Fernando VII.aren Erregealdia: Absolutismoa, Liberalismoa eta Ondorengotza Krisia

Clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,58 KB

Fernando VII.aren Erregealdia (1814-1833): Absolutismoaren eta Liberalismoaren Arteko Borroka

Fernando VII.ak zapalkuntza latzak egin zituen koroaren etsaien aurka (frantsestuak eta liberalak), eta horrek, indartsuago egin zituen hauek. Matxinada ugariren artean, Riego kapitainak eta Quiroga koronelak egindako altxamenduari esker, 1820ko martxoan, Fernando VII.ak 1812ko Konstituzioa zin egin behar izan zuen.

Hirurteko Liberala (1820-1823)

Horrela, 1820-1823 bitartean, Hirurteko Liberala izan zen. Liberalen artean, bi joera nagusitu ziren:

  • Asaldatuak (edo exaltatuak): Iraultzaile erradikalak ziren, sufragio unibertsala aldarrikatzen zutenak, eta erregeak botere betearazlea soilik izatea nahi zutenak.
  • Moderatuak: Erregeak erreforma gehiago egitearen aldekoak ziren, sufragio zentsitarioa aldarrikatzen zuten, eta erregearen botere betearazlea zabaltzearen aldekoak ziren.

Moderatuek osatzen zuten gehiengoa gobernuan, eta hauek, herritarren burujabetasuna, inprenta-askatasuna, hezkuntza-sistema eta estatu laikoa abian jarri zituzten; hau da, 1812ko Konstituzioa martxan jarri zuten. Hamarrenak murriztu, eta Inkisizioa, gizarte estamentala, Jesusen Lagundia eta foruak abolitu zituzten. Hala ere, Hego Euskal Herrian, Foru Aldundien ordez Probintzia Aldundiak jarri bazituzten ere, nobleek jarraitu zuten kontrolpean, hauteskunde-iruzurraren ondorioz.

Liberalek oposizio handia izan zuten, bai kleroaren partetik, elizaren ondasunak saltzeagatik eta estatu laikoa ezartzeagatik, bai eta noble burujabeen partetik ere, ondasunak bereizteagatik. Gainera, herritar asko ere kontra zeuden, ez zutelako uste Espainiako krisi gogorrari irtenbiderik emango ziotenik. Azkenean, Fernando VII.ak Aliantza Santuari laguntza eskatu zion, eta San Luisen Ehun Mila Semeak armadak 1823an Cadizen aurre egin zien liberalei.

Hamarraldi Gaitzesgarria (1823-1833)

1823tik 1833ra, Hamarraldi Gaitzesgarria izan zen. Absolutismoa berrezarri zen, eta Fernando VII.ak jarraitu zuen tronuan. Errestaurazio absolutistaren eraginez, liberalek zapalkuntza latzak jasan zituzten, eta hainbat iraultzaile erbesteratu egin behar izan ziren Londresera. Fernando VII.ak 1812ko Konstituzioa abolitu, eta Erregimen Zaharreko hainbat erakunde berrezarri zituen.

Krisiak eta ogasunaren zorrak, ostera, ez zuen hoberantz egiten, eta, azkenean, ez liberalak ez absolutistak ez zeuden pozik berarekin. Absolutista kontserbadoreak bere anaia Karlos Maria Isidro infantearen inguruan biltzen hasi ziren.

Ondorengotza Arazoa eta Lehen Karlistaldiaren Hasiera

Beranduago, beste arazo bat sortu zen: koroaren ondorengotza. Lege Salikoaren arabera, emakumeek ezin zuten erreinatu. Hala ere, Fernando VII.ak, Maria Kristinarekin ezkondu ondoren (1830), eta hau haurdun geratzean, Lege Salikoa indargabetzen zuen Berrespen Pragmatikoa sinatu zuen. Bere alaba Elisabet II.a jaio zenean, erregetza honi utzi nahi zion. Alde batetik, Karlos Maria Isidro infantea errege izatea aldarrikatzen zuten absolutistak zeuden (karlistak); eta, bestetik, Elisabet II.aren alde jarri ziren liberalak, Maria Kristinak hauen babesa onartu baitzuen, ez zuelako beste irtenbiderik. Horrela, Elisabet II.a adinez nagusi izan arte, Maria Kristinaren erreginaordetzako gobernuan parte hartu zuten liberalek. Fernando VII.a hil zenean, 1833an, karlistak matxinatu egin ziren Elisabet II.aren aurka, Lehen Karlistaldia hasiz.

Amerikako Kolonien Galera

Fernando VII.aren erregealdian, Espainiak Ameriketan zituen kolonia ia guztiak galdu zituen, Kuba eta Puerto Rico izan ezik.

Entradas relacionadas: