Feminismoaren Garapena: Ilustraziotik Gaur Egungora

Clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,72 KB

Feminismoa emakumezkoen diskriminazio historikoa abiapuntutzat hartuz pertsonen arteko eskubide berdintasuna aldarrikatu duen pentsamendu korrontea da. Hala ere, korrontea ez da homogeneoa, eta historian zehar eboluzio nabarmena izan du. Honela azal genezake:

Aitzindari ilustratu nagusiak

XVI. mende amaieran, Olympe de Gouges frantsesak (Emakumearen eta Emakumezko Hiritarraren Eskubideen Adierazpena) eta Mary Wollstonecraft ingelesak (Emakumearen eskubideen bindikazioa) salatu zuten pentsalari ilustratuen 'berdintasun politikoaren' aldarriek gizon zuri, burges eta heterosexualak bakarrik hartzen zituztela.

'Neurritasunaren mugimendua' (Boston)

1820tik aurrera, AEBetan, alkoholaren aurkako mugimendua sortu zuten hainbat emakume taldek. Oinarri kristaua bazuen ere, lehen aldiz bizitza publikoan aktiboki parte hartzeko aukera eman zion mugimenduak emakume askori.

Mugimendu sufragistak: eskubide politikoak

1850eko hamarkadatik aurrera eta Lehen Mundu Gerra bitartean, sufragistek balio demokratiko eta eskubide liberalen unibertsalizazioa aldarrikatu zuten bozka-eskubidetik hasita. Mugimendu sufragista interklasista eta abolizioaren aldekoa izan zen; izen esanguratsuen artean ditugu:

  • Sarah eta Angelina Grimké (esklabo familia bateko ahizpa abolizionista eta feministak)
  • Lucretia Mott (emakume abolizionisten lehen elkartearen sortzailea)
  • Elizabeth Cady Stanton (Seneca Fallseko Adierazpenaren egilea)

Emakumearen eraikuntza soziala eta Simone de Beauvoir

Bigarren Mundu Gerraren osteko hondamendi demografikoa orekatzeko, amatasunaren indartze berria gertatu zen, estatuek berregituratze nazionalaren zutabetzat hartu zutena. Baina, 1949an, Simone de Beauvoirrek Bigarren sexua liburua idatzi zuen. Obra horrek berebiziko garrantzia izan zuen feminismoa ohartu zedin emakumeen zapalkuntza eskubide zibiletatik, politikoetatik edota sozialetatik harago ere kokatzen zela.

Emakumearen iruditeria kulturalari, sinbolikoari eta identitate sozialen eraikuntza prozesuari ere kasu egin behar zitzaien: «emakume egin egiten da». Ez da naturala, kulturala baizik, gizonen mendeko eta ekimen propiorik gabeko emakumeak sortu dituena. Neskatoa, haurtzarotik, gizon bati men egiteko eta errealizatzeko modu bakarra emaztea eta ama izatea dela pentsatzera hezten da.

Beharrezkoa da emakumeak bere burua definitzeko gaitasuna berreskuratzea, aurretiko zehaztapenik gabe. Beauvoirren ustez, gizakiaren funtsa askatasuna da, hau da, zer izan nahi den zehazteko gaitasuna. Baina emakumeak izan behar duena gizonak erabakitzen du; horregatik, emakumeak, nahiz eta eskubide politikoak izan, gizonaren mendean jarraitzen du.

Betty Friedan eta 'Izenik gabeko arazoa'

Bide beretik, 1950eko hamarkadan, Betty Friedanek «emakumeen izenik gabeko arazoaren» inguruan hausnartu zuen. Bere ustez, beti besteen mesedetan egoteak, beti «etxekoandre» papera bete behar izateak, emakumeak beren buruarekin konforme ez egotea eragiten zuen. Pertsona gaixo eta frustratuak bilakatzen zituen.

Feminismo erradikala: Heteropatriarkatua eta Gorputza

1960ko hamarkadan, Kate Millett (Sexual Politics, 1968) eta Shulamith Firestone (The Dialectic of Sex: The Case for Feminist Revolution, 1970) pentsalariek gure gizartea heteropatriarkaltzat jo zuten, hau da, gizonen interesak sostengatzen dituen sistematzat; hortaz, gizonen pribilegioak defendatzeko egituratzat. Gizarte honetan, emakumea arlo publikoan menderatzen da (legeak, eskubideak), baina baita pribatuan ere (bikote eta sexu harremanak, etab.).

Garai hartan, orobat, gorputza eztabaidaren erdigune bihurtu zen, «nire gorputza nirea da» lelopean; ondorioz, erabakitzeko eskubidearen eta gorputzaren jabetzaren aldeko borroka abiatu zuten. Gorputzaren jabe izateak ala ez izateak niaren eraikuntzan zuzenean eragiten duela adierazi zuten.

1980-1990eko hamarkadetan, Judith Butlerrek bide horretatik jarraitu zuen, erakundeen androzentrismoa eta sexu eta genero kategorien azpian interes politikoak zeudela salatuz. Azken finean, familia tradizionala botere tresna bat da, eta hortik kanpora dauden jokabide ez-normatiboak patologizatu egin dira.

Intersekzionalismoa

Terminoa Kimberlé Crenshaw abokatuarena bada ere (1989), Angela Davis eta beste pentsalari batzuk 1970eko eta 1980ko hamarkadetan emakumearen aniztasunaren inguruan aritu ziren lanean, arrazak, klaseak eta abarrek sor ditzaketen menderatze eta jazarpenak aztertuz (xenofobia, arrazismoa, transfobia, homofobia eta aporofobia).

Entradas relacionadas: