Filosofia Modernoa: Errenazimendua, Arrazionalismoa, Enpirismoa eta Kant

Clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 17,06 KB

Errenazimendua (XIV-XVI) eta Zientzia Iraultza (XVI-XVIII)

Berpizkundea garai erabakigarritzat jotzen da gizartearen historian, pentsamoldean eta kulturan aldaketa ekarri baitzuen. Errenazimenduaren hasieraren une historikoa Konstantinopla, Erromatar Inperioaren hiriburua, turkiarren menpe erori zenean hasi zen (1453). Errenazimenduan, antzinako kultura greko-erromatarrarekiko eta ideia humanistekiko interesa berpiztu zen, eta horrek pentsamendu- eta ezagutza-modu berrietara irekitzea ekarri zuen. Gainera, Errenazimendua arte eta arkitekturan ere sormen handiko garaia izan zen.

Errenazimenduaren beste eragileak: Bolboraren eta gerrarako beste asmakuntzek monarkia absolutuen etorrera erraztu zuten. Erregeak nobleziaren aurka burgesia boteretsuarekin elkartu ziren, eta horrek estatu modernoa ekarri zuen, bere administrazio, zerga bilketa eta armada indartsuarekin. Humanismoak gizakia unibertsoaren erdigunean kokatzen du; ikuspegi antropozentristak eta indibidualistak ikuspegi teozentrista eta elizarekikoak ordezkatu zituzten. Filosofian, artean, zientzian, politikan eta fedean (Erreforma) gizakiak du lehentasuna, ez Jainkoak. Amerikaren aurkikuntzak (1492) munduaren mugak izugarri zabaldu zituen, eta handik ekarritako elikagai berriek (artoa, tabakoa, patata…) biztanleriaren hazkuntza ekarri zuten.

Errenazimenduan, filosofiak eta zientziak berebiziko garrantzia izan zuten. Berpizkundeko filosofoek, hala nola Petrarca, Makiavelo eta Montaigne, Elizaren autoritateari eta ideia tradizionalei aurre egin zieten, eta pentsamendu kritikoa eta askatasuna sustatu zituzten.

Bestalde, zientziak ere aurrerapen handia izan zuen Errenazimenduan. Gainera, arrazoimena eta zientzia eguneroko bizitzan aplikatzeak ere eragin nabarmena izan zuen gizartean eta kulturan. Naturaren fenomenoak ulergarri eta neurgarriak dira. Zientzialari ezagunenak: Koperniko, Kepler, Galileo, Newton eta F. Bacon. Filosofiak eta zientziak zeregin garrantzitsua izan zuten Errenazimenduan, eta Ilustraziorako eta Aro Modernorako oinarriak ezarri zituzten.

Arrazionalismoaren Ezaugarri Orokorrak (XVII-XVIII): Descartes

Arrazionalismoa: Konfiantza arrazoian eta matematikan, ezagutza-iturri gisa. Egia unibertsal eta aldaezinen existentzian sinestea (Descartesek esan bezala: “Pentsatzen dut, beraz banaiz”). Ezagutza sentikorra ezagutza-iturri bakartzat baztertzea. Pentsamendu-korronte honek azpimarratzen du ezagutza erabat unibertsala, beharrezkoa, argia, nabaria eta zehatza abstrakzio arrazional eta dedukzio logikotik lor daitekeela (ordezkari nagusiak: Descartes, Spinoza eta Leibniz). Arrazionalismoa kontinentean garatu zen bereziki.

René Descartes

Arrazionalismo modernoaren sortzailea. Bere zalantzaren metodoaren bidez, ordura arte ikusi, ikasi eta pentsatutako guztia zalantzan jarri zuen, Zientzia Berriaren oinarri erabat ziurrak bilatze aldera. “Zalantza egiten dut, neure existentziaz izan ezik” esaldiarekin, ziurtasun osoz jakin zuen existitzen zela. Gorputza eta arima substantzia bananduak dira. Unibertsoa Jainkoak sortutako mekanismo handi bat da. Mekanismo hori matematikaren bidez neur daiteke. Descartesek Ilustraziorako eta Aro Modernorako oinarriak ezartzen lagundu zuen.

Enpirismoa: Locke, Berkeley, Hume (XVII-XVIII)

Enpirismoaren ezaugarri orokorrak

Enpirismoaren jatorria ingelesa da, Lockeren aurretik ere beste batzuek landutakoa delako. Ikuspuntua arrazionalismoaren alderantzizkoa da: zentzumenezko esperientzia da ezagutza-iturri nagusia, a posteriori-koa, beraz. Ez dago ezagutzarik zentzumenezko esperientziarik gabe. Arrazionalisten aurrean, enpiristak eszeptikoagoak dira. Enpirismoan behaketan eta esperientzian jartzen da enfasia, ezagutza eskuratzeko orduan. Subjektua “tabula rasa” edo ezer ere idatzirik ez duen orri zuria bezalakoa da; beraz, ideiak esperientzia sentikorretik eraikitakoak dira.

John Locke

Ingalaterrako enpirismoaren sortzailea da. “Tabula rasa” ezagutzaren teoria garatu zuen, giza adimena jaiotzean orri zuri bat dela eta ezagutza oro esperientziatik datorrela baieztatzen duena. “Ezer ez dago adimenean zentzumenetik pasatu ez denik”. Ideien jatorria esperientzia sentikorrean dago, eta bi motatakoak dira: kanpokoak eta barnekoak. Lockeren ustez, gizakiok errealitatean dauden objektu materialak hautemandako ideiekin “irudiak” egiten ditugula defendatu zuen, margolari batek koadro bat marrazten duenean bezala.

George Berkeley

Filosofo eta erlijio-gizon irlandarra, idealismo erradikalaren defendatzailea. Lockeren teoria kritikatu zuen, ideiak errealitatearen errepresentazioak direla esatea kontraesankorra dela esanez. Berkeleyrentzat soilik existitzen dira gogamenak eta ideiak, ez gauza materialak. Dakiguna pertzepzioa dela zioen; gauzak ez dira existitzen pentsamendutik kanpo. Jainkoa da hautemandako edukien egiazkotasunaren bermea. Jainkoaren existentzian sinesten zuen, pertzepzio guztien iturri eta berme gisa.

David Hume

Filosofo eskoziarra eta XVIII. mendeko pentsalari garrantzitsuena. Ezagutza esperientzia sentikorretik datorrela eta egia absolutu eta aldaezinik ez dagoela zioen. Bi hautemate mota daude: inpresioak eta ideiak. Zientziari dagokionez, kausalitatearen objektibotasuna kritikatu zuen; gertaera bat bestearen atzean etortzeak ez baitu betirako ziurtatzen lotura hori, gertaerak ziurrak baino probableagoak dira. Eszeptizismo erradikala onartu behar da. Bere ideiek XX. mendeko pentsamendu positibistan eta filosofian eragina izan zuten.

Ilustrazioa (XVIII)

Ilustrazioa: XVIII. mendeko mugimendu kultural eta filosofikoa da, Ingalaterran sortu eta handik Europa osora zabaldu zena, Frantziako Iraultzarekin (1789) amaitu zena. Argien Mendea ere deitua. Arrazoimen kritikoan, zientzian eta askatasunean jartzen du indarra, autoritatearen, tradizioaren eta Errebelazioaren iluntasunaren aurka. Giza hobekuntzan eta gizarte-aurrerapenean sinesten zuten. Ezagutzaren eta literaturaren gorakada handia gertatu zen, entziklopediak, egunkariak eta denetariko liburuak argitaratu zirelako. Denentzako hezkuntza sustatu zen, emakumeentzat izan ezik.

Ilustrazioa XVIII. mendean Europan gertatu zen mugimendu kultural eta filosofikoa da, eta arrazoiarekiko eta zientziarekiko fedea izan zuen ezaugarri nagusi. Ideia berriak akademietan zabaldu ziren negozio-gizon, bidaiari, artisau eta merkatarien artean, unibertsitateak Inkisizioak hartuta baitzeuden oraindik. Denetarik hitz egiten zen askatasun osoz kafetegietan, tertulietan, klubetan… Deismoaren eskutik, Jainkoaren ideia zabaldu zen; jada inolako erlijiorik ez zuen lehentasunik, eta tolerantzia giroa zabaldu zen. Ilustrazioko filosofoek uste zuten arrazoia, zientzia eta norbanakoaren askatasuna funtsezko balioak zirela giza aurrerapenerako. Ilustrazioa funtsezkoa izan zen filosofiaren eta zientziaren historiarako.

Eremu filosofikoan, ordezkari nagusiek (Voltaire, Montesquieu, Rousseau, Kant…) kanpoko gidaritzatik arrazoiaren autonomia ezarri zuten:

  • Arrazoi enpirikoa eta analitikoa
  • Arrazoi kritikoa
  • Arrazoi autonomoa
  • Naturala dena ona da, eta gizakiaren betebeharra da lege naturalak ezagutu eta bere bizitza hobetzeko baliatzea.
  • Askatasuna eta tolerantzia pentsatzeko, sinesteko eta ideiak adierazteko.
  • Aurrerapenaren ideian konfiantza osoa.

Emakumea Ilustrazioan: "Argiaren" itzaltzea

Ilustrazioan, emakumearen figura deserosoa bihurtu zen, gizartean paper aktiboagoa aldarrikatzearekin batera. Mary Wollstonecraft eta Olympe de Gouges, adibidez, emakumeen eskubideen defendatzaile garrantzitsuak izan ziren garai hartan.

  • Mary Wollstonecraftek “Emakumearen eskubideen defentsa” (1792) idatzi zuen.
  • Olympe de Gougesek, bere aldetik, “Emakumearen eta Herritarraren Eskubideen Adierazpena” idatzi zuen 1791n, Frantziako Iraultzan.

Bi emakumeak aitzindariak izan ziren emakumeen eskubideen aldeko borrokan, eta haien ideiek eragin nabarmena izan zuten Ingalaterrako mugimendu sufragistan.

Kant eta Ilustrazioa: Sapere Aude

  • Sapere aude latindar esamoldea “ausart zaitez pentsatzera” esaldiaz itzul daiteke. Ilustrazioaren helburua, Kantentzat, gizateria bere erruzko adingabetasunetik irtetea da. Adingabetasuna besteren gidaritzarik gabe norberaren adimenaz baliatzeko ezintasuna da.
  • Ilustrazioaren leloa Kantek eman zuen ezagutzera “Zer da Ilustrazioa?” galderari erantzuna idazlanean. Edonola ere, Horazio poetak erabili zuen lehenbizikoz, K.a. I. mendean. Kanten iritziz, adingabetasuna besteen gidaritzaren menpe bizitzea da, baina norberaren erruz: koldarkeriaren eta alferkeriaren ondorioz.
  • Ilustrazioak gizakia bultzatzen du bere arrazoimenaz baliaturik adingabetasuna gainditzera. Adingabetasuna tutoreen gidaritzarik gabe aritzeko ezintasuna da, baina hori ez da beti gertatzen alferkeriagatik edota koldarkeriagatik. Tutoreek abere otzan eta pasibo bihurtu dute gizakia historian zehar, arrazoiaren erabilera askea zapalduz. Arrazoiaren garapen autonomoa eragozten dutenak, alde batetik, aurreiritziak, tradizioak, autoritateak, superstizioak eta dogmatismoak dira, eta bestetik, gizakiaren alferkeria eta koldarkeria.
  • Behin autonomiaren heldutasun mailara iritsita, gizabanakoa bere buruaren jabe da, bere adimenaz baliatzeko gaitasuna du eta bere kabuz pentsatzera ausartzen da. Sapere aude, pentsamendu askea da. “Sapere aude!” dio Kantek, eta horrela ere itzul liteke: “Ausart zaitez zure adimenaz baliatzera!”.

Kant eta Ilustrazioa: Arrazoiaren Erabilera Publikoa eta Pribatua

Kantek, Ilustrazioko pentsaerarekin bat eginik, arrazoimena nola erabili beharko genukeen azaldu zuen. Zenbait idazlanetan, pentsamendu-askatasuna sutsuki defendatuz, arrazoiaren erabilera publikoa eta pribatua bereizten ditu.

Arrazoimenaren erabilera publikoa

Arrazoimenaren erabilera librea, tutore eta gidaritzatik librea da. Pentsatzeko eta adierazteko askatasuna da. Bizitza publikoan aldatu eta hobetu daitekeen edozein lege edo sineskera kritikatzeko askatasuna izatea da.

Arrazoimenaren erabilera pribatua

Hiritar bakoitzari dagokion eginkizun soziala betetzea da, kargu publikoek eta eginbehar sozialek eskatzen dutena obeditu egin behar baita lehenago. Hori ezinbestekoa da ordena soziala, legeekiko errespetua eta interes publikoaren alde egiteko.

Hona hemen azalpen horretarako erabiltzen dituen adibideetako bi:

  • Armadako ofizialak bete egin behar du beti gainetik datorkion agindua (arrazoimenaren erabilera pribatua). Nolanahi ere, aditu den heinean, aginduak jendaurrean kritika ditzake eta hobekuntzak proposatu (arrazoimenaren erabilera publikoa).
  • Apaizak mezan bete egin behar du Elizak agindutakoa (pribatua). Ordea, eskubidea du sinesmen horren akatsak publikoki ezagutarazteko, edo erlijioa eta eliza hobetzeko bere proposamenen berri jendaurrean emateko (publikoa).
  • Hiritarrak ezin diezaioke uko egin zergak ordaintzeari (erabilera pribatua). Hala ere, aditu gisa, zerga horiek antolatzeko bide desberdinak erakuts ditzake, bidezkoagoak (erabilera publikoa).

Legeak edo arauak bete nahi ezean, armada, apaizgoa edo gizartea uztea da aukera bakarra. Kantek dioenez, arrazoiaren erabilera pribatuan ez baitago askatasunik.

Kant eta Ilustrazioa: Autonomia Morala. Caesar non est supra gramaticos

Kantek Ilustrazioa zer den azaltzean, pertsonak moralki autonomoak bihurtu behar garela defendatu zuen. Bizitzan nola jokatu behar dugun aztertu zuen “Arrazoi Praktikoaren Kritika” liburuan. Gizakiontzat jaiotzetikoa eta unibertsala da zer dagoen ongi eta zer gaizki bereizteko behar dugun kontzientzia morala. Kontzientzia edo agindu moral hori ez da Kantentzat heteronomoa (beste batek ezarritakoa), autonomoa baizik.

Agindu moral horri inperatibo kategorikoa deitu zion. Inperatibo hitzak adierazi nahi du beharrezkoa dela, eta kategoriko hitzak adierazi nahi du baldintzarik gabea dela.

Ez dago lege formarekin balio unibertsala duen agindu moralik, ezin delako arau konkreturik ezarri; hala ere, agindu moral bat aurkitzen du: inperatibo kategorikoa da gizakiari bere baitatik inposatzen zaion agindu morala. Bi atal ditu:

  • Jokatu zure ekintza lege unibertsal bihur dadin nahi bazenu bezala (jokatu besteekin besteak zurekin jokatzea nahiko zenukeen bezala).
  • Jokatu besteak helburu eta ez bitarteko bezala hartuz (besteak ez dira gauzak edo bitartekoak, berez dira helburu).

Agindu moral honek erlatibismo etikoa gainditzen du. Ondorioz: Caesar non est supra gramaticos esaldia egokia da autonomia morala azaltzeko.

Caesar non est supra gramaticos esaldian adierazten dena da gizakiok gure autonomia moralarekin gure gramatika edo arauen multzoa ezar dezakegula, eta autoritateak (Zesarrek) berak ere ezin duela inposatu, mugatu ezta kontrolatu pentsatzeko era hori.

Arrazionalismoa eta Enpirismoa Kantengan

Kanten aurretik, XVII. eta XVIII. mendeetan, epistemologiak bi taldetan banatzen zituen filosofoak: arrazionalistak eta enpiristak.

  • Arrazionalistentzat, ezagutza guztiak adimenetik eratortzen dira, eta jaiotzetikoak dira.
  • Enpiristentzat, berriz, ezagutza esperientziatik eratortzen da; adimena, zentzumenen datuak jaso baino lehen.
  • Kantek arrazionalismoa eta enpirismoa gainditzen ditu bere “Arrazoi Teorikoaren Kritika” liburuan, “kritizismo” deitzen den jarrera filosofikoarekin, bakoitzetik alde positiboena hartuz. Bere iritziz, egia bada ere gure ezagutza guztiek esperientzia dutela abiapuntu, denak ez dira esperientziatik hutsetik eraikitzen.

Horregatik ohartzen da ezagutzarako esperientzia, a posteriori-ko ezagutza, eta esperientziaren aurretik dauden a prioriak ezinbestekoak direla. A priorikoak diren ezagutzeko molde horiek hiru eratan daude antolatuta arrazoimenean:

  1. Sentsibilitatea, pasiboa da.
  2. Ulermena, aktiboa da.
  3. Arrazoimenak moralaren ideia erregulatzaileak ditu: arima, unibertsoa eta Jainkoa.

Errealitatea edo noumenoa existitzen da, baina ikusten, ulertzen eta ezagutzen duguna, aurreko hiru moldeen araberako emaitza da, hots, fenomenoa. Kanten aurretiko filosofoentzat ezagutza pasiboa zen; Kanten ondoren, ezagutza prozesu aktiboagoa da. Ondorioak dira:

  • Jada ez dago elkarrekikotasun automatikorik ideia eta munduaren artean.
  • Ezagutza ez da pasiboa, norberak interpretatzen du gertaturikoa.
  • Noumenoa eta fenomenoa kontrajarrita daude.
  • Metafisikaren edukiak arrazoi teorikoaren bidez ezagutezinak badira ere, ezin ditugu baztertu.

Kanten pentsamenduan bi aro bereiz daitezke:

  • Aro prekritikoa
  • Aro kritikoa

Kanten Kritizismoa: Planteamendu Orokorra

Kanten galdera nagusia “Zer da gizakia?” da. Galdera horri erantzuteko, beste hiru galdera filosofiko planteatzen eta erantzuten ditu: Zer ezagut dezaket? Zer egin behar dut? Eta zer itxaron dezaket?

Zer ezagut dezaket?

Galdera hori giza ezagutzaren natura, gaitasun eta mugekin lotu daiteke. Azterketa honetan, Kantek hiru ezagutza-ahalmen bereizten ditu: sentsibilitatea, adimena eta arrazoimena. Sentsibilitatea pasiboa da, eta inpresioak jaso besterik ez du egiten. Adimena aktiboa da eta kategoriak sortzen ditu espontaneoki. Arrazoimena da hirugarrena; arrazoimenak hiru ideia erregulatzaile ezagutzen ditu: Arima, Mundua eta Jainkoa. Hiru ideia erregulatzaile horien funtzioa arrazoia lanean jartzea da.

Zer egin behar dut?

Kantek arazo etikoa planteatzen du “Arrazoi Praktikoaren Kritika” idazlanean. Arrazoi praktikoa ez da espekulatzailea, ekintzara bideratuta baitago. Kantek agindu hipotetikoen eta agindu kategorikoen artean bereizten du. Agindu hipotetikoek esaten digute helburu bat lortzeko zer egin behar dugun (adibidez, zoriontsu izan nahi baduzu, egin hau edo bestea…). Kantek aginduak kategorikoak (hots, baldintzarik gabeak) izan behar direla defendatzen du. Agindu kategorikoen arabera, nire ekintzak jokabide-eredu unibertsaltzat hartuak izateko moduan jokatu behar dut beti.

Zer itxaron dezaket?

Galdera honi erlijioaren bidez erantzuten dio, erlijio naturaletik (Deismoa) interpretatuz. Erlijio naturalaren alde agertzen da, hor ikusten baitu bere garaiko erlijioen arteko gatazkaren irtenbidea. Egin beharrekoa egiten badut, Jainkoak nire bertutearen trukean zoriontasuna emateko eskubidea izango dut. Kantek kristautasuna aztertu ondoren, kristautasuna erlijio naturaltzat hartzeko baldintzak betetzen dituela uste du. Eta kristautasuna aztertuz, hau ondorioztatzen du:

  • Gizakiaren joera kontraesankorra dela eta kristautasunaren zeregina gizakia bere burua maitatzetik lege morala betetzera bideratzea dela.
  • Jesu Kristo gizaki moralaren eredu dela. Harengan fedea izateak lege morala betetzera bultzatzen du gizakia.
  • Eliza dela Estatu etikoa.

Entradas relacionadas: