Filosofia Garaikidea: Nietzsche, Kant eta Susmoaren Maisuak
Clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 12,83 KB
Botere-nahimena eta Betiereko Itzulera
XIX. mendearen amaieran, Nietzschek morala, erlijioa eta filosofia tradizionala hankaz gora jarri zituen, genealogiaren metodoa baliatuz. Arrazionalismoaren gehiegikeria intelektualista agerian utzi nahi izan zuen. Honen aurrean, arrazoi bitalaz eta nihilismoaz mintzatzen hasten da, nihilismo aktiboaz, bereziki, zeinak botere-nahimena edo izaki ororen oinarrizko sena handitzen duen.
Botere-nahimenaren kontzeptua Schopenhauerren bizi-nahiaren ideietatik atera zuen, eta energia sortzailea zein bizi-maila hobetzeko nahimena adierazten ditu, gizakiaren izatearen funtsa izanik. Honen arabera, bizitzeak gizakiaren etengabeko hobekuntza eta gizabanakoen arteko desberdintasuna dakar. Ondorioz, Nietzschek berdintasunaren eta marxismoaren kontrako jarrera hartzen du, hau botere-nahimenaren ahultasuntzat hartzen baitu. Hala ere, botere-nahimenak ez du adierazten gainerako gizabanakoak menpean hartu behar direnik, norberaren mugak gainditu behar direla baizik.
Ezagumena eta Errealitatea
Bestalde, ezagumena botere-nahimenaren beste baliabidetzat hartzen du, gizakiak errealitatea menperatzeko erabiltzen duena. Gainera, Nietzscheren arabera, mundua etengabeko aldaketa bat da, fluxu amaigabe bat, errealitatearen parte dena eta, ondorioz, botere-nahimena baino ez dena. Aldakortasun honek egiaren aldaketa ere dakar; beraz, ez da egia absoluturik existitzen, eta Nietzschek adierazten du filosofoek kontzeptu hori beren asmoekin bat zetozen azalpenak sortzeko asmatu zutela.
Betiereko Itzulera eta Gaingizakia
Honenbestez, filosofo honek botere-nahimenak gidatutako bizitzaren beharra aldarrikatzen du, esklabuen morala bizitzaren kontra kokatuz eta berdintasunari uko eginez. Honekin batera, betiereko itzuleraren kontzeptua proposatzen du, non denbora bide ziklikotzat hartu eta errealitatea behin eta berriro errepikatzen dela adierazten duena. Beraz, ezin da ezer berririk sortu, baina botere-nahimena baliatuz, gaingizakiak bizitzaren betierekotasunari tinko helduko dio eta horrekiko maitasun-konpromiso etengabe bat adieraztea lortuko du.
Kritika Kristautasunari, Jainkoaren Heriotza eta Gaingizakia
XIX. mendearen amaieran, Nietzschek morala eta filosofia tradizionala hankaz gora jarri zituen genealogiaren metodoa baliatuz, arrazionalismoaren gehiegikeria intelektualista agerian utzi nahi izan baitzuen. Erlijioari eta kristautasunari ere kritika gogorra egin zien. Izan ere, kristautasuna “herriaren platonismoa” zela esan zuen, oinazea eta heriotza justifikatzen dituena erruaren bitartez, eta bizitzaren aldeko guztia (instintua, gorputza…) bekatu gisa hartzen duena.
Kristautasunaren Balioak eta Artaldea
Nietzscheren esanetan, kristautasunaren balioak artaldean nagusitzen dira: obedientzia, umiltasuna eta sakrifizioa. Horren kausa Platonen ideien mundua izan zen, espiritu ahulek bizitzari aurre egiteko gai ez zirelako asmatua.
Jainkoaren Heriotza eta Nihilismoa
Ondorioz, Mendebaldeko kulturak (moralak, erlijioak…) gizakia ahuldu eta artalde bihurtu zuen. Hala ere, balio unibertsal horien indarra galtzen joan da, Mendebaldeko gizakia federik gabe utziz. Beraz, gizakiak Jainkoa hil duela adierazten du Nietzschek, zentzu transzendente oro hil dela, hau da, Mendebaldeko kulturari kritika erradikal bat egiten dio.
Nihilismoa eta Gaingizakiaren Sorrera
Heriotza honen aurrean, artaldea noraezean gelditzen dela defendatzen du, bizitzaren zentzua galdu baitu. Honi nihilismoa deitzen dio eta bi ondorio eragiten dituela azaldu zuen. Alde batetik, ondorio negatiboa dago: idealismoaren desagerpenarekin gizakiak jasaten duen desorientazioa, bizitzeko gogo falta eta botere-nahimenaren jaitsiera. Bestetik, ondorio positiboa dago, hots, gizakiak egoera hori onartu, sormena garatu eta botere-nahimena erabiliz balio eta gizateria berria (gaingizakia) sortzea, balioen transmutazioa eta izpirituaren metamorfosia, alegia. Horretarako, izpirituak:
- gamelu (esklabuen morala) izatetik
- lehoi (nihilismoa) izatera igaro behar du dragoiarekin (kulturaren balioak) borrokatzeko, eta, ondoren,
- ume (balio berriak) bilakatzeko.
Umeak gaingizakia izatea adierazten ez duen arren, bizitzaz gozatzeko, jolasteko eta mundu berri bat eraikitzeko grina erakusten du.
Kant eta Ilustrazioa: Sapere Aude
Ilustrazioa XVIII. mendeko mugimendu suspertzaile eta berritzailea da. Argien Mendea bezala ere ezaguna da, arrazoiaren argia giza jardueretara eraman nahi izateagatik, ilunpetik edo ezjakintasunetik ateratzeko. Mugimendu honek gizabanakoen ahalmen kritikoaren defentsa egiten du. Kantek eragin berezia izan zuen Ilustrazioan, izan ere, norberaren adimenaz baliatzeko eskaera luzatu zuen, Sapere Aude edota “ausart zaitez pentsatzera” leloaren bidez.
Autonomia eta Adingabetasunaren Amaiera
Kanten ustez, gizakia beste izakietatik bereizten duen ezaugarri nagusia autonomia da, hau da, erabaki pertsonalak hartzeko gaitasuna. Autonomia horrek adingabetasunaren amaiera eta heldutasunaren hasiera dakar, hots, gizakia bere kabuz pentsatzen hasi, irizpide pertsonalak garatu eta bere buruaren jabe izatearen hasiera. Autonomia izateak horretaz gain beste gauza bat esan nahi du: heteronomia atzean utzi dela, izan ere, besteei jarraitu eta iritzi horiek modu akritikoan barneratzeari uko egiten zaio. Gainera, Kantek defendatzen zuen Ilustrazioaren bidean aurrera egin ahal izateko tutoreengandik askatu behar dela gizabanakoa, bide zail bat igaroz, zeinak kanpo eta barneko oztopoak dituen, hala nola koldarkeria, erosotasuna eta tutoreen inposizioak. Zailtasun hori da gizabanakoak heteronomia “bigarren naturatzat” hartzearen arrazoia.
Aurreiritziak eta Askatasuna
Kantek esaten zuen aurreiritzien zabalkundea oso kaltegarria dela. Herria askatasunerako bidera bultzatzean, baliteke aurreiritziez elikatuta edota preso dauden horiek ezin ilustratzea eta, ondorioz, haien egoera orokortu eta gainontzeko guztiak lokarrietara edota ilustrazio ezara bultzatzea. Gainera, Kant Frantziako Iraultzan emandako herri matxinaden jakinaren gainean zegoen, eta honek esaten zuen zilegizkoa iruditzen zitzaiola proposatzen den lege egitura eta nahimen orokorragoarengatik, baina, aldi berean, haren arriskuak islatzen zituen, hots, tiranoarekin amaitu arren pentsaeran aldaketa eza, aurreiritzi berriak sortuz.
Arrazionalismoa eta Enpirismoa Kanten Pentsamenduan
Ilustrazioa XVIII. mendeko mugimendu suspertzaile eta berritzailea da. Argien Mendea bezala ere ezaguna da, arrazoiaren argia giza jardueretara eraman nahi izateagatik, ilunpetik edo ezjakintasunetik ateratzeko. Honen oinarrian bi joera filosofiko topa ditzakegu, arrazionalismoa eta enpirismoa, zeinak ikertu gabe ezinezkoa den Argien Mendea ulertzea. Biek ezagutzaren prozesuan subjektuaren papera ikertu zuten, ezagutzaren aukera eta mugekin.
Arrazionalismoa vs. Enpirismoa
Kanten esanetan, Hume filosofo enpiristak esnatu zuen amets dogmatikotik, hots, enpirismoa ezagutzan atera zuen arrazionalismotik. Arrazionalistek lehentasuna ematen diete ezagutza arrazionalari, hau da, zentzumenezkoaren gainetik dagoen horri. Horien muina arrazoiaren buruaskitasuna ezagutza iturri gisa da. Enpiristek, berriz, ezagutzaren iturritzat zentzumenak jotzen dituzte, esperientzia, zeinaren bidez zientziaren oinarri eta printzipioak jasotzen diren, ezagutzaren unibertsaltasuna zalantzan jarriz.
Kanten Sintesia: Iraultza Kopernikarra
Kantek bi eskola hauek, arrazionalismoa eta enpirismoa, alegia, uztartu egiten ditu. Honek esan zuen ezagutza oro ez datorrela zentzumenen esperientziatik (arrazionalismoa), baina esperientziarik gabe ez dagoela ezagutzarik (enpirismoa), hau da, badugu zerbait berezkoa, baina esperientzia beharrezkoa dugu zientzia ezagutu ahal izateko, zientziaren unibertsaltasuna eta esperientzia salbatuz, aldi berean.
Filosofo honek azaltzen du subjektuak objektutik eskuratutako datuak antolatu, moldatu, ordenatu... egiten dituela bere formara, hau da, a priori formara. A priori formak bi baldintza ditu: kategoriak eta sentsibilitatea, zeinaren barnean denbora eta espazioa bereizten diren. Beraz, ezagutza ez da ariketa pasiboa soilik, gizakiak ez baitu mundua bere horretan ezagutzen (noumenoa), baizik eta berarentzako dena ezagutzen du (fenomenoa). Honi, “iraultza kopernikarra” deitzen zaio, subjektuaren gainean ezartzeagatik fokoa. Laburbilduz, arrazionalismo eta enpirismoaren uztarketa hau “Edukia gabeko pentsamenduak hutsak dira; kontzepturik gabeko intuizioak itsuak dira” esaldian jasotzen da.
Kritika Mendebaldeko Zibilizazioari eta Bitalismoa
XIX. mendearen amaieran, Nietzschek morala, erlijioa eta filosofia tradizionala hankaz gora jartzen ditu, genealogiaren metodoa baliatuz, arrazionalismoaren gehiegikeria intelektualista agerian utzi nahian. Metodo honek Mendebaldeko kultura aztertu eta azpiko instintuak ateratzen ditu “mailukadak emanez”, hau da, kritika gogorra eginez. Izan ere, Mendebaldeko kulturak gizakia okerbidetu duela adierazten du Nietzschek, elementu dionisiarra albo batera utzi baitu.
Kritika Zientzia, Metafisika eta Erlijioari
Gainera, zientzia, metafisika, hizkuntza, morala eta, batez ere, erlijioari leporatzen dio gizakiaren bizitza pozoitua egotea, kristau gizakiak bere buruari uko egin baitio. Horregatik, bizia goraipatzen du eta gizakiak bere horretan, hau da, oinarrizko sen eta instintuetan aurkitu behar duela bere bizitzaren helburua adierazten du, kultura dogmatikoetatik ihes eginez.
Moral Motak eta Bitalismoa
Moralari dagokionez, bi mota bereizten ditu: esklabuen morala, herri xume eta espiritu ahulena, eta jaunen morala, hau da, autoafirmazioarena eta botere-nahimenari fidela dena. Bestetik, metafisikaren gaineko kritika egiten du, mundu metafisikoaren planteamendua bizitzari uko egitea dela esanez eta kristautasuna “herriaren platonismoa” dela adieraziz, Jainkoa bizitzaren antinomia baita. Azkenik, Nietzschek adierazten du hizkuntzak ez duela errealitate objektiboa erakusten eta zientziaren erregulartasunak bizitzaren esanahi sakona ulertzea ezinezkoa egiten duela.
Ondorioz, filosofo honek bitalismoa proposatzen du, interpretazioaren pluraltasuna eta guztiak balio berekoak izatea, alegia. Gainera, bizitzak bere baitan du balioa eta honen atal guztien, apolinearra (zati arrazionala) zein dionisiakoa (irrazionala) arteko oreka bezala ulertu behar da. Horien arabera bizitzea lortzen duen gizakia gaingizakia izango da, hau da, gizateria berria, zeina inmoralista izango den, esklabuen moraletik urruntzen baita.
XX. Mendeko Pentsamenduaren Oinarriak: Susmoaren Maisuak
XX. mendeko pentsamenduan hiru filosofo nagusik izan zuten eragin nabarmena, Susmoaren Maisuak ere deitzen direnak: Marx, Nietzsche eta Freud. Izan ere, hauek gizarteari buruzko ikuspegi kritikoa garatu zuten eta arrazionalismoa ezbaian jarri zuten.
Marx: Egitura Ekonomikoa eta Iraultza
Marxen esanetan, gizartearen egitura ekonomiak determinatzen du, giza historia arlo honetan ezarritako legeen ondorio izanik. Are gehiago, gizarteak duen ideologia politiko eta juridikoa klase nagusien mende daudela salatzen du. Beraz, artea, filosofia, erlijioa eta abar azpiegitura ekonomikoaren ondorio izanik, egitura hori aldatzea beharrezkotzat dauka gainerako arloetan aldaketak gerta daitezen. Horretarako, iraultza bat aldarrikatzen du eta, gizarte komunista xede duenez, iraultza hori proletalgoak kapitalisten aurka egin beharko lukeela adierazten du.
Nietzsche: Kristautasunaren Kritika
Nietzscheri dagokionez, filosofo honek gizadia oker ibili izanaren errua kristautasunari leporatzen dio, gizarte modernoaren moralari kritika gogorra eginez. Izan ere, kristau morala biziaren kontrako jarrera dela sinesten du. Gainera, arrazoimenaren nagusitasuna ezbaian jartzen du, Platonetik hasi eta gizarteak une horretaraino egindako bidea gogor kritikatuz. Bestalde, marxismoa arbuiatzen du gizarte komunistarekin batera, berdintasun hori bizitzaren aurkako morala dela uste baitu, artaldearen erresuminak bultzatua.
Freud: Inkontzientea eta Bulkada Irrazionalak
Freudek giza adimenaren egitura aztertu zuen, giza jokabidearen arrazionaltasuna zalantzan jarriz. Bere esanetan, arrazoimenak ez du kontrolatzen norberaren jokabidea, bakoitzaren barnean dauden bulkada irrazionalek baizik; hauek bizi-bulkada/sexu-grina (Eros) eta heriotz-bulkada (Thanatos) dira.
Darwin: Ikuspegi Eboluzionista
Susmoaren Maisua ez bada ere, Darwinek gizakiari buruzko ikuspuntua aldatu zuen ikuspegi materialista eta eboluzionista proposatu zuenean, eta gizakia kreazioaren gailurra izatearen ideia ezeztatu zuenean.