Euskal Musika eta Kantu Tradizionala
Clasificado en Música
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,54 KB
Euskal Instrumentu Tradizionalak
Trikitia
Hauspo bat du, eta alboetan bi eskuetarako botoiak. Euskal instrumentu berriena da, XIX. mendean iritsi baitzen Euskal Herrira.
Alboka
Albokak bi hodi ditu: batek bost zulo eta besteak, hiru. Buruan bi behi-adar ditu: batetik putz egiten da, eta besteak erresonantzia egiten du. Haize-erreserba gordetzeko zaku edo poltsarik ez duenez, albokariak haizea hartu behar du, eta aldi berean bota ere bai.
Txistua
Berrogeita hiru bat zentimetroko luzera duen flauta zuzena da. Aurrean bi zulo ditu, atzean bat, eta ezkerreko eskuaz jotzen da. Zurezkoa izan ohi da, baina gaur egun metalezkoak eta plastikozkoak ere badaude.
Txalaparta
Makilen bidez jotzen diren bi edo hiru oholek osatzen dute perkusio-instrumentu hau. Oholak egur mota desberdinetakoak izaten dira, hotsak ere desberdinak izan daitezen. Bi pertsona behar dira jotzeko: batek oinarrizko erritmoa, tukuna, jotzen du, eta beste batek horren gainean jolas egiten du.
Euskal Kantu Tradizionala
Kantu tradizionala folklorearen zati bat da, dantzarekin batera. Gure arbasoengandik iritsi zaigu; kantu asko, idazten ez zekien jendeak ahoz aho pasatu baititu.
Azkuek kantatzen duten gaiaren arabera sailkatu zituen. Urteetan zehar eta herriz herri ibili ondoren bildu zituen. Hona hemen sailkapena:
- Maitasunezkoak: Maitasunari buruzko kantak.
- Bakikoak: Ahapaldi asko dituzte; batzuk ardoaren aldekoak dira eta beste batzuk aurkakoak.
- Sehaska-kantak: Haurrak loarazteko kantak, esanahirik gabeko silabak errepikatzen dira.
- Dantzak: Euskal dantza askok letra izaten dute. Adibidez: aurreskuak.
- Ezkontzetan kantatzen diren kantuak.
- Eresiak: Heriotzak, gaizki bukatu diren istorioak...
- Festa-girokoak eta umoretsuak.
- Haur-kantak: Haur-kanta asko errepikapenaren bidez garatzen dira, aurrekoari elementu berri batzuk gehituz.
- Kantu narratiboak: Istorio motzak eta deskriptiboak kontatzen dituzte.
- Erlijio-kantuak.
- Erromantzeak: Istorio luzeak kontatzen dituzte, benetan gertatutakoak.
- Errondan ibiltzeko kantuak: Errondan ibiltzea eskean aritzea izaten zen: herriko gazteak etxez etxe ibiltzen ziren gabonsari eske. Askotan, etxekoen alabantzak egiten ziren, eta badira esker txarra azaltzeko koplak ere.