Ezagutza eta Esperientzia: Enpirismoaren Azterketa
Clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,74 KB
2Gauzak hautematen ditugun moduan ezagutzen ditugu. Ezin dugu jakin gauzak beren baitan zer edo nolakoak diren; hau da, esentziazko errealitatea zein den. Ezagutzen dugun bakarra gure zentzumenei erakusten zaiena da, errealitate fenomenikoa. Ezagutza oro objektu konkretu eta singularrei buruzkoa da. Gauza bat izan badela onartzeko, esperientziak eraman behar gaitu horretara. Dena dela, gure esperientzian ez dago ezer, ideia orokorrek dioten errealitate unibertsal hori izan badela ondorioztatzen digunik. Platonek esaten zuenaren aurka, ez dago “zalditasunik” esentzia unibertsal gisa; zaldiak baino ez daude (singularrak eta zehatzak). Orokortasuna ideia hori sortu duen hizkuntzaren edo ulermenaren jabetza pribatua da. Singularra besterik ez dugu hautematen; ezin dugu baieztatu orokorrik izan badenik. Giza ezagutza mugatua da. Esperientzia bera da giza adimenaren muga. Esperientziatik haratago joanez gero, probablea edo zalantzakorra denaren esparruan sartzen gara. Ez dago guztiari buruzko ezagutzarik, ez eta ezagutzei buruzko ziurtasun osorik. Arrazoia arrazoi kritikoa da (bere mugak eta posibilitateak aztertzen ditu), eta eduki metafisikoak, arrazoiaren mugetatik kanpo daudenez, ezagutezinak dira. Arrazionalistek, aldiz, ezagutzaren mugarik eza nabarmendu eta ezagutza metafisikoa justifikatu zuten. Enpirismoak, fisika newtondarra hartu zuen metodotzat, eta ez zuen ideien berezko izaera onartu; izan ere, enpiristen ustez, ezagutza oro esperientziatik dator. Prestu, doilor, on, txar eta gainerako predikatuak ez daude esperientzian. Gauzak eta nolakotasun fisikoak ezagutzen ditugu, baina nolakotasun moralak edo nolakotasun estetikoak ezin dira hauteman. Ona edo txarra nahiz ederra edo itsusia zer den adierazten duten judizio moralek edo estetikoek ez dute ezagutzazko baliorik. Beraz, zer egin behar den edo zer ez den egin behar agintzen edo debekatzen diguten enuntziatu arauemaileak ezin dira esperientziatik eratorri. Sentimendua da gizakiaren bizitzarako gida.
Enpirismoa hitza grezierako empeiria hitzetik dator (“esperientzia” esan nahi du). Ezagutza oinarritzeko eta azaltzeko abiapuntua errealitatearen esperientzia hautemangarrietan jarri nahi duen pentsamendu ildoa da enpirismoa. Enpirismoa XVII-XVIII. Mendeetan Britainia Handian bereziki garatu zen filosofia-korrentea izan zen. Enpirismoaren aitzindariak Oxfordeko eskolan aritu ziren XIII. mendean, eta Locke, Berkeley eta Hume dira egile aipagarrienak. Ezagutzen duen subjektutik abiatuta bakarrik irits gaitezke ezagutzara, eta horretan ados zeuden arrazionalistak eta enpiristak. Gainera, ez zen gauzen ezagutza, subjektuaren adimeneko irudikapena eta ideiena baizik.
Enpirismoaren ezaugarri garrantzitsuenak honako hauek dira:
Esperientzia da ezagutzaren iturria. Adimena esperientziaren edukien bitartez bete behar den “arbel huts” bat da (tabula rasa) eta horregatik enpirismoak arrazionalismoak onartzen dituen jatorrizko ideiak ukatzen ditu. Ezagutza oro ideien ezagutza da, eta ideiak gure adimenean gertatzen diren irudikapenak dira. Tesi honetan, enpiristek bat egiten dute arrazionalistekin. Adimenak ideiak ezagutzen ditu, ez gauzak. Enpiristek garrantzi handia ematen diote mekanismo psikologikoen azterketari, horiek ideien arteko harremanak nola eratzen diren azaltzen baitute.