Euskal Literaturaren Bilakaera (1936-1975): Generoak eta Egileak

Enviado por Laura y clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en vasco con un tamaño de 17,04 KB

Nobelagintzaren Bilakaera

Zergatik da nobelagintza esparru berria euskal literaturan?

1936ra arteko euskal nobelagintza ez zen hain aberatsa izan, Txomin Agirre eta beste batzuen salbuespenarekin. Esparru berri samarra genuen euskal literaturan, eta orduan nagusitu zen purismo lexikalak ez zion egoki garatzeko mesederik egiten. Irazuztak eta Eizagirrek Ameriketan gauzatutako eleberrietan idazmolde erraz eta herrikoikoiagoak erabili zirela ikusi da. Dena dela, ez zuten behar adinako eraginik izango hemengo gizarte literarioan, atzerrian inprimatutako liburu horiek zabaltzeko oztopo handiak ipintzen baitzituzten garaiko agintariek.

Nahiz eta argitaratzeko debekuak kendu, beste arazo batzuek ere bere horretan zirauten Hegoaldean. Zeintzuk?

Hegoaldean, argitaratzeko debekuak kendu bezain laster, kopuru aldetik produkzio itxurosoa egon zela esan daiteke. Beste arazo batzuek, ordea, bere horretan zirauten:

  • Gobernuaren zentsurak indartsu jarraitzen zuen.
  • Hizkuntzaren beraren egoera oso larria zen oraindik.
  • Munduko korronte literarioak ezagutzeko samurtasunik ez zegoen.
  • Euskal liburugintzak azpiegitura zeharo amateurra zeukan.

Nor da maisu eleberri historiko sailean? Zeintzuk obra idatzi zituen?

Eleberri historikoetan Jon Etxaide dugu maisu. Bi lan madarikatu irabazi zioten ondo merezitako ospea: Joanak joan eta Gorrotoa lege eleberriekin. Lehena Piarres Topet “Etxahun” koblakari famatuaren biografia nobelatua da, Zuberoan kokatua. Bigarrena, aldiz, Ahaide Nagusien arteko gatazka amaigabeei buruz dihardu. Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian oinaztar eta ganboarrek elkarrekin izandako borroka odoltsuak ditu ardatz eta kontagai.

Zein da Etxaideren helbururik nagusiena?

Euskal giroa gauzatu nahi du. Euskal Herri osoko lurraldeak, paisaiak, kantak, idazleak eta abar erakutsiko ditu bere lanetan. Jorratu eta landu dituen sail guztietan —eleberria, ipuina, antzerkia, saiakera— herrigintza da Etxaideren helburu nagusia.

Nork idatzi zuen lehenengo euskal eleberri poliziakoa? Zein da obraren izenburua?

Lehenengo eleberri poliziakoa Jose Antonio Loidi errenteriarrak argitaratu zuen 1955ean, Amabost egun Urgainen izenburuaz. Kostaldeko herri batean gertaturiko heriotza susmagarri baten miaketaz ari da.

Aipatu hurrengo hamarkadetan arlo horretan agertutako beste hiru idazle.

Hurrengo hamarkadan Mariano Izeta, Txomin Peillen, Xabier Gereño eta Gotzon Garate izan ziren agertutako idazleak.

Zein eleberri arlotan kokatuko zenuke Txillardegi?

Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi” eleberri existentzialistan kokatuko genuke. Leturiaren egunkari ezkutua argitaratu zuenean, euskal nobelagintzak aro berri bati ekiten ziola zirudien. Ez zuten denek begi onez ikusi erlijio aldetik liburuari zerion heterodoxia.

Aipatu eleberri mota horri buruzko ezaugarri batzuk.

  • Kokapena erabat hiritarra izan gabe, ohitura nobeletan ageri ziren baserrietako eta herri txikietako girotik aldentzen da.
  • Lehen pertsonan idatzia izateak eta protagonistak egiten dituen gogoeta filosofikoek taxu berezia eransten diote liburuari.

Zein da obrarik onena? Eta zeri buruzkoa?

Lehen liburuetako euskara hobetu eta aberastu egiten zuen Txillardegik Elsa Scheelen hirugarren eleberriarekin. Euskal Herritik urrun, emakume belgikar baten arazo pertsonalak eta gorabehera sentimentalak azaltzen dizkigun liburu honek irakurle zabala bereganatu zuen.

Nobelagintza tradizionalean, nor da, Lekeitiokoa izanda, bere herria askotan kantagai duen idazlea?

Eusebio Erkiaga lekeitiarra dugu. Gerra aurretiko lirikako isuria izan zuen, baina gerora prosalari oparoa izan genuen.

Gabriel Arestik nobela bat utzi digu. Zein eta zeri buruzkoa?

Gabriel Arestiren eleberri bakarra dugu: Mundu munduan. Antzerkirako moldatu zuen lehendabizi. Nobela atipiko honetan oso hurbil baina ezkutuan dagoen bizimodua bistaratzen digu Arestik: 1960 inguruko industrializazio basatia dela bide, Bilbo aldean sortzen diren txabola auzoetako miseria gorria sufritu behar dutenena. Batzuetan, ordea, gizarteari egin nahi zaion kritika nobelaren hariak abiatzen dituen bidezidor tremendistetan zehar galtzen da.

Jon Mirande Iparraldeko idazlea labur azaldu.

Jon Mirande paristarraren prosa lanak ere ez ziren orain dela gutxira arte argitaratu. Aldizkarietan barreiaturik zeukan produkzio guztia. Bizi zelarik, Haur besoetakoa eleberria soilik argitaratu zuen. Hamaika urte lehenago buruturik zuen jada gizon heldu eta haur neskato baten arteko maitasun harremanak kontatzen dizkigun liburu hau.

Saiakera eta beste prosa lan batzuk

Gerra ostean saiakeraren garapenari kultur aldizkariek asko lagundu zioten. Aipa itzazu horietariko hiru aldizkari eta non sortu ziren.

Kultur aldizkariek asko lagundu zioten saiakera munduaren garapenari:

  • EUZKO-GOGOAK Guatemalatik.
  • EGAN Donostiatik.
  • JAKIN Arantzazutik.

Bakoitzak bere estiloaz, orrialde dezente eskaini zioten saiakerari.

Zein da Salbatore Mitxelenaren obra guztian agertzen den kezka?

Mitxelenaren obra guztietan —olerkietan, teatroan, saiogintzan— agertzen zaigun kezka, gerrak euskaldunen artean utzi dituen zauriak ia sendaezinak iruditzen zaizkiola da.

Gerratean jasandako oinazeek eta atsekabeek, Nikolas Ormaetxea “Orixe” jainkozaleago bihurtu zuten. Azaldu ideia hori eta horren isla literarioa.

Bizitzaren azken zatian sekula baino jainkozaleago azaldu zitzaigun “Orixe”. Gerratearen eta ondoko urteetan jasandako oinaze eta atsekabeek areagotu egin zioten nonbait mistikarako isuria. Barne gogoeta horien jario gisa bi idazlan utzi zizkigun: Quiton arrebarekin eta Jainkoaren bila. Kasu horretan oso berandu ailegatu ziren irakurle gehienen eskuetara.

Zein xede izan zuten Andima Ibiñagabeitiak eta Jokin Zaitegik euskararekiko?

Badute kidetasunik Orixeren, Andima Ibiñagaitiaren eta Jokin Zaitegiren izkribu eta itzulpen batzuek. Beraien xedea euskara unibertsitate mailara altxatzea zen.

Zer lan egin zuen Jokin Zaitegik bide hori prestatzen hasteko?

Jokin Zaitegik Platonen Lehenengo atarian, filosofo grekoaren pentsaera arakatzen duen saioa egin zuen.

Luis Villasantek, literaturari eta hizkuntzari buruzko ikerketez gain, liburugintza erlijiosoa ere landu zuen eta hiru liburu utzi zizkigun: “Jainkoa”, “Jesukristo” eta “Eliza”, baina hiru liburu horien bidez, zer ikus daiteke?

Hiru liburu horien bidez garbi asko ikus daiteke euskararen batasun prozesuaren nondik norakoa.

Nolako idazmoldea izan zuen Koldo Mitxelenak eta zertan aritu zen?

(Jatorrizko testuan ez dago erantzunik galdera honetarako.)

Zeintzuk arlo landu zituen Txillardegik?

Hizkera bizi, moderno eta ausartaz garai hartako gizartean pil-pilean zeuden gaiak garatzen ditu 10 saiakera laburretan zehar. Harrezkero ere etengabe dihardu egile donostiarrak aldizkari eta kazetetan idazten. Hizkuntzalaritzatik at, gizarte gaiak ditu gogokoen, politika eta soziolinguistika gehienbat. Saiakera arloan edo artikuluz taxuturiko liburu pilatxoa dauka argitaraturik. Adibidez: Euskal Herritik erdal herrietara.

“Jakin” aldizkariaren balioa eta helburua azaldu, eta aipatu aldizkari horretan aritu ziren idazle batzuen izenak.

Arantzazun 1956an jaio zen JAKIN aldizkaria, besterik ezean, eskola ona izan zuten orduko ikasle gazteen eskutik. Agintariek jarritako oztopoengatik etenaldi eta isilaldiak eduki arren, 1970etik aurrera emaitza ugari eta garrantzitsuak ekarriko zituen belaunaldi baten ikasleku bihurtu zen. JAKINeko orrialdeetan trebatu ziren, besteak beste, gaur egun saiakeraren esparruan hain ezagunak ditugun Joseba Intxausti, Joan Mari Torrealdai, Paulo Iztueta eta Rikardo Arregi.

Poesiaren Bilakaera (1954-1975)

Zeintzuk aldizkari izan ziren poesia lanen babesleku?

Liburuez gainera hainbat aldiz aipatu ditugun EGAN eta EUZKO-GOGOA aldizkariak izan ziren poesia lanen babeslekuak, oraintxe ikusiko dugun OLERTI aldizkariarekin batera, jakina. Olerti aldizkariak, 1960ko hamarkadan plataforma ederra eskaini zien adin guztietako poetei. Helduek osatzen zuten gehiengoa. Partaide batzuk: Mikel Lasa, Jose Azurmendi, Amaia Lasa.

Zeintzuk dira Iratzederren poema liburuen inspirazio iturriak?

“Iratzeder” izadia, herria eta erlijioa izan zituen inspirazio iturri.

Zergatik esaten da Miranderen poesia oso bestelakoa dela bai gaietan bai hizkeran?

Mirande euskaldun berria dugu, hiritarra, paganoa eta antikristaua. Oso bestelakoa izan behar zuen derrigorrez Miranderen poesiak. Metrikan baino areago gaietan eta hizkeran daude alderik nabarmenenak. Ez zeuden ohituta euskaldunen begiak tamaina horretako gordinkeriak irakurtzera. Zenbait poemari darien erotismoak txiki uzten ditu Etxepareren maitasun bertsoak. Borrokarako egiten dituen deiak harrigarriak ziren orduko literaturazale apurrentzat. Miranderen iritziz, erlijio kristauak borondatea ahuldu egin digu, eta antzinako jentilen kulturara itzuli behar dugu euskaldunok. Hala ere, badaki, berean, Pariseko zuberotar honek gauzak samurkiro adierazten, ironia fina erabiltzen, hitz joko ozenak sortzen.

Bitoriano Gandiaga idazlea labur azaldu.

Bitoriano Gandiaga jaiotzez Mendatakoa izan arren, ia bizitza osoa Arantzazun eta inguruetan pasatu zuen ikasle, apaiz eta irakasle lanetan. Ezaguna da hango mendi, basoei eta paisaiari zien atxikimendua. Hamabi urteko hausnarketa luzeak bigarren fruitua ekarri zuen: Hiru gizon bakarka, frankismoaren hondarrean nekez erdietsi eta argitaratutako lana. Herri izan nahi duen eta ezin duen Euskal Herriaren egoera korapilatsua adierazten du.

Esan Gabriel Arestiren poesia liburuen izenak. Zein da herritarragoa?

Poesia asko idatzi zuen Arestik hogei bat urtean zehar. Hainbat lan ordu eta gero, bere obrarik egituratuena eta biribilena kaleratu zuen 1960an, Maldan behera. Batuaren aitzindari izango zen hizkera berri batean taxutua, arnasa handiko poema sinbolista dugu. Interpretatzeko arazoak zituelako eta, apika, liburu gisa agertu ez zelako, ez zuen arrakasta larregi izan. Harri eta Herri-n estilo zuzenagoa zerabilen, herritarragoa, eguneroko arazoetatik hurbilagoa.

Eman Uhin Berria mugimenduko bost poetaren izenak.

Juan San Martinek 1966an atondu zuen antologia bati ezarri zion Uhin Berri izenburua. Poesia garaikideari eskainitako bilduma zen, hau da, 1964-1969 bitarteko poeta gazteen produkzioari. Mugimendu honetako poeta nabarmenak izan ziren, besteak beste: Gabriel Aresti, Xabier Lete eta Mikel Lasa.

“Handiaren arrazoiak” norena da? Zer egoera deskribatzeko balio dezake poesia honek?

Bitoriano Gandiagaren poema honek, Hiru gizon bakarka liburuko beste olerki askoren antzera, poesia soziala dugu honako hau; gizadian sarritan berez eta bidezkotzat hartzen den egoera baten aurkako protesta: handiaren arrazoiak asko eta handiak dira, txikiarenak lotsagabekeriak; azpikoari isilik egotea dagokio.

“Harriaren izenean” Norena da? Zer esan nahi du? Poesia soziala da?

Joxean Artzeren poema dugu, poesia soziala dena. Gurasoek edo hezitzaileek aholkuak ematerakoan hartuko luketen doinua hartuz egiten du protesta: ez dugu eskubiderik hitz egiteko, premiak ikusteko, negarrak adierazteko. Horretarako ironia finez baliatzen da Artzabal bere protestak kaleratzeko.

Gerraosteko Antzerkia

Zergatik da gaitza euskal antzerkiaren ikuspegi osotua izatea?

Euskal teatroari gutxitan eman zaio behar besteko garrantzirik. Honenbestez, gaitza da gure antzerkiaren ikuspegi osotua izatea, zeren:

  • Idatzitako guztia ez da argitaratu.
  • Batzuetan, antzeztu arren, ez da inprimitu.

Gainera, antzerkigintzaren helburua ez da maiz oso literarioa izan, euskaltzaletasunari eusteko tresna bat baizik.

Iparraldeko teatroaren barnean, egile mordoxkaren artean azpimarratu bi autore.

Bigarren Mundu Gerraren ondotik laster heldu zioten berriro Iparraldean antzerkigintzari. Baionako GURE HERRIA aldizkarian argitaratu ziren gehienak 1951ez gero. Herri txikietan aurkezteko antzezlanak izaten ziren eskuarki, egitura eta gai erraz samarrekin. Egile mordoxkaren artean: Piarres Lartzabal eta Telesforo Monzon.

Aipatu Piarres Lartzabalen antzerkiaren ezaugarri batzuk.

Piarres Lartzabal teatrogile trebe eta langileena dugu. Dozenaka lan, labur eta luze, gauzatu zituen antzerkirako. Ederki zekien drama eta komedia egiten. Lapurtarraren antzerkiak herrikoiak eta ikasiak dira, jende landu eta jende arruntarentzat eginak. Lan aipagarriak: Etxahun eta Senperen gertatua.

Iparraldeko herri teatro tradizionalean pastoral gaiak aldatuz joan dira. Komentatu.

Gerra inguruan etenaldi luzetxoa izan ondoren, 1950az geroztik sarri antzeztu da. 1973az gero urtero edo bi urtetik behin egon ohi da emanaldia Zuberoako herriren batean. Bigarren Mundu Gerra arte pastoral-gairik gehienak Testamentu Zaharretik edo Frantziako historiatik ateratzen baziren ere, orain protagonistak Zuberokoak, Iparraldeko beste euskaldun batzuk, edota Hego Euskal Herrikoak ere izan daitezke, eta batzuetan gertakari edo herri baten historia ere hartu izan da ardatz.

Aipatu 1950etik aurrera Hegoaldeko antzerki talde batzuk. Zein arazo nagusiri egin behar izan zioten aurre?

Hegoaldeko antzerki talde batzuk:

  • Euskal Iztundea
  • Jarrai taldea
  • Kriselu taldea
  • Intxixu taldea

Frankismoaren bukaerako giro politiko nahasiak ere ez zuen antzerkia egonkortzen askorik lagundu, errepresioa zela eta jende ugari sakabanatu eta hainbat talde banandu ziren.

Egoera politikoa aldatzeak ekarri zuen onurarik, mesederik teatroarentzat? Zergatik?

Egoera politikoa aldatzen hasi zenean, esperantza berriak piztu ziren teatrozaleen artean. Aurrera pausua izan zen, iraun zuen artean, Jaurlaritzak 1980ko hamarkadan Donostian eratu zuen “Antzerki” izeneko teatro eskola. Han ikasitako asko gaur egun aktore profesional gisa dabiltza telebistan, zineman eta antzerkian. Horientzat dena erraztasuna ez bada ere, duela urte batzuk pentsaezina zen maila artistikoa lortu da.

Aipatu Hegoaldeko hiru teatrogile eta lan bana.

  • Antonio Maria: Malentxo Alargun
  • Salbatore Mitxelena: Confixus
  • Jon Etxaide: Amalur
  • Gabriel Aresti: Etxe aberatseko seme galdua
  • Xalbador Lekuona: Historio triste bat

Azken hamarkadetan, badirudi antzerkia krisian dagoela. Arrazoirik ba al dago hau esateko? Zergatik?

Bai, arrazoiak hauek dira:

  • Telebista teatroari esparrua jaten ari zaiolako.
  • Egun ematen diren obra asko talde-lanean mamitzen direlako.
  • Argitaletxeek, irakaskuntzak eta administrazioak behar besteko arretarik jartzen ez diotelako.

P. Lartzabal. Euskalkia - Hizkuntzaren aldeko berezitasunak.

Piarres Lartzabalek euskalki lapurtera darabil. Adibide batzuk: makhilarekin, gorphutz.

Azken Urteotako Prosagintza

Zeintzuk dira azken 30-35 urteotan euskara idatziaren erabilerak izan duen bilakaera?

Euskal liburugintzak izan duen bilakaera, literaturari dagokionez, honakoa da:

  • Euskal liburugintzari majo kostatu zitzaion urtero ehun titulu argitaratzea. Ez zuen halakorik 1974ra arte erdietsi. Hamasei urte geroago, ordea, milatik pasatzea lortu zen, eta harrezkero ez gara kopuru horretatik jaitsi.
  • Euskara batuaren prozesua, zeharo burutua ez dagoen arren, atzeraezinezko bidetik doa.
  • Argitaletxeek lehen baino izenburu gehiago ateratzen dituzte narratiban; poesian ez hainbeste.
  • Antzerkia da generorik motelena.
  • Eskolaritzaren ondorioz, haur eta gazteentzako literatura erruz hazi da.

Ramon Saizarbitoriak nobelatan euskaraz urratu gabeko bideak erabili ditu. Zeintzuk?

Ordura arte, euskaraz urratu gabeko bideak ibili ditu Ramon Saizarbitoriak:

  • Sekuentzien txandaketa.
  • Pertsona narratzaile aldaketa.
  • Ikuspuntu askotatik aurkeztutako gertaerak.
  • Erregistroen aniztasuna.

Askoren ustez, zein da lehenbiziko euskal eleberri modernoa? Norena?

Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako liburua da lehenbiziko euskal eleberri modernoa.

Entradas relacionadas: