Ezagutza, Egia eta Arrazoiaren Bideak eta Mugak

Clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 5,38 KB

Dakiguna: Esperientziaren Bidezko Ezagutza

Esperientziatik jakin ahal dugu dakiguna, gure begiekin ikusi arte ezin dugulako jakin egia edo gezurra den. Betidanik ikasi edo jakin ditugun gauzak katalogatu daitezke, guk bizi ditugulako. Adibidez, txikitatik izen batzuk gizartean oso ohikoak dira; hau da, gehienok gure gurasoei aita eta ama deitzen diegu. Baita ere, hainbat sentsazio ezagutzen ditugu kontraesanari esker; hau da, hotza ezagutzen dugu beroa ere badagoelako, eta alderantziz. Beraz, bi esperientziei izena ematen diegu, eta aldi berean, gure buruari jakin-mina pizten diogu. Orokorrean, gizakia zentzumenen bidez gidatzen da, eta hauek ematen dizkiguten esperientziak egiatzat hartzen ditugula konturatu gara.

Ezin gara inoiz guztiz ziur egon dakiguna benetan horrela dela; batzuetan, gauzak gehiegi ez aztertzeagatik, ez dugu pentsatzen agian esaten eta ikusten duguna ez dela benetan horrela. Horregatik, pertsona batzuek zalantzan jartzen dituzte egi horiek, baina baieztapen edo egi hori inoiz ikusi, entzun edo sentitu ez badugu, ezin dugu esaten dena frogatu. Egi horri sinestea pertsona bakoitzaren esku dago, eta bakoitzak sinesten duenaren arabera, egia arrazionala edo egia absolutua izan daiteke. Aldatu daitezkeen egiak ere badaude; adibidez, gaur egun Katalunia Espainian dago, baina inork ez daki hemendik gutxira Katalunia beste nazio bat izango den ala ez.

Ezagutza eta Arrazoimena: Egiaren Bilaketa

Zerbait egia dela esaten digutenean ezin gara inoiz ziur egon; beraz, zalantzan jarri behar dugu esaten digutena. Kritika bat eginez eta ideia horiek argumentuekin alderatuz lortuko dugu erantzun zuzena. Ezin gara inoiz esaten digutenaz fidatu; une horretan, arrazionalak izatera pasatzen gara, gure kabuz pentsatzen hasten garelako. Egia lortzeko, ematen dizkiguten bertsio desberdinak batu behar ditugu, bertsio asko egon daitezkeelako.

Arrazoitzeak esaten digutena zalantzan jartzea dakar, lehen esan bezala, kritika zentzudun bat eginez. Behin kritika bat egiten hasita, informazioa objektibotasunez aztertu behar da, eta alde batera utzi gure iritzia edo ustea, hau da, subjektiboak izatea. Daukagun informazioaren unibertsaltasuna da garrantzitsuena, gauza baten ideia orokorra hartzen dugulako hura definitzeko, horrela gauzen esentzia sortuz.

Metodo arrazionalaren helburua egia jakitea eta ezartzea da, hau da, guk egietan sinesten dugunaren eta errealitatean gertatzen diren gauzen artean ahalik eta antzekotasun eta parekotasun handiena lortzea, gizakiaren egunerokoaren parte diren gauzekin lotuz. Egia hainbat ikuspuntu ezberdinetatik begira dezakegu:

  • Egia mitikoetan, egia konbentzionala bilatzen saiatzen dira.
  • Egia fisiko-kimikoetan, berriz, zehaztasuna dute helburu.
  • Egia politikoen eta etikoen kasuan, zintzotasuna eta adierazgarritasuna bilatzea dute helburu.

Egia lortu nahi izanez gero, argi eduki behar dugu zer nolako gai edo ikuspuntu dugun, ondoren nahasteak ez gertatzeko.

Arrazoiaren Etsaiak: Eszeptikoak, Erlatibistak eta Absolutistak

Arrazoiaren aurkako hiru etsai daude:

  1. Eszeptikoak: Hauek gizakion ezagutza guztiak jartzen dituzte zalantzan. Haiek diote arrazoiak ez duela ezertarako balio; adibidez, musika entzuterakoan sentitzen edo transmititzen diguna marraztuko bagenu, zirriborro bat izango litzateke gure emaitza. Eszeptikoek horrela azaltzen dute arrazoiaren ideia: dugun ezagutza batetik abiatuz, arrazoiaren bidez buruan nahaste bat egiten dugula, eta horren ondorioz, egia ezin dela aurkitu. Horren arabera, bakoitzak bere ustea edo iritzia baino ez duela aurkituko diote, baina kontraesanak aurkitu dituzte beren tesietan. Egia ez dagoela esaten dute, baina aldi berean ezer ere ez dakitela azaltzen dute. Baina orduan, ezer ez dakitela egia izango da, haien ustez? Bestalde, diote arrazoia ez dela existitzen, baina beren ideiak argudiatzeko arrazoia erabiltzen dute.
  2. Erlatibistak: Hauek diote ez dagoela egia absoluturik, baizik eta etnia, sexua, posizio soziala eta norberaren interesek baldintzatzen dutela. Haientzat ezagutza guztiak erlatiboak eta partikularrak dira. Erlatibismoan ez dago esperientzia bat bestearen gainetik; aniztasuna baizik. Egiak badaude, baina denek ez dute pisu bera; hori da haien puntu ahula.
  3. Absolutistak: Azken etsaia absolutistak dira, egia bakarrean sinesten dutenak, benetako egian, hau da, erlijioan, egia absolutuan, eztabaidaezina dena.

Kant eta Popper: Ezagutzaren Mugak

Kanten ustez, ezagutza deritzoguna zentzumenen bidez jasotako errealitatearen eta gure ulermenaren arteko konbinazioa da. Ezin ditugu gauzak benetan diren bezala ulertu; gure zentzumenen eta adimenaren bidez bakarrik uler ditzakegu. Ez dugu benetako errealitatea ezagutzen, gure errealitatea bakarrik ezagutzen dugu. Gure ezagutza benetakoa da, baina gure gaitasunak iristen diren neurrian bakarrik heltzen da. Arrazoiak gure zentzumenek jakin ezin dezaketenari buruz hausnartzen du: Jainkoa, Unibertsoa...

Karl Popperrek, aldiz, egiaren bilaketaren inguruan dioena da ez dagoela benetako egia jakiteko irizpiderik. Haren ustez, gure esku dagoen gauza bakarra gure planteamenduetan dauden akatsak aurkitzea eta konpontzen saiatzea da. Horrela, arrazoiaren lana negatiboa izango litzateke, hau da, gure ezagutzaren akatsak aurkitzea, positiboa izan beharrean, benetako egia zein den jakitea.

Entradas relacionadas: