Familia eta eskolaren arteko komunikazioa: elkarrizketak

Clasificado en Magisterio

Escrito el en vasco con un tamaño de 6,55 KB

Aldizkako komunikazioa

Eguneroko komunikazioaz gain, hezitzaileek deialdiak egiten dizkiete gurasoei aldian behin, gai zehatzak jorratzeko. Familiaren eta eskolaren arteko komunikazio hori tresna batzuen bidez gauzatzen da. Horien artean, hauek dira garrantzitsuenetako batzuk:

  • Elkarrizketak
  • Txostenak
  • Bilerak

Elkarrizketa

Elkarrizketa honela defini dezakegu: pertsona batekin edo gehiagorekin egindako solasaldi profesionala, informazioa biltzea xede duena, hura artxibatzeko, analizatzeko eta aztertzeko. Asmoaren eta erabilitako irizpideen arabera, hainbat elkarrizketa mota bereiz ditzakegu.

Elkarrizketa da, ziurrenik, zentroaren eta familiaren arteko harremanean garrantzi kualitatibo handiena duen komunikazio-teknika; horregatik, garrantzitsua da jakitea zein den haren xedea, eta nola jarri behar den praktikan.

Familiaren eta haur-eskolaren arteko elkarrizketak

Ikasturtean, banakako bi elkarrizketa egin ohi dira: bata, ikasturtea hasi baino lehen, eta, bestea, ikasturtea aurreratuta dagoenean. Horiez gain, behar bezainbeste egin beharko dira, familiaren edo haurraren egoerek edo ezaugarriek hala eskatzen badute.

Lehenengo elkarrizketa edo aldez aurretiko elkarrizketa

Ikasturtea hasi aurretik egin ohi da. Bereziki garrantzitsua da haurra eskolan hasiko den urtea. Elkarrizketa horretan, adingabearen oinarrizko informazioa jasotzen da fitxa batean. Fitxak datu hauek eduki behar ditu, gutxienez:

  1. Datu pertsonalak: izena, helbidea, telefonoa eta helbide elektronikoa.
  2. Familiaren datuak: norekin bizi den, anai-arrebarik baduen, zer harreman duen familia zabalarekin, zer pertsonarekin duen harremanik handiena…
  3. Hezkuntza-historia: joaten den lehenengo zentroa bada, nork zaindu duen ordura arte, eta nola erlazionatzen den beste haurrekin eta beste pertsona helduekin.
  4. Garapena eta ohiturak: laguntza edo babes berezirik behar duen, balizko gaixotasunak, ohiturak hartzearen egoera edo aurrerapena: lo-kuluxkarik egiten duen, esfinterren kontrola, zein diren haren elikadura-ohiturak, dieta berezirik behar duen, zein den haren aurrerapen psikomotorra…

Elkarrizketa horretan, ordutegiei, langileei, instalazioei edo jarduerei buruzko informazioa ere ematen zaie gurasoei, bai eta beharrezko materialari, ikasturte-hasierako oinarrizko argibideei, sarrera- eta irteera-prozedurei, gaixotasunen bat izanez gero jarraitzen diren prozedurei, botikak emateari buruzko araudiari eta abarri buruzkoa ere.

Bigarren elkarrizketa edo jarraipen-elkarrizketa

Ikasturtearen erdi aldera egiten da. Elkarrizketa horretan, haurraren alderdi berezi guztiak jorratzen dira, eta haren prozesuaren eta zentroarekiko egokitzapenaren berri ematen da: ohiturak hartzean egin dituen aurrerapenak, gelakideekiko elkarbizitzan egin dituen aurrerapenak, jolas gustukoenak, garapen heldugarria eta kognitiboa, gehien gustatzen zaizkion jarduerak, hezitzaileekin duen harremana… Txostena eman aurretik egiten bada elkarrizketa, datu batzuk aurreratu daitezke; txostena eman ondoren egiten bada, aldiz, aukera hori aprobetxatu behar da egon litezkeen zalantzak argitzeko.

Ezohiko elkarrizketak

Haurraren nahiz familiaren egoerek hala eskatzen dutenean, behar adina elkarrizketa egin beharko dira. Elkarrizketa horiek zentroak eska ditzake, hezitzaileek haurren jokabidean anomaliaren bat, aldaketa handiak edo atzerapauso nabarmenak antzematen badituzte; edo familiek, eskolari familiako kontu garrantzitsuen berri eman nahi badiote; esaterako, gurasoak banantzea, edo seme-alabaren hezkuntzari eta zaintzari buruzko edozein gai. Nolanahi ere, eskolak egin dezakeen guztia egin beharko du elkarrizketa gauzatzeko.

Nola prestatu eta garatu elkarrizketa bat?

Elkarrizketa bat egiteko, garrantzitsua da hura gauzatuko duen pertsona horretarako prestatuta egotea. Bistakoa da esperientzia funtsezkoa izango dela, baina badira planifikatzeari eta gauzatzeari buruz jakin beharreko gai batzuk, elkarrizketa ongi joan dadin.

  • Argi eduki behar da zein den elkarrizketaren helburua: hasierako elkarrizketa den, informazioa jasotzeko; jarraipen-elkarrizketa bat den, haurraren aurrerapenen berri emateko; edo ezohikoa den, gai konplexuagoak jorratzeko.
  • Kasu bakoitzean, modu argian eta egituratuan antolatu beharko da lortu eta eman nahi den informazioa. Informazio hori idatziz laburbildu beharko da, gidoi batean. Gainera, kalkulatu behar da horretaz guztiaz lasai hitz egiteko denbora eman behar duela adostutako denboran (iraupena 45 minutu eta ordubete artekoa izan ohi da, gutxi gorabehera).
  • Garrantzitsua da elkarrizketa egingo den lekua. Adibidez, jarraipen-elkarrizketa bat gelan bertan egin daiteke; izan ere, haurraren errealitatea ikus daiteke han, eta errazagoa da bertan egiten diren jarduerak azaltzea. Hasierako elkarrizketetarako edo gai konplexuagoak jorratuko direnetarako, egokiagoak dira bulego bat edo horretara bideratutako gela bat, diskrezio- eta konfidentzialtasun-sentsazio handiagoa emango baitute. Dena den, eta lekua edozein delarik ere, giroak lasaia izan behar du, eta ez du ez zaratarik ez interferentziarik egon behar.
  • Itxura fisikoa edozein elkarrizketatan da garrantzitsua; hala, elkarrizketa egiten duen pertsonak itxura ona eman behar du: itxura txukuna izatea (adibidez, bata aldatzea zikina baldin badago), eta adeitsu eta atsegin agertzea.
  • Elkarrizketa bateko lehenengo uneek erlaxatzeko eta estresa gutxitzeko balio behar dute, elkarrizketatutako pertsona erlaxa dadin, eta giro atsegina sor dadin.
  • Ondoren, elkarrizketariak aurrea hartu behar du, eta bilerarako ezarritako helburuak jarraitu behar ditu, gurasoei beste helburu batzuk gehitzeko aukera emanez.
  • Elkarrizketak formulatzeari dagokionez, hezitzaileak alde batera utzi behar du galdeketa-eredua, eta patxadaz egin behar ditu galderak, dialogoa sustatzeko, entzute-jarrera aktiboa hartuz. Informazioa emateko unean, aldebakarreko hitzaldia ere saihestu egin behar du, eta elkarreragina bultzatu, gurasoei aukera emanez eztabaidan parte hartzeko eta beren iritziak emateko.
  • Elkarrizketan zehar, elkarrizketariak informazio garrantzitsuenak idatzi behar ditu, eta, bilera bukatu ondoren, hari buruzko txostena egin behar du.
  • Azkenik, elkarrizketariak bildu nahi zuen informazio guztia lortu duela eta eman nahi zuen informazio guztia eman duela egiaztatzen duenean, amaiera eman behar dio elkarrizketari, gurasoek aipatu nahi duten gairik badagoen galdetu ondoren.

Entradas relacionadas: