Fernando VII.aren Erregealdia: Absolutismoa eta Liberalismoa
Clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,39 KB
Fernando VII.aren Agintaldia (1814-1833)
Valençayko Itunaren ondoren, 1813an, Napoleonek Espainiako erregetza aitortu zion Fernando VII.ari. Haren erregealdia hainbat fasetan banatu zen.
Seiurteko Absolutista (1814-1820)
Espainian Fernando VII.aren eskutik absolutismoa berriro ezarri zen garaian, Europako gainerako herrialdeetan berrezarkuntza absolutista nagusitu zen.
Gorteetako diputatuen heren batek, joera absolutistakoak zirenak, Pertsiarren Manifestua deiturikoa sinatu zuten. Bertan, gobernu absolutua aldarrikatzen zuten. Herriaren zati baten eta, bereziki, kleroaren eta lur-jabeen laguntzarekin, Fernando VII.ak estatu-kolpea eman zuen 1814ko maiatzaren 4an. Horren ondorioz, Konstituzioa eta Cadizko Gorteek prestatutako lege liberal guztiak indargabetu zituen, eta erregimen absolutista ezarri zuen. Gizarte estamentala, jauntxoen erregimena eta Antzinako Erregimeneko erakundeak indarrean jarri zituen. Inkisizioa ere berrezarri zuen.
Euskal foruak erabat indarrean jarri ziren. Foru-erakundeek antzinatik zuten agintea berreskuratu zuten, eta frantsesen erregimenarekin kolaboratu zuten guztiak kanporatu zituzten.
Fernando VII.ak ez zuen herrialdearen arazo larriak konpontzeko politika eraginkorrik egin, haren kezka nagusia aginte absolutistari eustea baitzen. Independentzia Gerraren ondorioz, Antzinako Erregimenean sortutako nekazaritza-, industria- eta merkataritza-arazoak areagotu egin ziren. Gainera, ogasunak ez zuen diru-sarrera nahikorik, eta zorra gero eta handiagoa zen. Martin de Garay ministroa ogasuna bideratzen saiatu zen, baina pribilegiodunek ez zuten inola ere onartu zerga-salbuespena kenduko zien erreformarik.
Fernando VII.ak koroaren etsaien aurka —bai frantsestuen, bai liberalen aurka— martxan jarritako zapalkuntza latzak erregimenaren kontrako taldeak gero eta indartsuago bihurtu zituen. XIX. mendean zehar, militarren matxinada sistema politikoa aldatzeko borroka-eredu gisa erabili zen sarritan. Azkenean, ordea, Rafael Riego komandanteak eta Quiroga koronelak 1820an zuzendutako altxamenduak egin zuen aurrera.
Hirurteko Liberala (1820-1823)
Espainian, iraultza liberala nagusitu zen berriro ere 1820 eta 1823 urteen artean. Riegoren eta Quirogaren matxinada militarra Iberiar penintsulako beste hainbat tokitara zabaldu zen, eta Fernando VII.ak 1812ko Konstituzioa zin egin behar izan zuen, Cadizko Gorteen legedia berrezarriz.
Euskal Herrian, liberalismoa indarrean jarri zenean, foru-erregimena berriro ere bertan behera geratu zen, eta konstituzio-erregimena ezarri zen. 1821etik aurrera, batez ere nekazari-inguruetan, gobernu konstituzionalaren aurkako eta erregimen absolutistaren aldeko oposizio armatu erregezalea antolatu zen. Horretan, apaiztegiak funtsezko zeregina izan zuen.
Gorteak bildu zirenean, hainbat joera nabarmendu ziren liberalen artean:
- Asaldatuak edo erradikalak: Iraultza sakona nahi zuten, herritarren parte-hartzea sufragio unibertsalaren bidez sustatuz. Erregeari zeregin betearazlea soilik eman nahi zioten.
- Moderatuak: Erregeak erreformetan esku-hartze handiagoa izatearen aldekoak ziren eta sufragio mugatua defendatzen zuten. Moderatuek zuten gobernuan indar gehien, baina asaldatuek aginte paralelo bat antolatu zuten armadaren eta elkarte abertzaleen bidez.