Euskal Literaturako Lau Idazle Garrantzitsu: Arrese Beitia, Lizardi, Lauaxeta eta Orixe
Clasificado en Latín
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,74 KB
Arrese Beitia (1841-1906)
Felipe Arrese Beitia Otxandion jaio zen 1841ean eta 1906an hil zen. Ez zen oso ikasia, baina bai erlijiozalea. Ikasketak goiz utzi eta aroztegian hasi zen aitarekin. Gasteizen santugile ogibidea ikasi zuen. Lanbidea, euskara eta poesiarako zaletasunarekin bateratzen zituen. Lana familiarentzat eta bertso bidea "Ama Euskeriarentzat". 1873an, Bigarren Karlistaldian, antimilitarista izanik, Donostiara alde egin zuen.
Obrak
- 400 olerkitik gora idatzi zituen, bihotzak eraginda.
- Ezagunena: Ama Euskeriari azken agurrak. Euskara galbidean zegoela esan eta euskaldunak esnarazi nahi zituen.
- Lore Jokoetan lehenengo saria jaso zuen 1879an.
- Liburuak eta hiztegiak ere idatzi zituen, adibidez: Bizkaitar zarra eta erromatarrak.
Gaien araberako antolaketa
- Euskara eta foru kantuak.
- Lirika kantuak (izadi elementuei kantatutakoak).
- Pertsonaia itzaltsuen ekintzak.
- Erlijio kantuak.
- Ipuinak.
- Gertaera historikoak eta erlijiozko irakasbideak.
- Prosazko lanak.
Lizardi (1896-1933)
Jose Maria Agirre Egaña, Lizardi ezizenez ezaguna, Zarautzen jaio zen 1896an eta 1933an hil zen. Legegizon ikasketak egin zituen Madrilen. Gerente lanak egin zituen, eta horrek bidaiatzeko aukera asko eman zizkion. Primo de Riveraren diktaduran, euskal abertzaletasunak jazarpena sufritu zuen. Egoera horretan, kulturgintza ezinbestekoa zen abertzaletasuna zabaltzeko. Lizardik poesia erabili zuen ideia horiek guztiak zabaltzeko.
Ezaugarriak
Berritzaile eta klasikoen arteko eztabaida garratza zegoen, euskara herrikoia ala jasoa erabili behar ote zen. Lizardik bien garrantzia azpimarratu zuen. Bere poesia lan garrantzitsuena Biotz begietan (1932) da. Hizkuntza poetiko sakona erabili zuen. Barne-gogoa eta munduko errealitatea bateratu zituen.
Gai nagusia
Lizardiren gai nagusia izadia da. Euskal paisaiaren edertasuna adierazteko sekulako sentikortasuna erakutsi zuen. Barne sentimenduak metafora bidez azaldu zituen: denboraren joana, bizitza eta heriotza… Europako beste idazleen antzera. Familian izandako ezbeharrak ere poesian adierazi zituen, seme-alaben heriotza, adibidez.
Lauaxeta (1905-1937)
Esteban Urkiaga Basaraz, Lauaxeta ezizenez ezaguna, Laukizen jaio zen 1905ean eta Gasteizen hil zuten 1937an. Latina eta erretorika ikasi ondoren, abade ikasketak egin zituen, baina mezabarria eman baino lehen komentua utzi zuen. Euzkadi egunkari nazionalistan hasi zen lanean. Hasieran, Orixeren laguntzaile izan zen. Ondoren, berak garaiko bizitzaren gaineko kronikak idatzi zituen. Europako literatur joerak oso ongi ezagutzen zituen. Mitinak eman, kultur ekitaldi eta irratsaioetan parte hartu zuen.
Ideologia
Euskadi nazioa bakezaletasunean eta kulturan eraikitzearen aldekoa zen. Zuzentasuna arrazoiaren bidez defendatu behar zela uste zuen. Kulturaz jantzitako herria nahi zuen. Francoren altxamenduan, Eusko Gudarostean sartu zen, komandante graduarekin. Gudari aldizkaria eta euskarazko Eguna kaleratu zituen. Gernikako bonbardaketan, kazetari bat laguntzera joan eta preso hartu zuten. Heriotza-zigorra ezarri eta fusilatu egin zuten.
Orixe (1888-1961)
Nikolas Ormaetxea, Orixe ezizenez ezaguna, Orexa herrian jaio zen 1888an eta 1961ean hil zen. Hirukiak ziren etxean, eta hazteko zailtasunak zituztenez, Uitzira bidali zuten. Nekazari giroan hasi zen, harik eta jesuita ikasketak egitera joan zen arte. Urte horietako formazioari esker, Grezia eta Erromako klasikoak ondo ezagutu zituen. Jesuitekin harremanak okertu eta Lagunditik bota zuten.
Ibilbidea
Ondoren, Bilbora joan zen. Bertan, Euskaltzaindian aritu zen lanean, Euzkadi aldizkariko euskarazko atalaren arduradun gisa. Garai hartan hiru liburu idatzi zituen: Tormes'ko itsu-mutilla (itzulpena), Mireio (itzulpena) eta Santa Kruz apaiza. Azken hori eleberri antzera idatzitako biografia da, karlistaldietan gerrillari ibili zen apaiz bati buruzkoa. Liburu horretan, gogorrak iruditzen zitzaizkion pasarteak ezabatu zituen. 1931n, Euskaldunak idatzi zuen, baserri giroko Euskal Herri tradizionalaren goresmenezko poema epiko-folklorikoa, 1950 arte argitaratu ez zena. Gerra garaian atxilotu egin zuten. Bigarren aldiz atxilotu behar zutenean, ihes egin zuen. Bigarren Mundu Gerran, Gurs-eko kontzentrazio-zelaian egon zen. Ondoren, itzulpenak egiteko enkarguak jaso zituen. 1950ean, Amerikara joan zen. Bertan zegoela, itzulpenekin jarraitu zuen. 1954an itzuli zen, eta Euskal Herria arrotz ikusten zuen. Garai honetakoa da Jainkoaren bila lana.