Euskarazko Itzulpengintza: Historia, Tresnak eta Euskalkiak
Clasificado en Lengua y literatura
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,39 KB
Itzulpengintza Euskaraz
Zer da itzulpengintza?
Itzultzea hizkuntza batean adierazitakoa beste hizkuntza batean ematea da. Itzultzaileak, bai zentzuari bai estiloari dagokienez, jatorrizko testuan esaten dena ahalik eta zehatzenen islatzen saiatu behar du, ahaztu gabe berak moldatutako testua naturala eta ulergarria izan behar duela itzulpena irakurriko dutenentzat. Itzulpengintzak garrantzi handia du bizitzaren hainbat arlotan: zientzian, literaturan, merkataritzan, eta abar.
Euskarazko itzulpengintzaren historia
Joannes Leizarragaren Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria (1571) da ezagutzen dugun lehen euskal itzulpena. Nafarroako erregina Joana Albretek eman zion Leizarragari Bibliako Testamentu Berria itzultzeko agindua. Lan horren bitartez, fede kalbinista zabaldu zuen Euskal Herrian.
EIZIE: Itzultzaileen Elkartea
EIZIE euskarara edo euskaratik itzulpengintzan eta interpretazioan ari diren profesionalak biltzen dituen elkartea da. 1987an sortu zen, eta itzulpengintzari buruzko informazio asko ematen du bere webgunean.
Itzulpen automatikoa
Gaur egun, itzulpenak era automatikoan egiten dituzten programa informatikoak garatu dira. Hizkuntza batzuetarako, emaitzak kaskar samarrak izaten dira, itzultzaile den pertsona batek lortutakoen aldean. Euskaraz ez da garatu oraindik halako tresnarik. Interneteko bilatzaile batzuek itzulpen automatikoa erabiltzeko aukera ematen dute.
Euskaratutako lan aipagarriak
- Charles Dickensen A Christmas Carol da, Biblia alde batera utzita, euskarara gehien itzuli den literatura lana. 1931z geroztik, lau aldiz itzuli da euskarara.
- Bernardo Atxagaren Obabakoak liburua 25 hizkuntza baino gehiagotara itzuli da. Gehienak Europako hizkuntzak dira, baina arabierara eta hindira ere itzuli da.
Itzultzaileen Nazioarteko Eguna
Irailaren 30ean ospatzen da Itzultzaileen Nazioarteko Eguna, San Jeronimoren egunarekin batera. San Jeronimo izan zen Bibliaren latinezko lehen bertsioa egin zuena.
Euskal Euskalkiak
Mendebaleko euskara (Bizkaiera)
Mendebaleko euskara euskalkirik mendebaldekoena da, usadioz bizkaiera deitua. Mendebaleko euskara ez da homogeneoa: bi azpieuskalki (sartaldekoa eta sortaldekoa) eta zortzi hizkera nagusi ageri dira. Garbia da bi azpieuskalkien arteko aldea, nahiz eta oharkabean egiten den batetik besterako bidea: Busturialdeko hizkerek, iparraldean, eta Otxandio-Oleta-Ubide aldekoek, hegoaldean, egiten dute bien arteko lotura.
Sartaldeko azpieuskalkiak lurralde-eremu hau hartzen du:
- Uribe-Kosta
- Mungialdea
- Txorierri
- Nerbioi ibarra
- Zeberio
- Arratia
- Orozko
Sortaldekoak, aldiz, beste hau:
- Lea-Artibai
- Durangaldea
- Aramaio
- Debagoiena
- Debabarreneko Mallabia, Ermua, Eibar eta Soraluze
Nafarrera
Nafarrera edo nafar euskara gaur egun Nafarroa Garaiko iparraldeko eskualdeetan egiten den euskalkia da. Erdialdeko dialekto bat da, Ipar Euskal Herriko eta Mendebal Euskal Herriko tradizioen artekoa. Bi hizkera mota nagusi bereizten dira dialekto honetan: iparraldeko goi-nafarrera eta hegoaldeko goi-nafarrera. Nafarroa Garaiko euskal hiztun gehienak mintzo dira iparraldeko goi-nafarreraz. Hegoaldeko goi-nafarreraren eremua Nafarroa Garaiko erdialdetik Pirinioetara zabaltzen da.