Euskal Literaturaren Historia: XVI-XVIII. mendeak
Clasificado en Latín
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,19 KB
XVI. mendea
Bernat Etxepare izan zen euskarazko lehen liburuaren sortzailea, eta Ipar Euskal Herrikoa zen. 1545ean Bordelen plazaratu zen, 'Linguae Vasconum Primitiae' izenburupean. Lehen euskal liburu hau hainbat motatako 15 poemak osatzen dute. Hitzaurreaz gain, dotrina kristauaren azalpen luze eta klasiko bat agertzen da. Aipatzen diren gaien artean gizon-emakumeen arteko maitasuna eta kartzelaldia ditugu, euskararen omenetan moldatuta.
Bernat Etxeparez gain, beste bi idazle aipa ditzakegu: Joanes Leizarraga, Lapurdin jaioa, kalbinismoa ezartzen saiatu zena. Testamentu Berria itzuli zuen, eta Arroxelan argitaratu zen 1571n. Joan Perez Lezarragakoak 2004an aurkitutako euskarazko eskuizkribu bat idatzi zuen: artzain eleberri labur bat, amodiozko gaiak jorratzen dituena.
XVII. mendea
Sarako taldea sortu zen. Bertan, Ziburu, Donibane eta Sarako elizgizonak ziren gehienak, hala nola Materre, Haranburu eta, nabarmenena, Axular. Libururik kaleratu ez arren, badira taldean elizgizonak ez direnak ere, hala nola Klaberia eta Gillentena medikuak. Lapurtera bihurtu zuten Ipar Euskal Herriko euskalki literario.
Jaiotzez nafarra zen Axular, Urdazubikoa. Salamancako unibertsitatean ikasi zuen, eta apaiztu ondoren, Donibane Lohizunera joan zen Axular, eta han bizi izan zen berrogei urte baino gehiago. Idazle aberatsa zen Axular; horregatik izan zuen horrenbeste eragin euskal idazleen artean. Esaldi luze eta korapilotsuak gustatzen zaizkio batzuetan, laburrak eta trinkoak besteetan, baina mezu ulergarria eta garbia ematen du beti. Hil baino urtebete lehenago argitaratu zuen liburu bat, 'Gero'. Bertan, ederki erakusten dio kristauari zein arriskutsua izan daitekeen arimari dagozkion zereginei berehala ez atxikitzea, erlijioarekiko betebeharrak biharko uztea. Bere ideiak hobeto adierazteko, adibideak erabiltzen ditu sarritan, sinonimoak pilatuz eta autore klasikoen aipuak erabiliz.
XVIII. mendea
Prosa erlijiosoaren barruan, Axularrek finkatutako lapurtera klasikoan zenbait liburuk ikusi zuen argia, eta batzuk zubereraz ere bai. Lan ez-erlijioso batzuk ere izan ziren. Egiategik idatzitako eskuizkribuak 1960 inguruan aurkitu ziren, eta hiru liburutatik bakarra dago argitaratuta: 'Filosofo huskaldunaren ekheia'. Euskal arrantzaleak urtero joaten ziren Ternua eta Labradorrera, eta gai horri buruzko hiru poema daude: 'Partiada tristea', 'Itsasoko perillak' eta 'Ternuako Penak'.
Hegoaldeko antzerkigintzaren hastapena
Antzerkia ere Iparraldean baino geroago eta motelago agertu zen hegoaldean. XVII. mendeko antzerki aletxo batzuk ezagutzen ditugu: Munibaren 'El borracho burlado' eta Barrutiaren 'Gabonetako ikuskizuna'.
Pedro Ignazio Barrutia Arrastan bizi izan zen, ia bizitza osoan. Eskribaua izan zen lanbidez 1711 eta 1752 urteen artean. 'Acto para la nochebuena' antzerki lan bitxiaren eskuizkribua utzi zigun. Antzerkia jendeaurrean aurkeztu zela uste da. Gaia Gabonetako misterioa da. Leku-denbora aldetik nahasketa arraro baina polita egiten du. Barregarriaren pertsonaia erabiltzen du.