Evans Kasua: Enbrioi Izoztuen inguruko Dilema Etikoa
Clasificado en Psicología y Sociología
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,72 KB
EVANS KASUA
1. Lehen inpresioa eta konponbide proposamena
Kasua irakurri ondoren, erabaki zaila dela uste dut. Bi pertsonen tokian jartzen banaiz, bien ikuspuntua logikoa iruditzen zait. Alde batetik, ez dut ondo ikusten Howardek hainbeste tematu ondoren orain atzera egitea. Nathaliek beste aukera batzuk zituela esan zionean, berak betirako maiteko zuela erantzun zion, gaur egun bere hitza hautsiz. Beste aldetik, Nathalie eta Howard gaur egun ez dira bikote; ondorioz, ulergarria iruditzen zait Howardek bere bikotea ez den pertsona batekin seme-alabarik izan nahi ez izatea.
Baina, bi aldeak ulertu arren, nire ustez enbrioiak ez dira deuseztatu behar. Bere garaian akordio bat sinatu zuten eta biak ados zeuden. Howardek seme-alabarik izan nahi ez badu, emaile anonimo gisa joka dezake. Nathaliek ez du seme-alaba genetikoak izateko beste aukerarik; Howardek, aldiz, badu emaile anonimo bihurtzeko aukera.
2. Kasuaren analisi objektiboa
Hona hemen kasuan agertzen diren pertsonen, haien jokabideen eta interesen azterketa:
- Howard: Hasieran, gaixotasuna agertu zenean, maiteminduta zegoen eta betirako sentimendua zela uste zuen. Erabakia hartzeko unean, oso argi zeukan bere emaztearekin umeak izan nahi zituela. Gaixotasuna gainditu ondoren, hainbat arazo direla medio, bere sentimenduak aldatu egin dira, eta orain ez ditu gauzak hain argi ikusten. Emaztearenganako sentimenduak aldatu zaizkio eta jada ez du maite. Ondorioz, ez du seme-alabarik izan nahi maite ez duen pertsona batekin.
- Nathalie: Hasieran, gaixotasuna agertu zenean, argi zeukan bere obuluak gorde nahi zituela. Berdin zitzaion enbrioiak emaile anonimo batekin sortzea, senarraren espermarekin sortzea edo soilik obuluak gordetzea. Berak argi zeukan etorkizunean seme-alaba genetikoak izan nahi zituela. Une hartan, senarrak ez kezkatzeko esan zionez, hari kasu egitea erabaki zuen. Gaixotasuna gainditu ondoren, ordea, senarrak atzera egin du, eta, ondorioz, enbrioiak deuseztatzen badituzte, Nathaliek ezin izango du seme-alaba genetikorik izan.
3. Klinikako zuzendariaren aukerak eta argudioak
Oharra: Argudioak ez dira hausnarketa-idazlan gisa entregatu behar, baina idaztea komeni da (eta ondo idaztea). Adierazteko modu egokia eta kalitatezkoa erabili behar da, eta argudioek ondo oinarrituta egon behar dute. Argudioetan akatsak eta falaziak saihestu behar dira. Kontsultatu 1. gaiko apunteetako 3. epigrafea eta hurrengoak.
Klinikako zuzendariak dituen aukerak eta bakoitzaren aldeko argudioak hauek dira:
- Enbrioiak deuseztatzea: Enbrioien gainean bi pertsonek dute erabakiak hartzeko eskubidea. Une honetan, pertsona horietako bat ez dago ados prozesuarekin jarraitzearekin, eta hala adierazi du. Enbrioi horietatik jaioko liratekeen seme-alabak bienak izango lirateke. Ondorioz, bietako batek seme-alabarik izan nahi ez badu, eta haurdunaldi-prozesua oraindik hasi ez denez, prozesua bertan behera uzteko aukera dago. Seme-alabak izanez gero, aitak betebehar batzuk izango lituzke, eta Nathalieren senar izateari utzi badio ere, ez luke harekin kontaktua galduko. Nathaliek seme-alaba genetikoak ez, baina biologikoak (beste emaile batekin) edo adoptatuak izateko aukera badu.
- Enbrioiak ez deuseztatzea: Nahiz eta bi pertsonek enbrioien gainean erabakitzeko eskubidea izan, hau da Nathaliek seme-alaba genetikoak izateko duen aukera bakarra. Howardek aukera gehiago ditu: emaile anonimo bihur daiteke eta, horrela, aita izatearen betebeharretatik askatu. Howardek bere hitza eman zuen, eta Nathaliek beste aukera batzuk aipatu zizkionean, berak erabaki irmoa hartu zuen prozesuarekin jarraitzeko.