Euskal Literaturaren Giltzarriak: Larramendi, Mogel, Peru Abarka
Clasificado en Latín
Escrito el en vasco con un tamaño de 6,44 KB
Prosa Ez-Erlijiosoa
Batzuetan elizgizonek egindakoak izan arren, zuzenean erlijioarekin zerikusirik ez zuten idazlanak ere sortu ziren XIX. mendean. Interesgarrienetakoa, aipatu berri dugun Juan Antonio Mogel Markina-Xemeingo erretorearen Peru Abarka dugu, ziur aski, adibide nagusia. Nobela izatera iritsi gabe ere, baserritar baten eta kaletar baten arteko pasadizoak kontatzen zaizkigu elkarrizketa luze baten bitartez. Gehien hitz egiten duena Peru baserritarra da, Maisu Juan barbero-sendagile kaletarrak baino askoz gehiago dakiena ia beti. Liburuak kutsu didaktiko nabarmena du, paregabea.
Hegoaldeko Idazleak: Sarrera
Euskal liburugintzari dagokionez, aurreko bi mendeetan izugarrizko aldea hartu zion Iparraldeak Hegoaldeari. XVII. mendean diferentzia hori txikitzen hasi zen, XIX. mendean parekatu egin zirela esan daiteke, eta XX. mendean Hegoaldea nagusitu zaio Iparraldeari. XVII. mendeko lehen hamarkadetan geldo samar aritu zen Hegoaldeko euskarazko literatura. Kristau ikasbiderako dotrinak eta antzekoak bakarrik kaleratu ziren garai hartan. Idazleen artean, Gipuzkoan J. Otxoa Arin eta J. Irazusta aipa ditzakegu, eta Bizkaian M. Arzadun.
Manuel Larramendi jesuitak suspertu zuen egoera hau apur bat. Egia esanik, konpainiakideen artean izan zuen arrakasta handiena, A. Kardaberaz eta S. Mendiburu jesuitak izan baitziren mendearen erdialdean idazlerik oparoenak eta liburu gehien argitaratzea lortu zutenak. Baina 1766an Larramendi hil zen, eta hurrengo urtean jesuitak atzerriratu egin zituzten. Mendearen bukaerara arteko epean oso liburu gutxi argitaratu zen euskaraz, besteak beste: J. A. Ubillos eta B. Olaetxearen dotrinak, A. Basterretxearen eliz kantak eta A. Kardaberazen zenbait lan. Jesuiten kanporatzea beherakada literario horren arrazoietako bat izan badaiteke ere, ez dugu ahaztu behar mende hartako Espainiako agintari borboiek eragozpen handiak jarri zituztela erreinuko hizkuntza ez-ofizialetan idatzitako liburuak argitaratzeko, euskaraz eta katalanez, adibidez.
Manuel Larramendi (1690-1766)
XVIII. mendeko gizonik ospetsuenetakoa izan zen andoaindarra. Haurtzaroa Hernanin eta Bilbon igaro ondoren, Jesusen Konpainian egin zituen ikasketak. Karlos II.a erregearen alargunaren aitorle gisa aritu zen Baionan hiru urtez. Heriotza heldu arte, Loiolan bizi izan zen, baina Gipuzkoa osoan aritu zen aholkulari gisa.
Hizlari jaioa eta zorrotza zen. Euskal Herria eta Gipuzkoa izan ziren haren arlorik aipatuenak. Euskararen aldeko azterketa eta defentsan oinarritutako idazlanak ere egin zituen:
- De la antigüedad y universalidad del bascuence en España: Euskararen apologia sutsua. Gure hizkuntzaren aurkako iritzi eta erasoei aurre egiten dien liburua da.
- El imposible vencido. Arte de la lengua Bascongada: Euskararen lehen gramatika obra, inprimatutako lehena behintzat. Lan honekin erakusten du euskara egokitu daitekeela gramatika lege eta arau askotara.
- Diccionario trilingüe del Castellano, Vascuence y Latín: Larramendiren lanik erraldoiena. Hizkuntzen ordena izenburuan agertzen den bezalakoa da. Batzuetan euskarazko hitz egokirik aurkitzen ez duenean, hitz berriak asmatzen ditu.
Larramendiren lan teorikoek zabalkunde handia izan zuten. Hurrengo mendeetako idazleengan eragin handia izan zuen. Hurrengo mendeetako idazle askok aitortu zuten beregan zuten zorra.
Bizenta Mogel (1782-1854)
Bizenta Antonia Mogel Elgezabal Azkoitian jaio zen 1782an, han aita sendagile baitzebilen. Osaba Juan Antoniok latina irakatsi zion eta idaztera animatu zuen. Abandoko Bilbon hil zen 1854an. Euskaraz idatzi zuen lehen emakumetzat hartua izan da, eta, hain zuzen ere, emakume idazlea eta ikasia izateagatik azalpenak eman behar izan zituen.
Bizenta Mogelen idazlanik ezagunena Ipui onac (1804) da. Liburu hori Esoporen berrogeita hamar alegiaren itzulpena da, hitz lauz idatzia. Liburuaren amaieran, osabaren beste zortzi alegia jaso zituen, eta hiztegi bat dakar amaieran.
Alegiak irakaskuntzarako eta hezibiderako material egokiak baitziren, moralaren aldetik. Bizentak gai horri buruz hitz egiten du hitzaurrean, zera dioela: XIX. mendearekin batera, alegiak iritsi ziren Euskal Herrira, haurrak eta nekazariak egoki hezitzeko tresna gisa, eta Bizenta Mogelen alegiak izan ziren tradizio berri horretako lehen katebegia.
Bizentak itzulpenerako baliatu zuen iturria bere garaian argitaratutako Isopete bat izan zen.
Juan Antonio Mogel (1740-1804)
Eibarren jaio bazen ere, markinarra dugu izatez. Nafarroatik etorritako mediku-familia bateko ondorengoa zen. Markinan bertan apaiz izan zen jardunbidez. Juan Antonio Mogelek Calatayudeko jesuitetan ikasi zuen, eta beste jesuita bati, Larramendiri alegia, jarraitu zion bere lanaren ildo teorikoa ezartzeko.
Bizenta Mogelen osaba izan zen.
Gerora, bizkaieraz idazteari ekin zion, eta bizkaiera, Markinako eredua alegia, maila literario jasora eraman zuen. Esan bezala, Larramendirengandik hainbat ikuspuntu jaso zituen ildo teorikoa finkatzeko, batez ere hizkuntza garbizaletasunari dagokionez. Hala ere, Mogel ez zen agertu Larramendi bezain neologismo zale. Bizkaiera literarioaren eredu klasiko nagusitzat hartuta, Mogelen lanaren emaitzaz den bezainbatean, esan dezakegu, batetik, bat egiten zuela gipuzkerazko sasoiko prosa erlijiosoaren tradizioarekin, baina inolako berrikuntzarik ekarri gabe. Bestetik, ordea, Mogelek urrats bat egin zuen prosa erlijiosotik aldentzeko, Peru Abarka lanaren bidez alegia, eta geroko alegi moralizatzaileentzako eta didaktikoentzako bidea zabaldu zuen. Mogelek literatura neoklasikoa landu zuen.
Juan Antonio Mogelen Obra Nagusiak
- Apaiz idazleari dagozkion erlijio-heziketara zuzendutako lanak (asko itzulpenak dira): gipuzkeraz idatziak.
- Euskararen aldeko lan apologetikoak eta gramatika lanak. Hizkuntza kontuetan jantzia eta zalea izanda, Humboldt zientzialari alemaniarrarekin eta Larramendirekin berarekin bat zetorren basko-iberismoaren teoriarekin; teoria horren arabera, Iberiar penintsula osoko hizkuntza zaharra euskara da.
- Lan didaktikoak: Peru Abarka (1802an idatzia, 1881ean argitaratua) ospetsua, hitz-lauz egina, eta bizi zen artean argitaratu gabe utzitako alegia-sorta, bertsoz egina, gerora iloba Bizenta Mogelek argitaratuko zuena. Alegiak idatzi zituen irakasteko, hau da, helburu didaktikoarekin, ohitura onak (kristauenak) zabaltzeko.