Euskarazko HTML Dokumentuaren Zuzenketa eta Hobekuntza

Clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 26,19 KB

FEDEA ETA ARRAZOIMENA: EZAGUTZEKO SINETSI

Agustin fedearen (kristautasunaren) eta arrazoiaren (filosofiaren) arteko sintesia egiten saiatu zen. Agustinentzat, egia absolutua existitzen da eta fedeak eta arrazoimenak elkarlanean ezagutu dezakete. Fedeak arrazoia argitu eta egiarantz gidatuko du, eta arrazoiak fedearen edukiak argitzen lagunduko du: “Intelligo ut credam, credo ut intelligam” (“Sinesten dut ulertzeko, ulertzen dut sinesteko”). Beraz, arrazoimenak ezingo du bere kabuz egia ezagutu.

Agustinek bi ezagutza mota bereizten ditu, Platonen eragin nabarmenarekin:

  • Ezaugarri sentikorra: ez da benetako ezagutza izango.
  • Ezaugarri arrazoizkoa: objektu aldaezinen ezagutzari dagokiona. Honen barnean, bi maila bereizten ditu:
    • Zientzia-ezagutza: behe-mailakoa da eta gizaki orok dugu; beste izaki guztietatik bereizten gaituena da. Kanpoko errealitateari buruzko ezagutza ematen digu.
    • Jakinduria-ezagutza: goi-mailako ezagutza kontsideratuko du. Jainkoak gizakiarengan jarri dituen ideia eredugarriak ezagutzean (“kontemplatzean”) datza. Platonek ideien munduan kokatzen zituen bezala, neoplatondarrek jainkozko adimenean kokatzen dituzte ideiak. Beraz, egia barnerapenaren bidez lortuko da, ideia eredugarria ezagutuz.

ZORIONTASUNA ETA JAINKOAREN EDUKIDURA

Agustin Hiponakoak zoriontasuna lortzea egiaren bilaketarekin lotzen du. Benetako zoriontasuna egia osoaz jabetzean lortuko du gizakiak. Baina egia hori Egia Absolutua izan behar da, hau da, Jainkoaren beraren ezagutza. Beraz, Jainkoa ezagutzeak eta edukitzeak emango dio benetako zoriontasuna gizakiari.

Benetako zoriona ez dago jabetza materialetan edo aldi baterako plazerretan, baizik eta jainkotiaren bilaketan. Zoriontasuna ez da desiratutakoa edukita lortzen, desiratu behar dena desiratuz baizik; hau da, iraunkorra, aldaezina, ez materiala, konfiantza ematen diguna eta gure izpiritua betetzen duena desiratuz: Jainkoaren ezagutza.

Ezagutza ezinezkoa zela zioten eszeptikoen kontrako argumentuak garatu zituen. Batetik, hauei jarraituz inolako ezagutza ziurrik ez dagoela baieztatzen badugu, kontraesanean eroriko gara, baieztapen hori bera ezingo baitugu ziurtatu. Bestetik, “si fallor sum” diosku, hau da, huts egiten badut, ziur egon naiteke huts egiten ari den zerbait naizela. Beraz, existitzen naizela ziurra izango den ezagutza bat izango da eta ondorioz, ezagutza posible izango da. Honetan Descartesen “Cogito ergo sum” famatuaren aitzindari izan zen Agustin.

JAINKOAREN EXISTENTZIA ETA IDEIA EREDUGARRIAK

Agustinek bi eratako izakiak bereizten ditu: Izaki Absolutua edo Jainkoa eta izaki kontingenteak. Jainkoa Izaki Absolutua, Betierekoa, Perfektua, guztiz Ona, guztiz Justua eta Aldagaitza da. Haren existentzia frogatzeko argudio ezberdinak eman zituen Agustinek.

  • Argudio gnoseologikoa: egia existitzen denez, eta Jainkoa egiaren funtsa izanik, Jainkoa existitzen da.
  • Argudio kosmologikoa: kosmosaren ordenak eta edertasunak Izaki Absolutu baten existentzia erakusten digu, ezin baitira berez (espontaneoki) eman.
  • Consensus omnium argumentua: gizaki guztiek (“gaizto batzuek salbu”) Jainkoa munduaren sortzailea dela aitortzen dute.
  • Ideia eredugarriak: benetako frogapena ideia eredugarrietan (arketipoetan) datza. Gizakiak egia eredugarriak, mugagabeak eta beharrezkoak hautematen ditu eta hauek Jainkoak soilik jarri ahal izan ditu gizakiaren barnean. Izan ere, adimena ezin da euren oinarria izan, aldakorra, denborazkoa eta kontingentea. Aldagaitza denaren (ideia eredugarrien) funtsak aldagaitza (Jainkoa) izan behar du. Jainkoa frogatzen duena arima fededuna da. Izan ere, arima gai da Jainkoa ezagutzeko eta, Agustinen arabera, ezagutza hori ezinezkoa litzateke Jainkoaren existentzia gabe.

ASKATASUNA ETA GAITZAREN ARAZOA

Agustinen arabera, gizakiak arima eta gorputza ditu. Gorputzak arima menderatu ohi du Adan eta Evaren jatorrizko bekatuaren ondorioz, baina aldi berean, Jainkoaren Graziak gizakia argitzen duenez, honek liberum arbitrium-a (aukeramena) du.

Beraz, gizakiaren borondatea askea da eta Jainkoaren bidea aukeratu eta egiazko askatasuna eta zoriontasuna lortu ditzake. Izan ere, gizakiak Jainkoa beharrean gaizkia aukeratzen badu zorigabekoa izango da. Jainkoaren zerbitzari bihurtuta soilik lortuko du benetako askatasuna.

Honela bada, ongiaren jatorria ez da giza askatasunean egongo, Jainkoan baizik. Izan ere, izakiak zuzen jokatzeko Jainkoaren Grazia behar du; honi esker, gizakiak jatorrizko bekatuagatik galdu zuen askatasuna berreskuratzen baitu.

Era berean, munduan ikus dezakegun gaitzaren sorrera ez dago jainko gaizkile batengan, gizakiaren askatasunean baizik. Jainkoak mundu on eta perfektua sortu zuen eta gizakiak, askatasunaren erabilera okerra eginez, gaitza sortu zuen. Gaizkia ez da ongiaren kontrakoa, ez da substantzia bat bere baitan. Ongi zehatz baten ausentziari jartzen diogun izena besterik ez da.

HISTORIAREN FILOSOFIA: LURREKO HIRIA ETA JAINKOAREN HIRIA

Agustinek Jainkoaren Hiria idazlanean Eliza kristaua defendatu zuen jentilen erasoen aurrean. Izan ere, erromatar askok Elizari leporatzen zioten inperioaren gainbehera.

Idazlan honetan historiaren filosofia egiten du, grekoen ikuspegi ziklikoari aurre eginez, historia linealaren kontzeptua sortu zuen.

Gizadiaren kronika bi hiriren arteko borroka gisa azaldu zuen: lurreko hiriaren (gaizkiaren) eta Jainkoaren hiriaren (onaren) arteko borroka. Munduko gizakiak bi taldetan banatuak ikusten ditu:

  • Jainkoa mespretxatuz, beren burua Jainkoa baino maiteago dutenak: hauek lurreko hiritarrak dira; euren buruak goratzeko balioak onartuz, Jainkoari uko egiten diote eta munduko errealitateak bihurtzen dituzte helburu.
  • Jainkoa gauza guztien gainetik maite dutenak: hauek Jainkoaren hiritarrak dira, nork bere autonomiari uko eginez Jainkoa aukeratzen dutenak. Munduko balioak Jainkoarengana heltzeko bitarteko bezala erabiltzen dituzte.

Lurreko hiritarrak eta Jainkoaren hiritarrak nahasirik daude historian zehar eta bi hirien arteko borrokak denboraren amaiera arte iraungo du, Jainkoaren hiriaren behin betiko garaipenera iritsi arte. Azken epaiketan hiritarrak banandu egingo dira, batzuk zigortuak izango dira eta besteak sarituak.

PLATONEN FILOSOFIAREN ERAGINA AGUSTINENGAN

Platonen doktrinen eragina nabarmena da Agustinengan. Greziarrak bezala, Agustinek ontologian bi mundu bereizten ditu: Jainkoaren Erreinua (Platonen Ideien Mundua bezala, benetakoa dena) eta mundu fisikoa (etengabe aldatzen ari dena).

Era berean, biek baieztatzen dute dualismo epistemologikoa eta benetako ezagutza arrazoizko ezagutza dela defendatuko dute, ezagutza sentikor faltsuaren aurrean.

Platonentzat Ongia ikusmen- eta ikusgarritasun-printzipioa da. Agustinentzat berriz, Jainkoa izango da giza arima ideiak ezagutzeko argituko duena eta betiereko ideia eredugarriak bere barnean jartzen dituena. Paralelismo bat ezar daiteke Agustinen Jainkoaren argiztapenaren eta Platonen Ongiaren ideiaren artean.

Bientzako arima da ezagutza-printzipioa. Baina honen zergatiaren inguruan iritzi ezberdinak dituzte: Platonen ustez, arimak anamnesiaren bidez ezagut dezake egia (aurrez ideien munduan aurreexistitu delako); Agustinen ustez ordea, arimak egia ezagutzea posible egiten duena Jainkoak gizakiaren barnean ideia eredugarriak jarri izana da. Izan ere, Platonek ideia eredugarriak Ideien Munduan kokatzen ditu eta Agustinek jainkozko adimenean.

Bien ustez zoriontasuna benetako ezagutzak ematen dio gizakiari. Baina Agustinentzat hau fedearen bidez lor daitekeenez, gizaki guztientzat eskuragarria izango da; Platonentzat aldiz, gutxiengo batek bakarrik (filosofoek) lor dezake ezagutza.

Bestalde, Agustin ez da ados egongo Platonek gaizkia ezjakintasunaren ondorioa dela dioenean. Hiponakoarentzat, gizakiaren borondatea askea da (liberum arbitrium) eta gaitzaren jatorria gizakiaren askatasun horretan bertan egongo da.

TOMAS AKINOKOA: FEDEA ETA ARRAZOIMENA

Egiaren bilaketan, Agustin Hiponakoak eta Tomas Akinokoak fedearen (Teologiaren) eta arrazoiaren (Filosofiaren) gaitasun eta mugak aztertu zituzten.

Hiponakoaren helburu nagusienetako bat fedearen eta arrazoimenaren arteko sintesia egitea izan zen. Haren ustez, egia absolutua existitzen da eta barnerapenaren bidez ideia eredugarriak ezagutuz lortu dezake gizakiak. Baina arrazoiak bere kabuz bakarrik ezin du egia lortu, fedearen argiztapena beharrezkoa du.

Tomasek, ordea, arrazoiak bere kabuz egia lor dezakeela defendatzen zuen. Izan ere, bere ustez Filosofia eta Teologia bi zientzia ezberdin dira beren eduki eta metodoetan. Edukiei dagokienez, Arrazoiaren edukiak mundu naturaleko objektuak dira; Fedearenak, ordea, mundu naturalaz gaindiko objektuak. Metodoari dagokionez, Arrazoia abstrakzioaz baliatzen da eta Fedea errebelazioaz.

Hala ere, zenbait eduki bai arrazoiaren bai fedearen bidez ezagut daitezke. Kasu hauetan, eta arrazoia eta fedea bereizi arren, bien artean ez dagoela kontraesanik defendatzen du Tomasek; harmonia eman behar da.

Izan ere, Jainko bera da gizaki arrazoiduna sortu duena eta errebelazioaren iturria dena, eta horregatik ezin da kontraesanik egon Jainkoak errebelatzen duenaren eta gizakia Jainkoak emandako arrazoiaren bidez ezagutzen duenaren artean. Kontraesana sortzen denean, kontraesan hori itxurazkoa da soilik eta arrazoia berrikusi behar da, fedearen bidez onartutako egia errebelatuak ez duelako inoiz huts egiten.

Beraz, nahiz eta Tomasek arrazoiari Agustinek baino gaitasun handiagoa onartu, honek ere arrazoiaren gainetik fedearen nagusitasuna azpimarratzen du.

TOMAS AKINOKOA: JAINKOAREN EXISTENTZIA. BOST IBILBIDEAK

Erdi Aroan kristau-pentsalariak Jainkoaren existentzia frogatzen saiatu ziren. V. mendean, Agustin Hiponakoak eman zituen frogapenek eta XIII. mendean Tomas Akinokoak egindakoek badauzkate antzekotasunak, baina Tomasek, Agustinek ez bezala, Aristotelesen eragin nabarmena izan zuen.

Bestalde, Agustinek barnerapenean eta Jainkoaren argiztapenean jarri zuen frogapenerako oinarria, Tomasek aldiz, garrantzia handiagoa ematen dio behaketa enpirikoari. Akinokoak Jainkoaren frogapenerako bost ibilbide azaldu zituen:

  1. Mugimenduarena: Mundu honetan ematen den mugimendua izaki bat beste batek mugitu duelako ematen da. Baina mugimenduaren hasiera aurkitzeko ezin da infinituraino jo; beraz, Lehen Motore bat egon behar da, mugiezina dena eta mugimenduaren iturri dena. Hau da, Jainkoa.
  2. Kausa arazlearena: Kausa oro beste zerbaitek kausatua da. Baina, kasu honetan ere, ezin da infinitura jo bakoitzaren kausa bilatuz, ondorioz, Azken Kausa bat existitu behar da: Jainkoa.
  3. Kontingentziarena: Izaki kontingenteak orain existitzen dira, baina garai batean ez ziren existitu, soilik potentzian zeuden. Izaki guztiak kontingenteak balira, ez litzateke ezer existituko. Beraz, Izaki Beharrezko bat existitu behar da, horri Jainkoa deritzogu.
  4. Perfekzioen mailena: Mundu honetako izakiengan perfekzio-maila desberdinak ikusteak esan nahi du ideia eredugarri bat dagoela, Izaki Perfektua (Jainkoa), eta haren arabera ezartzen dugula konparazioa. Frogapen honek Agustinen ideia eredugarrien frogapena gogorarazten du. Hiponakoaren arabera, gizakiak egia eredugarriak ezagutu ahal izateak Jainkoaren existentzia frogatzen du, bera baita ideia hauek giza adimenean jarri ahal izan dituen bakarra.
  5. Kosmosaren ordenarena: Agustinek ere proposatu zuen aurretik. Bi filosofoen ustez, kosmoseko izakiak helburu baterantz bideratuta daude eta mugimendu hori bideratzen duena Goi Adimen bat izan behar da, Jainkoa.

RAZIONALISMOA

Epistemologiaren arloan, garaiko enpirismoaren kontrako jarrera izan zuen. Pentsalari nagusiak Descartes, Leibniz eta Spinoza kontsideratzen dira.

Razionalistentzat, gizakiaren ezagutza-iturri bakarra arrazoia da. Gizakiak berezko ideiak (a priorizkoak) ditu. Hauek ez dira esperientziatik sortu; gizakiak berez ditu barnean eta arrazoimenak beste bitartekorik gabe ezagutzen ditu intuizio intelektualaren bidez. Ideia hauei eredu matematiko-deduktiboa aplikatuta, arrazoimenak era autonomoan egia absolutua ezagut dezake. Jainkoa, Arima eta Munduaren osotasunaren gaineko ezagutza ziurra lor dezake eta ondorioz, Metafisika oinarrizko ezagutza izango da.

Razionalistentzat zentzumenak ez dira baliozko ezagutza-iturriak izango. Izan ere, frogatutzat ematen dute zentzumenek sarritan informazio okerra ematen digutela eta ondorioz, ez direla fidagarriak izango.

Bestalde, ezagutza sentikorraren bidez ezin da ezagutza unibertsalera iritsi, indukzio osoa ezinezkoa delako. Hau da, ez da posible multzo bereko kasu guztiak esperimentatzea.

Razionalisten ustez, zientzia unibertsala eta beharrezkoa izan behar da. Zientziaren judizioek baliagarriak izan behar dute kasu guztietan (unibertsaltasuna) eta nahitaezkoa da hori (beharrezkoa). Matematika da benetako ezagutzaren eredua: a priori eratuta dagoenez, unibertsalak eta beharrezkoak diren judizioek eratzen dute. Horrelako ezaugarriren bat ez duen zientzia ezin daiteke baliozkoa izan.

Mundua bera arrazionala da, unibertsoan gertakari orok justifikazio bat baitu. Ezer ez da ausaz gertatzen, guztiak kausa bat du eta arrazoimenak bere kabuz kausa hori ezagut dezake.

Razionalismoari egin zaion kritika nagusia dogmatikoa dela da. Kantek berak Hume irakurtzeak “amets dogmatikotik” esnatzera eraman zuela idatzi zuen. Razionalistek ez zituzten arrazoimenaren mugak kontuan hartzen eta arrazoimena gure esperientziatik haratago dauden errealitateen ezagutza lortzeko erabiltzen dugunean, arrazoimenaren erabilera dogmatikoa egiten ari gara, Kanten ustez.

ENPIRISMOA

Enpirismoa Britainia Handian XVII. eta XVIII. mendeetan zehar eman zen korronte filosofikoa da. Epistemologiaren arloan, garaiko razionalismoaren kontrako jarrera izan zuen. Bere aitzindariak Oxfordeko eskolan aritu ziren eta Locke, Berkeley eta Hume dira egile aipagarrienak.

Enpiristentzat, zentzumenen bidez jasotako esperientzia da ezagutzaren iturri bakarra. Intuizioa pertzepzio sentsoriala izango da, zentzumen eta sentsazioak izango dira ideien jatorria. Beraz, adimenean ditugun ideia eta kontzeptu guztiak esperientziaren bidez jasotakoak dira, a posteriori dira. Razionalisten kontra, berezko ideiak ez direla existitzen defendatuko dute eta adimena “arbel huts” (tabula rasa) bat kontsideratuko dute, esperientziaren bidez edukiz beteko dena.

Ondorioz, esperientzia da giza ezagutzaren jatorria, baina baita muga ere. Izan ere, gizakiak ezin du esperientziak ematen dion informazioaz haratago ezer ezagutu. Gure esperientziaren mugen barnean dagoenaz bakarrik egon ahalko gara ziur. Baieztapen oro esperientzia sentigarriaren bidez egiaztatu behar da, egiazkotzat edo baliozkotzat hartzeko. Hori dela eta, enpiristentzat arrazoia arrazoi kritikoa da, bere muga eta posibilitateak aztertzen baitituzte. Eduki metafisikoak, arrazoiaren mugetatik kanpo daudenez, ezagutezinak dira eta Metafisika ezin dela zientzia bat kontsideratu defendatuko dute.

Natur zientzien berezko ezagutza-metodoa jarraituko dute: behaketa, indukzioa eta gertaerak aztertzea. Hipotesi eta teoriak balioztatzeko metodo esperimentala erabiliko dute. Era honetara, enpiristentzat Fisika izango da benetako ezagutzaren eredua.

Baina zientziaren lege unibertsalak ezin dira soilik esperientzien bidez justifikatu, ez baitira behaketaren bidez aurkitzen, eraiki egin behar dira. Indukzioaren bidez ezin da errealitatearen ezagutza ziurrik izan, soilik probablea. Ondorioz, enpiristek ezingo dute ezagutza ziurrik baieztatu eta enpirismoak eszeptizismora eramango du.

ERRENazimendua ETA IRAULTZA ZIENTIFIKOA

Berpizkundea Erdi Aroaren eta Aro Modernoaren arteko trantsizio-garaia izan zen. Turkiarrek 1453an Konstantinopla okupatu zutenean hasi zela kontsideratzen da. Gertakari honek ondorio garrantzitsuak ekarri zituen.

Batetik, bizantziar jatorriko aditu ugarik Europara emigratu behar izan zuten, era honetara greziar filosofiako testu original ugari hedatzen lagunduz. Honek garai klasikoarekiko interesa sorrarazi zuen europar intelektualen artean. Kontutan izan behar da 1450ean Gutenbergek bere inprenta sortu zuela eta honek iraultza kultural bat suposatu zuela: kultura idatziak eliteen gauza esklusiboa izateari utzi zion eta gizartean zabaltzen hasi zen, pentsalarien idazkiak jende gehiagoren eskuetara iristea ahalbidetuz.

Bestetik, Zetaren Ibilbidea eten zenez, itsas merkataritzako bide berriak bilatu behar izan ziren. Bilaketa honen ondorioz, itsas teknikak asko garatu ziren eta Colón Amerikara iritsi zen 1492an. Honek munduaren ikuskera erabat irauli zuen, debate ideologiko, ekonomiko-politiko eta filosofiko berriak sorraraziz.

Gizartean eraldaketa handia eragin zuten gertakari guzti hauek. Kapitalismoaren lehen hastapenak eman ziren eta burgesiak protagonismo handia hartu zuen, bere balioak gizartean txertatuz.

Horretaz gain, Luteroren eta Calvinoren erreforma protestanteek Eliza Katolikoaren hegemoniaren amaiera ekarri zuten. Gizakiaren eta Jainkoaren arteko harremana eraldatu zuten eta Modernitatean eragin handia izan zuen sekularizazio prozesuan influentzia handia izan zuten.

Greziar pentsalarien eraginez, Erdi Aroko teozentrismoa atzean utzi eta antropozentrismoak hartu zuen indarra. Humanismoa zabaldu zen eta pentsalari eta artisten artean giza gaien garrantzia azpimarratu zen. Intelektualek, besteak beste, erretorika, gramatika, poesia, historia, filosofia morala eta politika-gaiak landu zituzten.

Zientzia egiteko modu berri baten hasiera ere izan zen, naturaren zuzeneko behaketan eta matematiketan oinarritua. Koperniko, Galileo eta Newtonen teoria berriek ordura arteko munduarekiko ikuskera erabat aldatu zuten.

DESKARTESEN METODOA

Deskartesen metodoa zalantzan jar daitekeen ideia bakoitza zalantzan jartzean datza. Deskartesek metodo zientifiko unibertsala sortu zuen. Metodoa gauzatzeko hiru ideia finkatu zituen:

  • Indukzioa (Sr. Bacon): lege orokor batera heltzea da eta horretarako, kasu guztiak aztertu behar dira. Kasu bat horrela ez balitzate izango, metodoa gezurra izango da. Gainera, zentzumenak erabili behar ditugu eta hauek ez dira %100 fidegarriak, erratu ahal direlako.
  • Hipotetiko-deduktiboa (Galileo): ez da fidagarria ere.
  • Deduktiboa (Descartes): fidegarria dena. Ideia batetik egia unibertsalera irits gaitezke koherentzia logikoz betetako kate baten bidez.

Bestalde, egia irizpideak daude:

  • Autoritate irizpidea: ezin dugu esan guztiz egia dela.
  • Indukzioa: mundua oinarritzen denez, orduan, ez da gustiz fidagarria.
  • Matematikoa edo arrazionala: irizpide hau arrazoitik dator, esperientzia gabe. Baina dedukzio matematikoak fidagarriak dira.

Metodo honek, lau arau desberdin osatzen ditu, jakiteko egia den ala ez:

  • Ebidentziaren araua
  • Analisisaren araua
  • Sintesiaren araua
  • Zerrendapen araua

INTUIZIOA ETA DEDUKZIOA: ANALISIA ETA SINTESIA

Deskartesen metodoaren helburua, mathesis universalis da, hau da, jakintza unibertsala. Metodoa gauzatzeko hiru ideia finkatu zituen: lehena Sr. Bacon-ek egin zuen, induktiboa; bigarrena Galileo Galilei-k egin zuen, hipotetiko-deduktiboa; eta bukatzeko, azken ideia Descartesek egin zuen, deduktiboa. Azken ideia hau da fidagarriena, beste biak ez dira fidagarriak. Intuizioa lehen araua da, hau da ebidentzia, eta beste hiruak dedukzioak dira.

Deskartesen metodoan egia bilatzeko 4 arau desberdin daude egira heltzeko:

  1. Ebidentzia araua: nire irudimenean ideia bat agertzen bada, egia delako sentsazioa izan dezaket, nire arrazoiak hori esaten baitu, baina ez dago egiaztatuta.
  2. Analisisaren araua: arazoek, arau horren arabera, ezin hobeto zehaztuak eta elementu bakunetara murriztuak izan behar dute.
  3. Sintesia araua: kate logikoa sortzea datza, ezagutzeko ea egia den. Logikoki ordenatzen badugu, emaitzara ailegatzeko baliagarria izango da.
  4. Zerrendapen araua: pauso guztiak errepasatzea datza. Zerrenda osoa ez badago eta hutsunen bat gertatzen bada, arriskuan jarriko dugu arrazoibideen elkarketa.

PASIOAK ETA ASKATASUNA

Descartesen ustez mundua era mekanizista batean funtzionatzen du, eta horrela determinatua dago. Horren ondorioz, arrazoimenaren bitartez jakin dezakegu zer gertatu den, zer gertatuko den eta zer gertatzen den. Horrez gain, guk munduaren barruan bizitzen garenez, guk ere determinatuak gaude.

Determinatua ez daukaguna adimena da, orduan, adimenak aske egiten gaitu. Gainera, Descartes-en ustez, gure gorputza ez da txarra; esaten du ez dagoela bekatuarekin lotuta. Res extensa-k 2 ezaugarri nagusi izango ditu:

  • Sekundarioak: garrantzi txikienekoak izango dira. Munduan diren gauza fisikoen ekintza mekanikoaren ondorioz sortutakoak izango dira.
  • Primarioak: zentzumenez hartzen ez ditugunak. Bi talde daude:
    • Mugimendua: Lehenengo motorra du, res infinita, mugimendua ezin baita ezerezetik sortu, eta ezaugarri primarioa da. Jainkoak eman baitio hasiera. Behin mugimendua hasten denean ez da gelditzen, legeen arabera funtzionatzen du.
    • Materia: Munduan espazio bat hartzen duen hedadura fisikoa.

Gorputza kontrolatu behar da, borondate sendoa izan behar dugu, gure adimenaren bidez gorputza kontrolpean izan dezagun, eta pasioak kontrolpean.

JAINKOA ETA MUNDUAREN EXISTENTZIA

Descartesek hainbat argumentu erabiltzen ditu Jainkoaren existentzia frogatzeko. Horietako lehenengoa argumentu ontologikoa da. Sortzetiko ideien artean, bat oso berezia da: infinituaren ideia, Jainkoaren existentzia nahitaez eskatzen duena. Descartes-en arabera, infinituaren ideia da mugarik ez duen izaki baten ideia, errealitate oro izatez duena. “Existentzia” falta izatea muga bat izango zatekeen. Ondorioz, izaki infinitu hori, Jainkoa, existitzen dela baieztatu behar da. Triangelu batean bere bi barneko angeluek bi zuzen batzen dituztela deduzitzen dugun argitasun eta bereizkuntza berarekin ondorioztatzen dugu orain infinituaren ideiatik izaki horrek, Jainkoak, existitu behar duela.

Bigarrenak niaren finitutasuna du oinarri. Zalantzatik iristen den “ni pentsatzailea” edozein banako gizakiren nia da: subjektu kontingentea, finitua eta mugatua, ez dagoena ziur existitzen jarraituko duenik pentsatzeari uzten dionean. Hortaz, ezin izan du bere burua jaso. Gainera, hala egin balute, perfekzioak gertatuko ziratekeen, Jainkoaren ideian jasota daudenak bezalakoak, eta, nolanahi ere, ez dituenak. Hortaz, gizakia perfekzio guztiak dituen izaki batek jaso behar izan du: Jainkoa.

DUDA METODIKOA ETA LEHEN ZIURTASUNA: COGITO-A

Descartes-en aburuz, zalantza lehenengo ebidentzia da; pentsatzen duelako zalantzarik baduzu, existitzen duzula. 4 zalantza maila daude, gero eta matematikara hurbilago daudenak:

  • Zentzumenez bitartez jasotakoa: zentzumenak ez dira fidegarriak, mundu fisikoari lotuta baitaude, engainatu ahal gara.
  • Lo-esna desberdintasuna: ezin dugu gure arrazoimenarekin lo edo esna gauden adierazi.
  • Ideia matematika-arrazionala: Jainkoak sortu gaitu baina ez dakigu ondo irakatsi ote digun.
  • Jeni-maltzurra: helburua du Jainkoaren ezagutzatik urruntzea, engainatu gaitzake.

Aurrekoak ezin naiz fidatu, ez dakidalako zertan oinarritu behar naizen egia arrazoira ailegatzeko. Beraz, ezin dugu zalantza kendu, zalantza gauza guztietan dago. Descartesek uste zuen zalantza pentsatzea dela eta pentsatzea existitzen garela esan nahi du, hau da, Cogito ergo sum (Uste dut, beraz, existitzen naiz).

Baina, pentsatzea zer da? Adimenean dagoen zerbait; ideiak pentsatzen ditugu lortutako informazioarekin. Hiru ideia mota ezberdintzen dira:

  • Irudimenezko-ideiak: irudimen bitartez lortutakoak dira.
  • Ideia-eratorriak: kanpoan dauden objektuak identifikatzeko ideiak dira, sentsumenetatik jasotakoak.
  • Jatorrizko-ideiak: gure barruan betidanik egon dauden jakimenen ideiak.

IDEIA MOTAK

Bere bakardadea erabatekoa da, berak aitortzen duen moduan. Baina pentsatzea ideiak izatea da, eta ideiak bi modutara har daitezke:

  • Gogamen errealitate gisa: hau da, pentsamenduaren egintza gisa. Ildo horretan, ideia guztiak berdinak dira, eta izaera bera dute; gogamenaren “ehunaz” eginda daude, eta horietaz erabat seguru egon gaitezke.
  • Objektu bat irudikatzen dutela: Horren harira, ideia bakoitzak gauza desberdin bat irudikatzen du: lurra, zerua, astroak... Ideiak, ideia gisa, giza espirituan existitzen dira, baina existitzen al dira benetan gogamenetik kanpo irudikatzen dituzten gauzak?

Galderari erantzuteko, Descartesek ideiak aztertu eta hiru mota aurkitu zituen:

  • Ideia erantsiak: gauza naturalak irudikatzen dituztela ematen dutenak eta giza gogamenean daudenak kanpotik etorriak bezala.
  • Ideia artifizialak: subjektuak ideia erantsiak konbinatuz pentsatzen dituen gauza asmatuak irudikatzen dituztenak.
  • Sortzetiko ideiak: beti giza gogamenean daudenak.

Sortzetiko ideiak, aldi berean, bitan labur daitezke: infinitu-perfektuaren ideia, Descartesek Jainkoarekin identifikatzen duena, eta finitu-inperfektuaren ideia. Horretatik, Descartesek Jainkoaren eta munduaren existentzia frogatzea planteatzen du.

Entradas relacionadas: