Euskal Nobelagintzaren Ibilbidea: Generoen Garapena
Clasificado en Lengua y literatura
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,93 KB
Nobelagintzaren Bilakaera
Ameriketan gauzatutako eleberrietan idazmolde erraz eta herrikoiagoak erabili zirela ikusi da. Dena dela, ez zuten behar adinako eraginik izango hemengo gizarte literarioan, atzerrian inprimatutako liburu horiek zabaltzeko oztopo handiak baitzeuden.
Garai hartan, euskal liburugintzak hainbat zailtasun zituen:
- Gobernuaren zentsurak indartsu jarraitzen zuen.
- Hizkuntzaren beraren egoera oso larria zen oraindik.
- Munduko korronte literarioak ezagutzeko erraztasunik ez zegoen.
- Euskal liburugintzak azpiegitura zeharo amateurra zeukan.
Eleberri Historikoa
Nobela mota honetarako joera aspalditxokoa zen Euskal Herrian. Navarro Villosladaren edo Arturo Campiónen erdarazko eleberri historikoek arrakasta handia izan zuten. Txomin Agirre ere saiatu zen era horretako eleberriak euskaraz idazten. Ez zen egoera politikoaz garbi hitz egiterik. Erreferentzia historikoetara jotzea nolabaiteko aterabidea izan zitekeen, garbi azaltzerik ez zegoena itzulinguruka behintzat adierazten bazen.
Nobelaren azpisail honetan Jon Etxaide dugu maisu. Bi lan mardulekin irabazi zuen ondo merezitako ospea: Joanak joan eta Gorrotoa lege eleberriekin. Lehena Piarres Topet "Etxahun" koblari famatuaren biografia nobelatua da; beraz, XVIII-XIX. mendeetan eta Zuberoan kokatua. Bigarrenak, aldiz, Ahaide Nagusien arteko gatazka amaigabeei buruz dihardu; hots, XIV-XV. mendeetan Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian oinaztar eta ganboarrek elkarrekin izandako borroka odoltsuak ditu ardatz eta kontagai.
Euskal Herri osoko lurraldeak, paisaiak, kantuak, elezaharrak, idazleak, pertsonaiak erakutsiko ditu bere lanetan. Eskolak eta komunikabide ofizialek ezkutatu dioten herria azaldu nahi dio irakurleari. Historia, hartara, irakasbide eta erakusbide bilakatzen da. Herrigintza da Etxaideren helburu nagusia. Garaian gipuzkera osotuan taxutu zituen bere lanak, euskara jaso eta joria erabiliz; gero, hizkuntza estandarra finkatu zenean, bere obrarik gehiena berridatzi egin zuen, batura egokituz eta zenbait pasarte aldatuz.
Euskarazko Lehen Polizia Nobelak
Lehenengo eleberri poliziakoa urte haietan plazaratu zen. Jose Antonio Loidi errenteriarrak argitaratu zuen Amabost egun Urgainen izenburuaz. Kostaldeko herri batean gertaturiko heriotza susmagarri baten miaketaz ari da, eta detektibearen ikerketak ustekabeko amaiera du.
Hizkera garbi eta jatorrean euskaraz landu gabeko alor bati ekin zion eta, horregatik-edo, irakurleek gustura hartu zuten, edizio ugari izan baitzituen. Ez zuen orduan Loidiren liburuak ondorengo askorik izan. Txomin Peillenen paristarrak, Gauaz ibiltzen dana izenekoak, bakarrik jarraitu zuen ildo horretatik. Laster, baina, indar berria emango zioten Xabier Gereñok eta Gotzon Garatek. Azken urteotan, genero beltzeko obra klasiko onenak euskaratzen ari dira.