Euskal Kulturaren Eragileak: Amuriza, Artze, Txillardegi, Xalbador eta Aresti
Clasificado en Lengua y literatura
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,71 KB
Amuriza
AMURIZA: 1980ko eta 1982ko txapelketetan, Xabier Amurizak berritasun handia ekarri zion bertsolaritzari. Haren hizkera, irudi eta metafora-mundua eta, oro har, bertsoak egituratzeko modua bereziak ziren, ordura artekoak ez bezalakoak. Neurri eta doinuetan ere berrikuntza handiak ekarri zituen: estrofa eta doinu asko sortu zituen, ordura artekoetatik oso desberdinak. Amurizarekin, bertsolaritza beste aro batean sartu zen. Hala ber, bera izan zen urte haietako bertso eskolen eragile eta irakasle nagusia ere.
Artze
ARTZE: JosAnton Artze Ez dok amairu taldeko sortzaile eta kide izan zen. Euskarazko kulturgintzaren historian horren garrantzia handia izan zuen talde horretan bestelako sorkuntza adierazpenekin izan zuen harremanaren giroan, poesia liburuetatik eszenatokietara eroateko hautua egin zuen. Bere anaia Josemarirekin batera ahanzturan zegoen txalaparta eguneratu zuen. Zumeta margolariarekin elkarlanean aritu zen. Auzolanean sortutako harreman oparo bezain entzutetsua izan zen Mikel Laboaren eta bien artekoa. Artzek idatzi eta Laboak musikatutako kantu askok herri kantutegiko ezinbesteko erreferentzia izatea lortu dute.
Txillardegi
TXILLARDEGI: Europan modan zegoen existentzialismoaren ildotik idatzia eta 1957an argitaratua, Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua jotzen da euskal nobelagintza modernoaren lehenengotzat. Horren ostean Peru Leartzako eta Elsa Scheelen etorri ziren, 1960an eta 1969an, hurrenez hurren. Hiru horietako lehenarekin besterik gabe leku berezia merezi izango luke euskal literaturaren historian. Leturiak ekarri zuen haustura ulertzeko, esan behar da eleberria ez dela baserri girokoa lehen pertsonan eta egunerokoaren itxuraz idatzia dela eta kristau ideologiatik aldentzen dela. Hurrengo bi eleberriek lehenaren ildoan sakondu zuten eta, gerora etorri diren lanek zabalago egin dute idazlearen itzala. Saiakeraren arloan ere aitzindari, oso gogoan hartu behar dira Huntaz eta hartaz eta Hizkuntza eta pentsakera lanek beren garaian izan zuten eragina.
Xalbador
XALBADOR: Xalbador bertsolaria bere omenaldi egunean hil zen. Hala kontatu zuen Jose Mari Aranalde lagunak egun lazgarri hura: «Bazkalondoko bertso-saioa ari zuen. Bera ohorezko lekuan zegoen jarrita. Jaiki, lagunak han utzi eta kanpora atera zen. Metro batzuk aldarka-maldarka egin, eta han bertan erori zen. Kanpoan, jaialdira sartu gabe, haurrak zaintzen eta abar zeuden norbaitzuek ikusi eta jaso zuten eta frontoiaren pareko udaleku-etxera eraman. Handik ordubete ingurura gorpu zen. Doi-doi izan zuen astia emazteari enkargu bat emateko. Ondoan gertatu zen batek esanda dakit, «ez dizkiat erremertsiatzen ahal» esaten omen zuela. Ezin izango zuela, alegia, jenderik eskertu. Ez zuen jendearekin konplitzerik izan. Alferrik izan ziren Labegerie abeslari eta medikuaren ahaleginak, eta herriko medikuarenak. Astinaldi ederrik eman zioten, baina ez zuten bihotza martxan jarri ahal izan. Gelditua zen betiko».
Aresti
ARESTI: Gabriel Arestiren hainbat poema sinbolo bihurtu dira euskaldunentzat, haren hizkuntza ereduak hurrengo belaunaldiak eta euskara bera markatu ditu, bere adimen kementsuak mugarri den obra zabala utzi digu. Nabarmentzekoa da poeta askorentzat ezinbesteko iturria izan den Harri eta Herri liburua. Estreina-ko liburu guztiak bezala, ikur bilakatu zen, eta itzal egin dio egilearen obra osoari.