Euskal Nazionalismoaren Jatorria eta Bilakaera
Gizarte- eta Ideologia-oinarriak
Euskal Herriko nazionalismoa, foruak defendatzeko giro berean sortu arren, bere berezitasunak izan zituen nazionalismo katalanaren aldean, eta ez zen burgesia ustez modernotik sortu, jakina. 1876an foru historikoak indargabetu zizkion legeak bi erreakzio eta filosofia mota piztu zituen, eta XX. mendera sartu ziren: amore emanez, egoerari etekina ateratzen jakin zutenena, foruen galera Madrilekin euren onerako itun ekonomikoak adostearekin ordeztuz, eta, tradizionalismoaren izenean, foruak osorik berreskuratzearen alde jo zutenena.
Azken horiek ez ziren industriako burges onarkorrak, gerra karlistaren galtzaileak baizik. Euskal Herri tradizionalari eusten ziotenak ziren, baserritarrak, hirien eta industriaren fenomenoen kontra; foru osoak defendatzea “euskal izaera” defendatzea zen haientzat, eta, horrela, foruak deuseztatu zituen legea gobernu zentralaren laidoztzat hartu zuten.
Haien hariko historiagile eta ideologoek iragana idealizatu zuten eta “urrezko garaiaren” galeraren mina bizi zuten. Industrializazioa eta etorkinak saldoka heltzea euskal gizarte tradizionalaren etsai gisa ikusten zituzten, foruak indargabetu zizkien gobernu liberal espainiarra bezala.
Euskal Abertzaletasunaren Sorrera
XIX. mendearen amaieran sortu zen euskal abertzaletasunari “bizkaitartasuna” zeritzon, Bizkaiari soilik loturiko alderdi gisa hasi zenez gero, nahiz eta gerora euskal biztanleak zituzten probintzia guztiak sartu zituen aldarrikapenean. Euskal naziotasuna arrazan, hizkuntzan, legeetan, izaeran eta usadioetan oinarritzen zuten. Itsasoz bestaldeko gerrek Espainian piztu zuten nazio-nortasunaren krisia bete-betean zegoela azaldu zen. Mundu modernoaren aurrean defendatzeko modu bakarra Espainiarekiko edozein lotura haustea eta independentzia aldarrikatzea zela zioen Sabino Aranak. Horrela, independentzia politikoak mundu modernoaren gaitzetatik, hala nola, laizismotik, etorkinengandik, industrializaziotik eta abarretatik babestuko zuen euskal gizartea. Alabaina, nazionalismoak nortasun politikoaren aitortze juridiko eta konstituzionalerako eskubidea baiesten lagundu zuen. Baina Aranaren abertzaletasun etniazale eta baserrizalearen ondoan, liberalismo foruzaletik zetorren Ramon de la Sotarena ere azaldu zen. Euskal nazionalismoaren beste sektore hori askatasun liberaletan moldatutako foruzaletasunetik zetorren, eta bere interes ekonomikoak eta alderdi politiko batenak koordinatzen saiatzen zen. Ramon de la Sotak gidatzen zuen ontzioletako burgesia librekanbistak bitarteko ezin hobea aurkitu zuen euskal nazionalismoan bere autonomia-grinak asetzeko. Horrela, Bilboko burgesia bezero bakarra izan zuen luzaroan, karlismoa nagusi zen baserrietako hautesleen artean tartea bilatzen saiatu arren.
1906ko abenduan, Sabino Arana hil eta hiru urtera, lehenengo biltzarra egin zuen EAJk; abertzaletasunak aurrerapenen lekukotasuna eman zuen han; Eusko Gazteria sortu zen 1904an, lehenengo batzokiak (euskal abertzaleen biltokiak) ireki ziren. Ezin ziren, ordea, nazionalisten arteko liskarrak ezkutatu eta aurkako sektoreek aldizkarien babesa jasoko zuten. Euskalduna Ramon de la Sotaren pragmatikoen organoa izango zen, eta Aberri, berriz, fundatzailearen anaia eta abertzaletasun baserritar eta modernotasunaren kontrako defendatzaile gorena zen Luis Aranak gidatutako independentziazaleena. 1910ean zatitu egin zen EAJ nazionalismo laiko eta errepublikazaleagoaren aldeko Askatasuna taldeak alderdia utzi zuenean. Zatiketa horrek ez zuen iraun, ordea, eta ez zuen Bigarren Errepublikara arte arrakastarik izan; Eusko Abertzale Ekintza (ANV-EAE) sortu zuen beste talde batek izpiritu laizista berarekin.