Euskal Literaturaren Pizkundea eta Jose Manuel Etxeita

Clasificado en Otras lenguas extranjeras

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,84 KB

XX. mendea: Euskal Literaturaren Pizkundea

José de Aristimuño, "Aitzol" (1896-1936) tolosarrak garai oso bat markatu zuen, garai laburra zoritxarrez, eta Jokin Zaitegi (1906-1979) poetak "Aitzolen belaunaldia" izenez bataiatu zuena.

Errepublika garaia eta estetika sortzailea

Garai historikoari begiratzen badiogu, ordea, Errepublika Garaiak (1931-1939) ez du soilik une historiko bat adierazten; estetika sortzailea ere kontuan hartuko lukeen bidea izango litzateke berea, proiektu politiko-literario baten barruan. Idazle gazteen bultzatzaile eta euskal kultur pizkundearen sustatzaile izan zen Espainiako Gerra aurreko hamarkadan (1926-1936).

Euskaltzaleak elkartea eta ekimenak

Horrela, 1927an Lizardi, Orixe, G. Mujika eta beste batzuekin Euskaltzaleak izeneko elkartea sortu zuen euskal kultura suspertzeko. Geroago, hainbat lehiaketa antolatu zituen:

  • "Euskal Poesiaren Eguna" (1930-1936)
  • "Kirikiño" saria (1929-1934)
  • "Bertsolari Eguna" (1935-1936)

Argitalpenak eta euskararen defentsa

Euskal kulturari buruzko Yakintza izeneko aldizkaria eta Donostiako El Día egunkaria sortu zituen. Berak egunero-egunero idazten zuen egunkari hartan, euskal kultura berritu, poesia sorkuntza (ahozkoa zein idatzizkoa) suspertu eta euskara bera iraunarazi eta babestu beharra aldarrikatuz.

Betekizun horren barruan nabarmentzekoa da haren La muerte del euskara o los profetas de mal agüero (1931) liburua. Bertan, Unamuno, P. Baroja eta Ortega y Gasseti eraso egiten die, euskararen heriotza iragarri eta nahi zutelako, egokia ez zelakoan mundu modernoko dinamika aberatsari adierazpidea emateko.

Estaturik gabeko nazioen arazoaz interesaturik, bete-betean uste zuen euskara eta euskal literatura estu-estu lotuta zeudela Euskadiren burujabetzaren aldeko borrokarekin.

Jose Manuel Etxeita: Eleberrigintzaren hastapenak

Lanei dagokionez, bi nobela argitaratu zituen: Josetxo eleberria 1909an eta Jayoterri maittia 1910ean. Poema liburu bat ere argitaratu zuen 1913an, Au, ori ta bestia izenburupean. Horrez gain, Josetxo eleberria argitaratu aurretik, 1886an, Amoríos de Juana y Manuel eta Lo que es la madre a pesar de los pesares lan autobiografikoa argitaratu zituen. 1915ean, Antonio Truebaren ipuin batzuen itzulpenak argitaratu zituen.

Lanen azterketa sakona

  • Lo que es la madre a pesar de los pesares lana fikzio moldean emandako autobiografia dugu. Berea ez balitz bezala, lehen pertsonan kontaturiko Manuelen biografia ematen da, baina esaten da Manuel hori Jose Manuel Etxeita dela. Liburuak autorearen bizitzako bi arazo jorratzen ditu: maitasuna eta nabigazio-bizimodua. Maitasunari dagokionez, liburuak islatzen du nola hamaika urterekin Juanaz maitemindu zen eta nola konpondu zuen amarekin zuen auzia. Bestetik, nolakoa zen nabigazio-bizimodua kontatzen du.
  • Amoríos de Juana y Manuel lan garrantzitsua da, Josetxo lanaren moldapen fikzionatua baita; nobelan kontatzen diren hainbat eta hainbat pasarte liburu honetan kontatutakoetan oinarritu baititu egileak. Beraz, ezin da erabatean esan Josetxo ohiturazko nobela denik. Benetako tokiak agertzen dira lanean: Habana eta Mexikoko Matanzas.
  • Josetxo (1909) urtean argitaratu zuen Etxeitak. Josetxo ijitoek ostu duten umezurtz baten istorioa da. Ijitoek Josetxo Mundakako etxe zabal batean uzten dute, eta Jose Manuel Etxeitaren biografiari jarraituz, pertsonaiak haren bidea egingo du: herriko neskatxa lirain batekin ezkondu eta ogibidean arrakasta izango du. Nobelaren bukaeran bere benetako familia ezagutuko du protagonistak.
  • Jayoterri maittia 1910. urtean argitaratu zuen. Nobela honetan egileak bigundu egiten du pertsonaien bizitzeko joera. Artzain giroko nobela da hasieran, baina emigrazioaren gaia tratatzen du ondoren. Ekintzak Mexiko eta Euskal Herriaren artean kokatzen ditu. Erabili zuen euskara bizkaiera zen.

Ondorioak eta estiloa

Azken bi lan hauek euskal eleberria bere lehen urratsak ematen ari zenean argitaratu zituen; beraz, euskal hizkuntzako genero horretako lehen sortzaileetako bat dela esan daiteke Jose Manuel Etxeita.

Dena dela, autobiografiak nobelaren esparru bat hartzen badu ere, onartu beharra dugu Jose Manuel Etxeitaren nobela ulertzeko modua nobela erromantiko eta folletinarekin loturik agertzen dela. Nobela erromantikoaren aztarnak agertzen baditu ere, ez dira alde batera utzi behar Jose Manuel Etxeitak agertzen dituen esparru errealistak, hala nola bizi izandakoan oinarrituriko itsasoko pasarteak.

Entradas relacionadas: