode berberek aginduko dute monarkia osoan, zirkunstantzia jakin batzuen ondorioz legeek xedatzen dituzten aldaketak egin ahal izango badira ere. Epaiketa arrunt, zibil eta kriminaletan, foru bakarra ezarriko da espainiar guztientzat (...).
Madrilen, 1876ko ekainaren 30ean.
Testua: Joaquín Costa - Oligarkia eta Kazikismoa (1901)
Horren bitartez, gobernu mota hau osatzen duten faktoreak eta bakoitzak gainerakoekiko okupatzen duen posizioa erabakitzen ditugu. Hiru dira kanpoko osagai horiek:
- Bando bakoitzeko oligarkak (primate deiturikoak), gizon itzaltsuak edo gailenak, haren "buruzagitza" osatzen dutenak eta, oro har, erdialdean bizi direnak;
- Lehen, bigarren edo hurrengo mailako jauntxoak, lurraldean sakabanatuak;
- Gobernadore zibila, haien komunikazio-organo eta tresna den pertsona.
Funtsean, horixe da trikimailu guztia, bere zamaren azpian nazioa amore emanda, intzirika eta etzanda daukana. Oligarka eta jauntxoek osatzen dute klase gidari edo gobernatzaile deitzen dioguna eta 'alderditan' banatuta eta sailkatuta dagoena. Baina hala deitzen badiogu ere, ez da hala; hala balitz, nazioaren zati eta haren ordezkari organiko izango litzateke. Baina gorputz arrotza baino ez da, zergak ezarri eta kobratzearren ministerioak, kapitaintzak, telegrafoak, trenbideak, bateriak eta gotorlekuak indarrez hartutako atzerritar talde bat izango litzatekeen bezala.
Hauteskundeetan (...), ez da herria bozketa faltsifikatu eta sistema galbidera eramaten duena, klase kontserbadoreak eta gobernatzaileak baizik. Horretarako, euren posizioaz, aberastasunaz eta masak zuzentzeko eman zitzaien aginteaz eta botereaz baliatzen dira.
Joaquin Costa, Oligarquía y caciquismo como la forma actual de gobierno en España, Madril, 1901.
Testua: Federico Echevarria - Librekanbismoa vs Protekzionismoa (1893)
Ez, hemen gertatzen den gauza bakarra zera da, Espainiaren eta Alemaniaren artean proiektuan dagoen itun tamalgarriaren ondorioz, atzera botako dela, eta deseginik geldituko dela egungo aduana-zergen araubidea ezartzeko egindako lan handia. Eta jokabide horrek zoritxar handia ekarriko dio herrialdeari, dudarik gabe; ez bakarrik aurrekari zorigaiztoko bat ezarriko duelako, etorkizuneko edozein industria-ekimen hondatuko lukeena, baizik eta, orobat, zauri hilgarria eragingo liekeelako lantegiei; bai egungo muga-zergen araubidearen babesean altxatu direnei, halakoak baitira gehien-gehienak, baita lehendik altxatuak zirenetan egin diren erreforma eta zabaltze handiei ere.
Eta industria-jarduera horren guztiaren heriotzak, ohar gaitezen, hauek guztiak harrapatuko lituzke:
- Labe Garaiak, galdaragintzako eta makinak egiteko instalazio berrietan: altzairu-ekoizpena;
- Talleres de Deusto, altzairu moldekatuak eta trakzio-makinak eta -materiala egiteko sailean;
- Aurrera, haren hodi-fundizio ezin garrantzitsuagoetan, altzairuzko manufakturetan;
- Talleres de Zorroza eta Talleres de Miraballes, zubigintzan, bagoigintzan, eraikuntzan eta galdaragintzan (...)
- eta beste asko eta asko, luze joko bailiguke orain denak aipatzeak.
Ez aipatzeagatik, jaun-andreok, berebiziko garrantzia duten fabrika-proiektuak — izenik ezin dut eman—, 1892ko aduana-zergak jarraitzearen baitan baitago haiek gauzatzea edo ez.
Hain ondorio lazgarriak saihesteko, hainbesteko hondamena saihesteko, Bizkaia ez ezik Espainiako beste eskualde oso garrantzitsu batzuk ere hartuko bailituzke eta eragina izango bailuke nazio osoan, tinko eskatu behar diogu Gobernuari ez dadila urrundu araubidetik, ez dezala suntsitu halako modu zalapartatsu eta gupidagabean gaur egungo babes-sistema, eta, beraz, bazterrera utz dezala espainiar-alemaniar itun zentzugabe hori.
Merkataritza Itunen kontrako mitin-protesta, Bilbon, 1893ko abenduaren 9an. Bilbon, 1894.
Bigarren Karlistaldia eta Foruen Amaiera
1868ko Iraultza Loriatsuaren ondoren, karlismoak gorakada izan zuen Euskal Herrian, erlijio katolikoaren defentsan oinarrituta, gobernu liberalen erlijio askatasunaren aurrean. 1872an, Karlos VII.a buru zela, Bigarren Karlistaldia hasi zen. Euskal Herria izan zen gatazkaren agertoki nagusia, non gerra gerrillariek gidatu zuten, eta Santa Kruz apaiza nabarmendu zen. Karlistek Gernikan foruak berretsi zituzten eta Lizarran ezarri zuten euren gortea, administrazio propioaren enbrioi bat sortuz. Hala ere, hiriguneak liberalen esku geratu ziren, eta Alfontso XII.aren monarkia berrezarri ondoren, karlistak garaituak izan ziren, Karlos VII.a erbesteratu zen eta gerra amaitu zen.
Porrotak foru sistemaren abolizioa ekarri zuen. 1876ko uztailaren 21eko legearekin, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru eskubideak indargabetu ziren. Gobernuak Diputazio Probintzialak ezarri zituen eta administrazioan aldaketak egiteko eskumena hartu zuen. 1878an, Cánovas del Castilloren gobernuak Kontzertu Ekonomikoa ezarri zuen, eta diputazioei zerga bilketa eta kudeaketa autonomia eman zien. Trukean, kupoa ordaindu behar zuten Estatuari.
Kontzertu Ekonomikoari esker, presio fiskala txikiagoa zen, eta euskal burgesiak sistema hori babestu zuen. Hala ere, autogobernuaren murrizketek nahigabea sortu zuten, eta foruzale eta nazionalisten mugimenduak indartu ziren. Horrek euskal lurraldeen egoera politiko eta ekonomikoa egonkortu zuen Berrezarkuntza garaian.
Industrializazioaren Bilakaera eta Kontzertu Ekonomikoa
Industrializazioak bilakaera desberdina izan zuen Euskal Herrian. Bizkaian prozesua azkarra izan zen, Bilboko itsasadarrean kontzentratua, eta industria astuna, meatzaritza eta siderurgia sektoreak nagusitu ziren. Gipuzkoan, industrializazioa geldoagoa eta dibertsifikatuagoa izan zen, herrialde osoan sakabanatuta, eta sektore nagusien artean papergintza, ehungintza eta metalurgia zeuden. Araban eta Nafarroan, berriz, industrializazioa ia ez zen garatu.
Bizkaiko Industrializazioa
Bizkaian, industrializazioa XIX. mendearen bukaeran lehertu zen meatzaritzari esker. Burdina esportatzeak eta Ingalaterrako ikatza inportatzeak Bizkaiko siderurgia eta ontziolak bultzatu zituen.
Sektore nagusien artean hauek nabarmentzen ziren:
- Meatzaritza (Orconera Iron Ore eta Ybarra familiaren enpresak)
- Siderurgia (Altos Hornos de Vizcaya)
- Merkataritza-ontziteria
Industriaren garapenak finantza-sektorearen gorakada ere eragin zuen, hala nola Banco de Bilbao eta Banco de Vizcaya sortu ziren.
Gipuzkoako Industrializazioa
Gipuzkoan industrializazioa sakabanatua izan zen, herrialdeko ibarretan banatuta. Papergintza Oria ibarrean garatu zen, eta ehungintza Azkoitian eta Tolosan espezializatu zen. Siderometalurgian, Deba eta Goierriko eskualdeak nabarmendu ziren, eta armagintza Eibar eta Soraluzeko lantegiekin. Gipuzkoako industria enpresa txiki eta erdi mailakoen eskuetan egon zen, eta finantzaketa tokiko banku eta aurrezki kutxen bidez egin zen.
Industrializazio prozesuak Euskal Herrian garapen ekonomikoa ekarri zuen, baina eredu desberdinak eta desberdintasun sozioekonomikoak sortu zituen.