Federico Echevarriaren 1893ko Mitinaren Analisia

Clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,29 KB

Aztergai dugun testua lehen mailako iturria da. Dokumentuak, mitin bat izanik, forma narratiboa du eta edukiaren arabera ekonomikoa da. Hartzaileak enpresaburuak eta Gobernua dira, beraz, testua publikoa da. Egilea Federico Echevarria euskal enpresaria izan zen.

Bilbon 1893ko abenduaren 9an emandako mitin-protesta batean protekzionismoaren alde egin zuen hitzaldi baten zatia dugu. Echevarriaren helburu nagusia merkataritza-itun librekanbistak ezabatzeko Gobernuari presio egitea da. Testua Errestaurazio garaian kokatzen da eta Bizkaiko industrializazio prozesuaren testuinguruarekin lotuta dago, konkretuki enpresaburuek protekzionismoaren alde garatutako borrokarekin.

Ideia Nagusiak eta Paragrafoen Analisia

Dokumentuaren ideia nagusiak Espainia eta Alemaniaren arteko merkataritza-itun librekanbistaren salaketa (Sagastaren gobernuak sinatua 1893an) eta protekzionismoaren defentsa (1891ko muga zergak mantentzea) sutsua dira.

Testua bi paragrafotan banatuta dago:

  • Lehenengoan aipatutako itunak, indarrean zegoen aduana-zergen araubidea ezeztatuz, Bizkaiko siderurgia industriari lekarzkiokeen ondorioak azaltzen ditu egileak. Bi ziren neurri honek arriskuan jarriko lituzkeen enpresak: araubide protekzionistaren bidez sortuak eta neurri honen babespean birmoldatutakoak. Bere ustez, enpresaburuen ekimen eta egitasmoak bertan behera uztea ekarriko luke itunak, industria hilzorian geratzea eraginez. Gainera, ituna aurrekari arriskutsua izatea ere argudiatzen du, beste estatu batzuekin merkatal itunak sinatzeko atea irekiko lukeelako.
  • Bigarren paragrafoan, Echevarriak Gobernuari luzaturiko eskaera azaltzen da, berau araubidetik ez urruntzeko eta indarrean dagoen babes-sistema ez suntsitzeko aldarrikatuz. Hitz hauek erreferentzia zuzena egiten diote Canovasek 1891an ezarritako arantzela mantentzeari, Gobernuari Alemaniarekin sinatutako ituna bertan behera uzteko presioa eginez.

Bizkaiko Industrializazioaren Testuingurua

Hitzaldia 1880tik aurrera garatu zen Bizkaiko industrializazio prozesuaren baitan ulertu behar da.

Prozesuaren Pizgarria

Prozesu honen pizgarria altzairua lantzeko asmatu zen Bessemer bihurgailuaren aplikazioa izan zen, izan ere, honek, fosforik gabeko burdin mearen eskaera areagotu zuen, hots Bizkaiko burdin mearena (“hematitea”).

Meategien Ustiatze-Baldintzak

Berau ustiatzeko baldintzak ezin hobeak ziren gainera:

  1. Aire zabaleko meategiak izateak (harrobiak, erauzten errazak).
  2. Eskulanaren prezioa murriztea, espezializaziorik gabeko peoiak (Bizkaira etengabe heltzen zirenak) lanean arituz.

Ustiatze-kostu txikiak eragiten zituen; honez gainera, garraioak ez zuen horrenbesteko arazorik sortzen meatzeak itsasadarretik hurbil zeudelako. Aipaturiko baldintzek eta etekin handi eta azkarren susmoak bultzatu zituzten Euskal Herriko eta atzerriko kapitalistak (ustiakuntza kolonialaren fenomenoa sortzea eragin zuena) meatze haietan inbertsioak egitera.

Azken karlistaldia amaitu ondoren nabarmenkiro emendatu ziren produkzioa eta esportazioak eta aberastasun-iturri handi hau izan zen industrializazioaren finantzabide nagusia eta finantza kapitalismoaren garapena eragin zuen.

Siderurgiaren Rola

Industrializazioaren testuinguruan garatutako Bizkaiko garapen ekonomikoan paper guztiz garrantzitsua bete zuen siderurgiak, Bilboko itsasadarrean kokatua. Teknologia Ingalaterratik edo Belgikatik ekarri zen.

Honela, 1880. urteen hasieran eraiki ziren siderurgia-multzo handienak:

  • San Francisco de Mudela (1880)
  • La Vizcaya (1882)
  • Altos Hornos de Bilbao (1882)

Azken bi hauek eta La Iberia izenekoak, 1902.an batu eta Altos Hornos de Vizcaya (AHV) Espainiako siderurgia-multzo handiena eratu zuten.

Entradas relacionadas: