Euskal Poesiaren Bilakaera: Onaindia, Aresti, Lekuona eta Beste Hainbat
Clasificado en Lengua y literatura
Escrito el en vasco con un tamaño de 5,65 KB
Santi Onaindia: Euskal Poesiaren Suspertzailea
Santi Onaindia karmeldarrak gure poesiaren historian oinarrizkoak izan diren bi argitalpen gauzatu zituen: Milla euskal olerki eder antologia eta Olerki izeneko poesia aldizkaria. Lehenari dagokionez, garaian egina izateko, lan erraldoia izan zela aitortu behar da. Ordura arte kaleratutako poesia bildumarik osatuena genuen, ezinbesteko lanabesa gure literaturaren ezagupenerako (50eko hamarkadan). Bigarrenak, Olerki aldizkariak, 1960ko hamarkadan, plataforma ederra eskaini zien adin guztietako poeteei. Joan Mari Lekuona, Bitoriano Gandiaga eta Gabriel Aresti, zaharren artean. Mikel Lasa eta Joxe Azurmendi, gazteen artean.
Iparraldeko Bi Poeta: Iratzeder eta Jon Mirande
Iratzeder beneditarrak antzerki laburrak eta prosazko lanak idatzi bazituen ere, poesiarako joera nagusitu zitzaion. Poema liburu mordoxka atondu zuen, gehienen bilduma den Biziaren olerkia kasu. Beraz, lan oparoa, erraza, erabiltzen zituen neurriak bezala: era askotakoak, arinak, luzeak, prosa poetikoz batzuetan. Aski hurbil zegoen gerra aurreko olerkariengandik. Euskal Herriko elizetara abesten diren salmoen euskarazko bertsioak egin zituen. Guztiz alderantzikoa da Jon Miranderen poemagintza. Orhoituz eta Poemak lanen egilea, Mirande euskaldun berria dugu, hiritarra, Parisen jaio eta bizi izana, paganoa eta antikristaua. Euskal Herriaren nortasuna defendatzeko, indarkeriaren alde agertu zen.
Batzuen ustez, faxismoaren ukitua ikusten diote. Metrikan baino areago, gaietan eta hizkeran daude alderik nabarmenenak. Zenbait poemari darien erotismoak txiki uzten ditu Etxepareren maitasun bertsoak. Borrokarako egiten dituen deiak harrigarriak ziren orduko literaturzale apurrentzat. Miranderen iritziz, erlijio kristauak borondatea ahuldu egin digu, eta antzinako jentilen kulturara itzuli behar dugu euskaldunok.
Hegoaldeko Bi Poeta: Joan Mari Lekuona eta Bitoriano Gandiaga
Oiartzunen jaio zen Joan Mari Lekuona 1927an, eta hantxe hil zen 2005ean. Manuel Lekuona idazle eta ikertzailearen iloba zen, eta osabarengandik jaso zuen, nonbait, ahozko literaturarako eta poesiarako grina. Muga beroak deitutako poema bilduman, Lizardi eta Orizeren itzalpean murgildu zen. Poesiari ematen dion norabide berria, gizonaren eta oinarrizko materiaren lokarriaren bila abiatuta. Bigarren liburua, Ilargiaren eskolan, materia bereganatzeko beste ekinaldi bat da, oraingoan gorputz atalen misterioak argitu nahian. Azkeneko obran, Mimodramak eta ikonoak, hizkera trinko eta aberatsean, gure jatorrizko oinarri eta sustraiak antzeman nahian ari zaigu, osabaren bidetik.
Bitoriano Gandiagak, jaiotzez Mendatakoa (Bizkaia) izan arren, ia bizitza osoa Arantzazun eta inguruetan pasatu zuen ikasle, apaiz eta irakasle lanetan. Lurrarekin zeukan loturak, ia haurtzarotik zapaldu zuen Arantzazuk, sorrarazi zion lehen poema liburua: Elorri. Bigarren fruitua ekarri zuen: Hiru gizon bakarka. Herri izan nahi eta ezin duen Euskal Herriaren egoera korapilatsua adierazten digu poema horretan Gandiagak. Uda batez Madrilen kaleratu zuen: bertan, Arantzazuko bakardadetik hiri handira doan idazleari hango zurrunbiloak iradokitzen dizkion sentimendu kontrajarriak azaltzen dira. Hiritzar liluragarriak baina, era berean, gupidagabeak gizaki arruntari egiten dion erasoa bistaratzen zaigu.
Gabriel Aresti eta "Uhin Berriko" Poeta Batzuk
Gabriel Aresti bilbotarrak zubigintzan ziharduen aurreko belaunaldiaren eta idazle gazteagoen artean. Euskaldun berria genuen, hiritarra, sekularra, seminariotik pasatu gabea, gizon irakurria, garaiko literaturan jantzia. Gorabehera politikoak hurbiletik jarraitzen zituen, beraren obran garbi asko nabari daitekeenez. Ez zen isilik egotekoa, polemikak harrotzea maite zuen eta, horregatik, ez zitzaion areriorik falta izan bizi izan zen artean.
Obra Nagusiak
- Maldan behera: Bere obrarik egituratuena eta biribilena. Batuaren aitzindari izango zen hizkera berri batean taxututa, arnasa handiko poema sinbolista dugu. Interpretatzeko zailtasunak zituen; Nietzsche-ren eragina nabarmena da.
- Harri eta Herri: Urte gutxiren buruan agortu zen; gauza harrigarria poema liburua izanik. Estilo zuzenagoa zerabilen, jakina, herritarragoa, eguneroko arazoetatik hurbilago zegoena; lehenbiziko best-sellerra.
- Euskal Harria eta Harrizko Herri Hau
"Uhin Berriko" Beste Poeta Batzuk
Gazte pilatxoa abiatu zen poesiaren bidetik, Arestiren bultzadaz animaturik. Idazterako orduan ez zioten guztiek bilbotarraren estiloari jarraitu, baina zenbait kasutan eragin aski zuzena nabari da.
- Xabier Lete (Oiartzungoa): Egunetik egunera orduen gurpilean eta beste hainbat lan.
- Joxe Azurmendi (Zegamarra): Hitz berdeak liburua.
- Joxean Artze "Hartzabal" (Usurbildarra): Isturitzetik Tolosan barru bere lehen liburuarekin. Forma aldetik euskaraz argitaratu den obrarik bitxiena izango dugu, seguraski. Harrezkero bide luzea egin du, esperimentalismoari uko egin gabe: Laino guztien azpitik eta Sasi guztien gainetik. Hitzen eta hotsen arteko jolasa bilatzea gustatzen zaio Hartzabali, kontrako gauza eta egoerekin jokatzea.
Gaur Egungo Poetak
- Mikel Lasa
- Ibon Sarasola
- Arantxa Urretabizkaia